Laburpena: Nahiz eta José Agustin Arbillagaren juteraren edo zaku fabrikaren iharduera aukeratutako lau arloekin zuzenean bat ez datorren, interesgarria iruditu zaigu zementugintzaren arloan sartzea, zaku hornitzaile bezala sektore honekin daukan harreman zuzenagatik eta Zumaiako hiribilduaren inguruan kokatu zen maila bateko lehen lantegia izan zelako. 1899an jarri ziren instalazioak martxan eta 1919ra arte mantendu zuen ehungintza produkzioa, 1921ean Mutrikura aldatu zen arte. Urte horiek baino lehenago nahiz geroago, juteraren eraikinak eta tailerrak, neurri batean edo ia osotasunean, beste enpresa batzuk alokatu zituzten.

Historia:

1889. urtean, Paoleko bideko lanak egin ondoren, otsailaren 13ko errege dekretuaren bitartez, itsasoari kendutako hezeguneak Udalari eman zizkion Estatuak, betetzeko baldintzarekin.

Hezegune horietako bat Iturtxo-Ondartxo izenekoa zen, Zumaiako portuaren bukaeran ontziak egiteko eta konpontzeko erabilitako hondartza izan zena. 1896an, Iturtxo-Ondartxo osatzen zuen 5.967 metro koadroko lur sail zabala saltzeko edo emateko baimena eman zion Estatuak Zumaiako Udalari. Horren ondorioz, Jose Agustin Arbillagakzelaya-eta-arbillaga urte berean baimena eskatu zion udalari hezegunetako lur sailaren zati batean jute fabrika jartzeko. Nahiz eta hasiera batean terrenoa emateko baldintzak udalbatzak onartu zituen, 1896ko abuztuaren 28ko bileran berriro negoziatu behar izan zituzten, Arbillagak atzera egin zuelako. Azkenik, hiru egun geroago, lortu zuten behin betiko onarpena Arbillagari 2.856 m2ko lursaila saltzeko, m2ko 0,25 pezetan “Ondartxo deitzen zaion lekuan, jute-fabrika bat, eta biltegiak, bulegoak. e.a. bezalako beste sail batzuk kokatzeko.”

Jabegoa emateko eta lurzoruari industria-erabilera emateko eskubidea lortzeko izapideak egin ondoren, Arbillagari jute fabrika eraikitzeko baimena ematea 1897ko abuztuaren 19ko udalbatzaren bileran onartu zen. Eraikinak, garaiko eraikin industrialetan erabiltzen ziren irizpideak jarraituaz egin ziren. Lantegia eraikitzeko lanak 1898an amaitu eta 1899an martxan hasi zela uste dugu, ur-horniketa baimena eman zitzaionean. Batez beste, mota guztietako 60 langileri lana emateko aurreikuspena zegoen. Hala ere, eraikitze lanak bukatu aurretik, Parolerako bidea egiteko Arbillagak lagatako lurren truke, Ondartxon beste baliokide batzuk emateko eskaera egin zion Udalari, jute fabrika handitzeko.

1902. urtean Jose Agustin Arbillagak zaku fabrika Pedro Perez Otegi Zarauzko industria gizonari alokatu zion. Honek, ehun, irundako eta txirikorden fabrikazioa gehiago bultzatzeko helburuarekin, beste kide batzuekin batera , 1902ko abuztuaren 19an, P. Pérez Otegui y Cía., elkartea sortu zuen. Egoitza Zumaian zuen eta beraiekin hitzartu zuen, beste gai batzuen artean: “Merkataritza-sozietate kolektibo bat eratzea, oinarri eta baldintza hauetan: Pedro Pérez Oteguik, sozietate berria eratzeko, gainerakoekin banatzen ditu L. Larrumbide y Compañía sucesores de Gracián Alberdiarbillaga-muelle-zubiaurre-eta-yutera-arbillaga-000w e Hijo (Zarauzkoa) eta José Agustín Arbillagarekin egindako alokairu-kontratuen eskubideak eta betebeharrak.” Azpimarratzekoa da bazkideetako batzuk zementugintzarekin zituzten lotuerak. Pérez Oteguiri, Estanislao Echaveri eta Pedro Olaizolari egokitu zitzaizkien administraritza eta enpresaren sinadura.

Errentamendurako adostutako epea 30 urteko zen, lehenengo urtearen barruan errentariak kontratua eteteko aukerarekin, 20.000 pezetakoa zelarik errentamenduaren prezioa lehenengo urterako eta 25.000 pezetako gainontzeko urtetarako.

Baina, elkarte honen bizitza laburra izan zen Arbillagaren instalazioetan, eta lehenengo urtea bete baino lehen, 1903ko uztailaren 24an, deuseztatu bai zuten fabrikaren errentamendu kontratua.

Ondoren, Arbillagak zakugintzari berriro ekin zion 1919an hil zen arte. Gero, 1921an bere oinordekoek Mutrikura aldatu zuten jarduera, eta Zumaiako azpiegiturak Balenciaga S.A. enpresa berriari alokatu zizkioten, nahiz eta aldez aurretik, 1919an, Balenciaga y Compañía-ri zati bat alokatu zioten. Arbillagaren ondorengoak Balenciaga, S.A. delako enpresa berriaren akziodunak zirela kontuan hartu behar dugu.arbillaga-2000_pabiloia-errausteko-espedientea-10

Balenciagak Arbillagaren ia pabilioi guztiak erabili zituen galdara eta lurrun makinak, motorrak eta itsasontziak egiteko. Baina urteetan zehar Santio inguruko ontziolara aldatu zuen bere jarduera, 1995an, behin betiko utzi zituen arte jute edo zaku fabrika zaharreko eraikinak. Geroztik, hondatze prozesu batean sartu ziren horiek.

Aipagarria da Gerra Zibilaren garaian José Agustin Arbillagaren oinordekoek, lehengo jute-fabrikako bulegoetan mantentzen zuten artxiboko 1.100 kilo baino gehiago dokumentu konfiskatuak izan zirela, “Ondasunak Konfiskatzeko Batzorde Probintziala” (Comisión Provincial de Incautación de Bienes) delakoaren aginduz, eta Zumaiako Udaletxeari emanak eta, tamalez, gero desagertuak. Esan baita ere, aipatutako Batzorde horrek fabrikako sail batzuk okupatu zituela urte luzez.

Ezaugarriak eta ekoizpena:

Arbillagak, Zumaiako lantegiaren proiektuari ekin zionean, bazuen aurreko eskarmenturik ehungintza alorrean. 1894rako, Orioko “Sarikola”-ko fabrikan abarketentzako tela egiten zuen, ola zahar baten azpiegitura aprobetxatuz. Leon izeneko frantziar bat zuen bazkide, eta berarekin Arbillaga y Compañía elkartea sortua zuen.imagen-9

Zumaiako fabrikaren jarduera nagusia jutea lantzea zen arren, bazituen beste atal batzuk ere, galdategia, argi indarraren azpiestazioa eta material elektrikoaren biltegia. Kontuan izan behar da herriko lehendabiziko galdategia izan zela Arbillagaren fabrikan jarritakoa, eta urteetan zehar beste hainbat enpresek (Eraso y Cía., Balenciaga y Cia., Balenciaga S.A., Carmelo Unanue, Julian Eguiguren, Autornifer, Mardura) alokairuan erabiliko zutena.

Garai hartan, jutearen erabilera nagusienetako bat zakugintzarena zen, eta zakuak ziren, kupelei lekua kenduta, besteak beste zementua ontziratzeko erabiltzen zirenak. Horretan aritu ziren gehienbat  Arbillagaren lantegian, eta horregatik Zumaian zaku fabrika deitu zitzaion. Baina, arrantzarako sareak ere egin zituen.

Pedro Pérez Oteguiri emandako instalazioen errentamendu kontratuan honela deskribatzen dira horiek:

“Fabrikaren eraikina hiru nabez osatzen da, iparretik hegorako norabidean.arbillaga-2000_pabiloia-errausteko-espedientea-3 Ekialdekoa, lehena eta nagusia, 76,80 m. luzera eta 15 m. zabalerakoa; erdikoa 76,80 m. luzera eta 10 m. zabalerakoa, eta sartaldekopa 70,30 m. luzera eta 10 m. zabalerakoa, eta falta diren 6,50 m. eraikitzeko bidean daude. Harriz eta adreiluz egindako harri-hormaz eraikia dago. (..) Fabrika horrek solairu laua du, baina erdian eta sartaldetik ekialderako norabidean, bulegoa dagoen beheko solairuaz gain, fabrikako arduradunentzako etxebizitzat balio duten bi solairu eta ganbara ditu, eta hori dena teilatuz estalia. Lehenengo bi nabeetan daude instalatuta ehungailuak eta arloko beste makinak, eta sartaldeko nabean jutea eta fabrikaziorako beste tresnak gordetzeko areto aproposa dago.” Sartaldetik, atzekaldean, Arbillagarenak ziren galdategiko tailerrak zituen.

3.633 metro koadroko zabalera zuen fabrika, zati ezberdinetan banatzen zen: lehenik eta behin bi zatitan banatutako pabilioi zabalak eta altura erdikoak; oihalgintzarako makinak jartzeko espazio zabalak eta argitsuak osatzen zituzten. Bigarren eraikuntza bitxi bat, erdi erdian kokatuta, garai hartako portuari eta gaur egungo Amaiako plazara begira, altuera handiagoarekin, nahiz eta estuagoa izan; era perpendikularrean mozten zituen lehen aipatutako pabiloi nagusiak. Eraikuntza hau bulegoetarako eta etxebizitzetarako erabili izan zen.

Ia eraikuntza guztiek praktikotasunari erantzuten zioten eta XIX. mendearen eraikuntza industrialen ezaugarriak betetzen zituzten: material ezberdinen arteko elkarketa (adreilua, harria, egurra eta teilak), leiho zabalak hormetan eta argia sartzeko teilatuko sabailehioak, espazio zabalak, erdian zutaberik gabe eta ate zabalak gaiak eta makinak sartu ahal izateko.

Hala ere, elementurik bereziena, nabe nagusiekin perpendikularra zen erdiko eraikina izan zen, sartaldetik ekialderako norabidean.  Materialetan berezia zen, burdinazko bi zutaberen gainean sostengatzen zen atari antzeko bat osatzen zuela eta goiko solairuak egurrezkoak ziren. Marketeria lan bitxi horretan estilo ezberdinak nahastu zituzten,arbillaga-fachada-fabrica-de-sacos lehendabiziko solairua musulmanen arkitekturatik hartutako elementuz osatuta zegoen: ferra arkuko leihoak eta bi koloretako harriak imitatzen zituzten egur zatiak (gorriak eta zuriak). Bigarren solairuan berriz, XIX. mende bukaerako eta XX. mendearen hasierako etxeetako eraikuntzetan oso tipikoa zen mendiko herri arkitektura estiloa erabili zuten. Elementu berezi hauek Amaiako plazara ematen zuen begiratoki zabal eta ia karratua osatzen zuten, fabrikaren pabiloitik zeharo bereiztuta. Oso ohikoa zen XIX. mendeko industria arkitekturan etxeetako edo beste eraikuntzetako ezaugarri arkitektonikoak erabiltzea, produkziorako behar ziren espazio praktikoak estaltzeko edo duintzeko.

Erakundeek industria ondarearen aurrean izan zuten utzikeriak eta sentsibilitate faltak, batez ere, Zumaiako Udalak, eta garai hartan nagusi ziren eraikuntza enpresen presioak, Gipuzkoan berezia zen industria ondarearen altxorra botatzea eragin zuten; “(…) industria arkitektura gipuzkoarraren paregabeko pieza”, eta “(…)industria-instalazioetan adibide bakarra”, erdiko eraikinari dagokionez.arbillaga-oficinas-y-vivienda-de-la-fabrica-de-sacos

Pérez Oteguiri errentan emandako instalazioen inbentariotik, merezi du aipatzea horietako batzuk. Harigintza sailean: jute biguntzaile 1, Belfasteko Barlow & Combe-rena; karda puskatzaile 1, karda bukatzaile 1, hondakinentzako karda 1, eta karda misto 1; 2 metxagile tiratzaile-makina; 132 anezka harileko 2 lehorreko makina irule, 124 anezka harileko 1, eta 92ko 1; 2 metxa tiratzaile, Leedseko Fairbairn, Naylor, Macpherson & Co.-renak. Ehun eta josketa sailean: 17 ehungailu mekanikoak, Saumner-renak, 9 Lhemannenak eta 20 Urquhartenak; 5 arraboleko kalandra 1, lurrun hodiarekin; zakuen ebakitzaile 1; Lhemannen zakuak josteko makina bertikal 1, marka bereko horizontal 1, 2 bertikal, J.B. Macdonald-enak eta marka bereko 2 horizontalak. Bazeukan, baita ere, Oerlikonen 5.000 voltioko motor bat, La Maquinista Bilbainak transformatua 115 voltiotara, eta goi-tentsioko 40 HPko bi motor, 5.000 voltiotarako.fabricante-de-maquinaria-textil

Arbillagak, Perez Oteguirekin adostu zuen fabrikaren funtzionamenturako behar zen argindarra hornitzea, 150 zaldiko potentzia gainditzen ez zen bitartean, zaldi potentziko eta 12 orduko egun bakoitzeko 0,75 pezeta kobratuaz egunez, eta prezio horren erdia gauez.

Instalazioen balorazioa, oro har, 259.784 pezetakoa zen, horietatik 140.637 harigintza sailari zegozkien, 51.147 ehun sailari, 18.000 indar eragiletzarako motorrei  eta 50.000 pezeta eraikinei.

Arbillagaren enpresak garai ezberdinetan igorritako dokumentuen idazpuruetan bere jardueren berri ikus daiteke. 1900eko ekainaren 30ko faktura batean: “José Agustín Arbillaga, propietario de la fábrica de hilos y tejidos de yute  – Orio y Zumaya .Y de las centrales de producción de energía eléctrica – Elgoibar. Transportes de fuerza y luz a Eibar, Zumaya y Azcoitia, fundadas el año 1893”. Eta 1905ko urriaren 14ko letra igortze ohar batean: “Fábricas de saquerío, hilados y trenzas de yute de J. Agustín Arbillaga, en Zumaya y Orio (Guipúzcoa) – Despacho: Oquendo, 26 – San Sebastián”. Ikus daitekenez, Donostian bulego bat jarria zuen.

Jutezko zakuak harrera hona izan zuten zementugileen artean:   “Fabrikatzaileek zaku berri ugari erosten zuten. Adibide gisa aipa daiteke, 1900. urteko ekainean, Jose Agustin Arbillaga zumaiarrak Beduako lantegiari zementuentzako 5.500 zaku bidali zizkiola, bere gabarrariaren bitartez, ale bakoitzeko 1,43 errealen prezioan.arbillaga-1900-factura-zestoako-uah-3-hiruw Zaku hutsak fabrikatzaileei itzultzen zitzaizkien, eta horiek sailkatu egiten zituzten: zaku onengatik 0,25 pezeta ordaintzen ziren, eta konpondu beharrekoengatik pentsatzekoa da gutxiago ordainduko zela”. Bost urte geroago, 1905ko martxoaren 17an, Arbillagak Gurruchaga, López y Compañíari adierazi zion “(..) datorren apirilaren 1etik aurrera 69 kiloko zaku-ontzi bakoitzaren prezioa 0,31 pezetetakoa izango da, konpromisorik gabe ..”

Arbillagak bere produktu eta prozesuen patente batzuk eginak zituen. 1907an hiru erregistratu zituen: “Un resultado industrial trencilla con alma metálica” 40.484 zenbakiduna; patente horren eransketa bat “Mejoras introducidas en la patente principal”, 40751 zenbakiduna, eta “Un sistema de fabricación de trencilla de yute, cáñamo, abacá, ramio u otra fibra análoga, compuesta de ramales de un solo hilo destinada a embalajes y otros usos.” 41.275 zenbakiduna.

Bestalde, Arbillagaren lantegia ez zen ezbeharretatik salbu izan. Horietako bat 1905ko irailaren 29ko arratsaldeko hiru terdietan gertatu zen lan istripua izan zen. Ondorioz, Jose Cruz Albizu izeneko 15 urteko langile zumaiarra izan zen kaltetua, uhal batek harrapatuta, eskubiko zangoa zeharo hautsi eta kolpatua zuela, zangoa ebaki behar izan zioten eta operazioaren ondoren egoera larrian geratu zen.

Beste ezbeharra, 1910ko abuztuaren 11an goizeko 9tan gertatu zen sute gogor bat izan zen. Orduko egunkariek ziotenez, Udalaren punpak berehala martxan jarri eta bizilagunen laguntzari esker, laister lortu zuten sugarrak menderatzea, eta makineria eta lantegi bera salbatzea, nahiz eta izakin edo stockean ziren material gehienak erre ziren. Galera handiak izan ziren arren, inor ez zen kalteturik suertatu. Eraikina eta stockak aseguratuak zeuden. Halaber, itzalketa lanetan udatiarren laguntza ere izan zela diote, eta baita Plasenciako Konteak pertsonalki su-itzalgailu bat erabiliz lagundu zuela.1914-1915_6

1914. urtean Agustín Arbillagak parte hartu zuen Eibaren antolatu zen ‘Exposición Regional Vasca de Arte y de Industrias Guipuzcoanas’-en, 8. instalazio edo standean. Erakusketaren katalogoak dioenez “Etxe horrek arrantzarako sareak egiten ditu. Kalitateko oneko abarketa zolak ere bai. Eta arrain gazitu ugari esportatzen du”. Bidenabar esan, baita ere, erakusketa horretan, 16. instalazioan, beste zumaiar bat ere egon zela, Santiago Beristain, eta katalogoan adierazten denez “Armairu artistiko kalatua” batekin.

Jose Agustin Arbillaga Emazabel, (Zumaia, 1849-1919)

Medikuntza ikasketak egin ondoren Zumaiako mediku titular izendatu zuten, Udalbatzak 1873ko azaroaren 27an egindako bileran, urteko 5.000 errealeko soldatarekin. Urte batzuk geroago Azkoitira joan zen bizitzera, eta han jarraitu zuen medikuntzan. Baina, bere arreta, neurri haundi batean, bizitzan zehar garatu zituen industria jardueretara zuzendu zen. Zaku fabrikaz gain, beste ekimen batzuk ere egin zituen.

Argindarraren sorkuntza eta banaketa: 1893rako bazuen ‘Barrena’ argi-indar zentral hidroelektrikoa Deba ibaian eraikia, Eibar eta Elgoibar artean. Bestalde, 1900an, hainbat instalazio dituela ageri da Agustín Arbillaga, Azkoitia, Azpeitia, Eibar, Elgoibar eta Zumaian. Gainera, 1904an lortu zuen baimena “(..) bi argindar-fabrika eraikitzeko, ubide eta guzti, Maltzaga eta Elgoibar arteko trenbideari eragiten diotenak, 21. eta 22. kilometroen artean”.

Arrain kontserbak: Serapio Mugicak jasotako datuak diotenez, 1913ko bigarren seihilabetekoari dagokionean, Jose A. Arbillagak Zumaian zuen kontserba fabrikan 50.000 kilo antxoa landu ziren, 50 langilerekin, produkzioaren balorea 62.500 pezetetako izanik eta hiru hilabetean lan eginda. 1914ko kontribuzio industrialaren erroldan agertzen da José Agustin Arbillaga arrain gazituen lantegi batekin, Muelle helbidean, eta lehen aipatu den bezala aipatzen da ere urte bereko Eibarko erakusketaren gidan. Seguru asko, helbide hori bulegoena izango zen eta lantegia, berriz, hiltegi berriaren atzealdeko eraikinean egongo zen, hasiera batean biltegirako zena. Geroago ere, eraikin horretan arrain gazituen lanei jarraipena eman zioten, lehenengo Vda. de Provost, ondoren Josefa Fermina L. de Letona y Uribe, Vda. de Aretxaga eta azkenik Conservas Ortizek.

Arrantzontzientzako babesgunea: 1915ean, “Servicio Central de Puertos y Faros”-ek arrantza-ontzientzako babesleku bat jartzeko baimena eman zion, “() padura bat okupatzeko, lehortu gabe, Narrondo ibaian, Txikierdiko zubia baino beherago, Zumaiako udalerrian, arrantza-ontzientzako babesleku bat eraikitzeko (..)” 1913ko azaroaren 5ean aurkeztu zuen proiektuaren arabera. Kontzesioa prekarioan eman zitzaion. Ez dakigu non zegoen aipatzen den hezegunea.

Aipagarria da  Arbillagaren partehartzea “Celta” izeneko goleta-bergantinaren jabetzan %25arekin. Hauek zirelarik beste bazkideak: Eustaquio Ibarguren Urrunzuno, merkataritza-nabigazioko kapitaina, %25arekin, horren seme Juan Esteban 25% eta Ceferino 12,50%arekin, merkataritza-nabigazioko kapitainak baita ere, denak zumaiarrak, eta Lucia Zubiaurre gainontzeko %12,50arekin.

Arbillaga, 1911an alargundu eta 1919an hil zenean, Josefa Arbillaga Leturiondok, alaba bakarra zena eta Victoriano Zelaya Lekue ondarrutar ingeniari industrialarekin ezkondua zegoenak, hartu zituen oinordetzan bere ondasunak.

Aipatzekoa da  beste senide batzuen artean, Julian Aldaz Emazabel (1861-1928) izan zuela, bere amaren bigarren ezkontzaren fruitu. Zumaian jaioa, baita ere, eta ornitologiaren munduan erreferentzia den “Catálogo de Aves de Guipúzcoa y Vizcaya”-ren egilea, Memorias de la Real Sociedad Española de Historia Natural (Tomo X, Mem. 10, 1918)-an publikatua. Gainera musika arloa ere landu zuen, dakigunez, 1898ko San Pedro eguneko meza nagusian orkestraren zuzendaria izan zen, Hilarion Eslavaren “la” eta “mi” mezen zatiak interpretatuz, eta baita ere, 1900ean Zumaian ospatu ziren Fiestas Euskaras  izeneko jaietan berak zuzendu zuen orkestra. Baina, orkestra zuzendaritzaz gain, musika irakasle bezala ere aritu omen zen zumaiar gazteekin.

Jakinaraztekoa da baita ere, zumaiar gehienentzat ezezaguna den beste kontu bat, jadanik desagertua den Plasenciako Kondearen palazioa deitzen zitzaionari dagokiona. Talaimendiren magalean eta Itzurundik gertu zegoen eraikin hura, J.A. Arbillagak eraiki zuen. Geroago aipaturiko Kondeari saldu zion eta berak antzeko beste bat eraiki zuen, beranduago birmoldatua izan zena eta gaur egun hotela eta talasoterapia zentroa bihurtu dagoena, Zelai izenarekin.

Oharrak
1. ZAH, 2872,66R-68R
2. GPAH: Errentamendu kontratua, 1902ko uztailak 28, Francisco Otermin, Zumaiako notarioa
3. ZAH, Sig. 872.01. Vicente Larrañaga Arriaga, jabea eta Bilboko bizilaguna; Estanislao Echave Galarraga, industria gizona eta Zumaiako bizilaguna; Silverio Corta Lecue, industria gizona eta Zumaiakoa; Julio Eguzquiza Ameztoy, jabea eta Zumaiakoa; Pedro Ignacio Aizpurua Buenechea, konfiteroa eta Zumaiakoa; José Antonio Iraundegui Ecenarro, marinela eta Zumaiakoa; Juan Olaizola Macazaga, merkataria eta Zumaiakoa; José María Olaizola Echave, merkataria eta Zumaiakoa; Pedro Olaizola Echave, marinela eta Zumaiakoa; eta Darío Fernández de Arroyabe y López de Uralde, liburu-edukitzailea eta Zumaiakoa.
4. GPAH: Errentamendu kontratuaren deuseztatzea, 1903ko uztailak 24, Francisco Otermin, Zumaiako notarioa
5. Zelaya familiak emandako informazioa.
6. BNE, “Anuario del Comercio de la Industria de la Magistratura y de la Administración”de 1894, pag. 1.466.
7. Zelaya familiako emandako informazioa.
8. GPAH: Errentamendu kontratua, 1902ko uztailak 28, Francisco Otermin, Zumaiako notarioa.
9. Ibañez, M.; Torrecilla, Mª J.; Zabala, M. (1990): Arqueología Industrial de Gipuzkoa. Eusko Jaurlaritza/Gobierno Vasco, Universidad de Deusto, Bilbao, 154-155 orriak.
10. GPAH: Errentamendu kontratua, 1902ko uztailak 28, Francisco Otermin, Zumaiako notarioa.
11. Izaga J.M, Urdangarin C.: Lanbide tradizionalak, Zementu naturalaren egileak. GNet/gipuzkoa.net.
12. Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsak.
13. BNE, “Industria e Invenciones” aldizkaria, Num. 21-25 mayo1907, Tomo 47-201, 207. orria.
14. BNE, “Industria e Invenciones” aldizkaria,  Num. 26-28 junio 1907, Tomo 47-251, 255. orria.
15. BNE, “Industria e Invenciones” aldizkaria,  Num. 12-21 septiembre 1907, Tomo 48-109,114. orria.
16. Donostiako Liburutegi digitala, “El Correo de Guipuzcoa”, 1905ko urriak 1
17. Donostiako Liburutegi digitala, “La Constancia” eta “La Correspondencia de España”, 1910ko abuztuak 12.
18. “Guia oficial. Exposición de Eibar, Año 1914”. Liburuklik,.euskadi.net, Eibarko “Juan San Martin” liburutegia.
19. ZAH, SIG. 74.2.
20. BNE,  Anuario de Electricidad para 1900, 610. orria.
21. BNE, “Madrid Científico”, Año XI Num. 461. Suplemento “El Ingeniero”, 1-2. orriak.
22. Mugica. S. (1918): Geografía General del País Vasco-Navarro. Guipuzcoa. KM lIburutegia, Fondo Gordeak
23. ZAH, Sig. 341.15.
24. ZAH, Sig. 2834, 367-380.
25. Gaceta de Madrid, 1915ko ekainak 23, 779. orria.
26. GPAH 2-4467
ZAH, 2872,66R-68R
GPAH: Errentamendu kontratua, 1902ko uztailak 28, Francisco Otermin, Zumaiako notarioa
ZAH, Sig. 872.01. Vicente Larrañaga Arriaga, jabea eta Bilboko bizilaguna; Estanislao Echave Galarraga, industria gizona eta Zumaiako bizilaguna; Silverio Corta Lecue, industria gizona eta Zumaiakoa; Julio Eguzquiza Ameztoy, jabea eta Zumaiakoa; Pedro Ignacio Aizpurua Buenechea, konfiteroa eta Zumaiakoa; José Antonio Iraundegui Ecenarro, marinela eta Zumaiakoa; Juan Olaizola Macazaga, merkataria eta Zumaiakoa; José María Olaizola Echave, merkataria eta Zumaiakoa; Pedro Olaizola Echave, marinela eta Zumaiakoa; eta Darío Fernández de Arroyabe y López de Uralde, liburu-edukitzailea eta Zumaiakoa.
GPAH: Errentamendu kontratuaren deuseztatzea, 1903ko uztailak 24, Francisco Otermin, Zumaiako notarioa
Zelaya familiak emandako informazioa.
BNE, “Anuario del Comercio de la Industria de la Magistratura y de la Administración”de 1894, pag. 1.466.
Zelaya familiako emandako informazioa.
GPAH: Errentamendu kontratua, 1902ko uztailak 28, Francisco Otermin, Zumaiako notarioa.
Ibañez, M.; Torrecilla, Mª J.; Zabala, M. (1990): Arqueología Industrial de Gipuzkoa. Eusko Jaurlaritza/Gobierno Vasco, Universidad de Deusto, Bilbao, 154-155 orriak.
GPAH: Errentamendu kontratua, 1902ko uztailak 28, Francisco Otermin, Zumaiako notarioa.
Izaga J.M, Urdangarin C.: Lanbide tradizionalak, Zementu naturalaren egileak. GNet/gipuzkoa.net.
Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsak.
BNE, “Industria e Invenciones” aldizkaria, Num. 21-25 mayo1907, Tomo 47-201, 207. orria.
BNE, “Industria e Invenciones” aldizkaria,  Num. 26-28 junio 1907, Tomo 47-251, 255. orria.
BNE, “Industria e Invenciones” aldizkaria,  Num. 12-21 septiembre 1907, Tomo 48-109,114. orria.
Donostiako Liburutegi digitala, “El Correo de Guipuzcoa”, 1905ko urriak 1
Donostiako Liburutegi digitala, “La Constancia” eta “La Correspondencia de España”, 1910ko abuztuak 12.
“Guia oficial. Exposición de Eibar, Año 1914”. Liburuklik,.euskadi.net, Eibarko “Juan San Martin” liburutegia.
ZAH, SIG. 74.2.
BNE,  Anuario de Electricidad para 1900, 610. orria.
BNE, “Madrid Científico”, Año XI Num. 461. Suplemento “El Ingeniero”, 1-2. orriak.
Mugica. S. (1918): Geografía General del País Vasco-Navarro. Guipuzcoa. KM lIburutegia, Fondo Gordeak
ZAH, Sig. 341.15.
ZAH, Sig. 2834, 367-380.
Gaceta de Madrid, 1915ko ekainak 23, 779. orria.
GPAH 2-4467