Laburpena: Arrizabalaga y Olasagasti ontziola, Beduakoarekin batera, egurrezko kroskodun itsasontziak eraiki zituzten Zumaiako ontziola nagusiak izan ziren. Enpresa honek 1925ean ekin zion jarduerari Arrangoletan, lehenago Eraso S.A.-renak izan ziren instalazioetan, baina 1930ean handik alde egin eta Flores baserriaren lursailetan ezarri ziren. 1937ko abenduaren 27an eratu zen Arrizabalaga y Olasagasti, S.L. izenarekin, eta Arrizabalaga y Olasagasti, S.R.C. bihurtu zen 1964ko ekainaren 14an. Itsasontziak eraiki eta konpontzen zituzten, eta arrantza-ontzietan eta motordun txalupetan espezializatu ziren. Enpresa 1967. urtean itxi zuten arren, 1971n eman zioten baja Industria Erregistroan.
Historia: Arrizabalaga y Olasagasti ontziola, Beduakoarekin batera, egurrezko kroskoa zuten itsasontziak eraiki zituzten Zumaiako ontziola nagusiak izan ziren. Fundatzaileak, Zacarias Arrizabalaga Urdampilleta (Zumaia, 1888-1959) eta José Mª Olasagasti Lerchundi (Orio, Mariaerrota baserria, Ortzaika auzoa, 1886-1963), Astilleros Eraso, S.A.-an lan egiten zuten, Pasaian, 1925an, azkenengo ontziola honek Zumaian, Arrangoletako zabalgunean, Amaya hotelaren aldamenean, utzi zituen instalazioetan beren kontura hastea erabaki zutenean. Hala, Donostiako notario Aguinaga jaunak baimendutako eskritura baten bidez, 1925eko azaroaren 7an, une hartan zituen pabiloiak, makinak, tresnak, materialak eta abar erosi zizkieten Astilleros Eraso, S.A. enpresari.
Lehen urteetan, zenbait arazo gainditu behar izan zituzten. Aipagarriena Zumaiako Udalak Astilleros Eraso S.A. enpresari zabaldutako desahuzio-espedientea izan zen, lursaila okupatzeagatik sortutako errentak eta gastuak ez ordaintzeagatik. Jarduerarekin jarraitu ahal izateko, enpresak akordio bat lortu behar izan zuen Udalarekin, eskatutako zorrak eta erreklamazioak kitatzeko.
Nola Arrangoletarako zabalgunerako Udaletxeak zuen proiektua bizitegi-gunea biurtzea zen, herriak hainbat eskakizun egin ondoren ontziola zegoen orubea uzteko, zabalguneko tokirik urrutienera aldatzeko baimena eskatu zuten, futbol zelaia bezala erabiltzen zen lursailera, baina Udalaren ezezkoaren aurrean, azkenean beste alde batera joatea erabaki zuten. Horrela, 1930. urtean Arrangoletako instalazioak utzi eta Flores baserriaren lursailetan ezarri ziren, Conde del Valleren jabegoko 800 m2-ko hedadurako lursailean, Urola ibaiaren eskuin ertzean, Zubi Handiaren eskuineko horma-bularraren ondoan, 16.000 pezeta kosta zitzaielarik lekualdaketa. Sei urte beranduago, 1937ko abenduaren 27an, enpresa Arrizabalaga y Olasagasti, S.L. izenarekin eratu zen, 10.000 pezetako kapitalarekin. Eta 1946ko ekainaren 14an, sozietatean aldaketak egin zituzten, berriro ere, eta Arrizabalaga y Olasagasti, S.R.C.-an biurtuaz eta sozietate kapitala gehituaz 150.000 pezetakoa izan arte.
Bi bazkideak hil ondoren, haien semeak jarraitu zuten enpresaren jarduerarekin 1967. urtean itxi zen arte. Industria Erregistroan 1971an eman zioten baja.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Hasiera gogorra izan bazen ere, ez zuten denbora asko behar izan merkatuan ezagunak izateko. Beren buruaren publizitatea egin zuten Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigazioko Ganberan 1927ko urtekarian, beren irudia indartzeko, eta honela aurkeztu zuen enpresak bere burua: “Z. Arrizabalaga y Olasagasti – Sucesores de Astilleros Eraso, S.A.”, Astilleros de Construcción y Reparación de Buques – Especialidad en Vapores de Pesca y Lanchas Motoras. Eraso ontziolen oinordeko bezala aurkeztetik ondorioztatu daiteke hauek lortua zuten izen ona.
Oso litekeena da, Arrizabalaga y Olasagastik egin zuten lehenengo ontzia “Salvadora” izenekoa izatea, 1925ean egina. Bere argazkia erabili zuten lantegiaren lehenengo iragarkietan, eta bere oinean zioenez, Luancorako zen. Baina geroago, ikusten denez, eskuz aldatu zen, Ondarroako”-ena pasatuz. Gerra Zibila iristean, Ondarroa ebakuatzerakoan Bilboruntz joan zen 1936ko urrian, eta 1937ko maiatzean Euzkadiko Gudaontzidiak mobilizatu zuen D-20 minaketari bezala. Azkenean, frankisten abiazioaren eraso baten ondorioz erabilezinik gelditu zen Portugaleten, 1937ko ekainaren 13an. Carmelo Unanuek egin zituen ontzia hornitzeko galdara eta lurrun-makina.
1930an, Conde del Valleren jabegoko lursailetara joan zirenean, lehendik baziren eraikin batzuk hartu zituzten. 1955eko urtarrillean behin-behineko Alkatearen ziurtagiri batek dioenez, Arrizbalaga y Olasagasti, S.L. 1930 ezkeroztik, Zumaiatik Donostiarako, kostako errepidearen bi aldetan kokaturik zegoen. Eskubi aldeko eraikina zerrategia zen, 1915ean edo 1916an egindakoa, eta garai berekoa ere ezkerraldean kokatuta zegoena, bulegoak eta biltegia zeudena.
1941eko otsailaren 15eko gauak ahaztezinezko ondorioak utzi zituen Zumaiaren historian. Izan ere, hego-haize zakarrak trena bota zuen zubitik ibaira, eta baita ere txikitu egin zuen Arrizabalaga y Olasagasti ontziolako harmaila zegoen pabiloia. Irailean, pabiloia berreraikitzeko baimena eskatu zioten Udalari, idatzi baten bidez. Dokumentua Modesto Ezcurdiak sinatu zuen, enpresako administrariak. Berau Orion bizi zenez, haizeak Urola ibaira bota zuen trenean joaten zen normalean, baina egun hartan Zumaian geratzea erabaki zuen.
Enpresak eta instalazioek oso izen ona zeukaten, bertako baliabideak zirela eta. Errepidearen ezkerreko aldeko pabiloiak % 5eko malda zeukan harmaila bat zuen azpian, eta bertan, 22 tonatik 137 tonara arteko egurrezko itsasontzi ugari egin zituzten. 1942an honako makina hauek zituzten: metro bateko diametroko gurdidun zinta-zerra bat, 0,90 m-ko diametroko zinta-zerra bat eta arrabotatzeko makina bat ziren. Erreminteria egokia zeukaten, baita zubi-garabi bat ere, garai hartan batere ohikoa ez zena. Giza baliabideei dagokienez, 1932. urtearen erdialdean, 33 langile zeuden, eta 1945ean 40 izatera ere iritsi ziren.
1951an, Balenciaga S.A.-rekin egindako hitzarmen bati esker, ontziola handitu eta Getariarako errepideko noranzkoan eskuineko padurako lursailak okupatu zituzten. Aldaketa horren asmoa egurrezko itsasontzien eraikuntza instalazio berrietan ezartzea zen, eta ezkerreko aldeko instalazioetan, berriz, txapazko kroskoak egitea pentsatu zuten. Hala ere, negozio-arlo berri horrek gutxi iraun zuen, eta ez zituzten bi edo hiru itsasontzi baino gehiago egin. Hartara, atzera lehengo egoerara bueltatu eta errepidearen ezkerraldean egurrezko kroskoak egiten jarraitu zuten. Zabaltze horri esker, 2.800 m2-ko lursaila okupatzera iritsi ziren, eta paduren aurretiko okupazio bat legeztatzeko aprobetxatu zen.
Dena den, arrantzako flotan txapazko kroskoak sartzen ari zirenez, pixkanaka, ontziolaren gainbehera hasi zen itxi arte. Beranduago, ontziola horren instalazioak Desguaces Barinaga enpresak erosi zituen, eta gaur egun arte eusten diote harmailako pabiloiari.
1953ko uztailaren 29ra arte, 191 ontzi zituzten uretaratuak, 120 tona eta 28 metroko gilako batez besteko proportziokoak. Geroztik, beste 30 ontzi baino gehiago egin zituzten.