Laburpena: Yeregui familiako lehen kideak XX. mendearen hasieran iritsi ziren Zumaiara Aginagatik etorrita. Hasieran, Benito Yeregui e Hijos izena jarri zioten enpresari, eta Aginagan egiten zuten jarduerarekin jarraitu zuten. Geroago, Calixto Yereguik Yeregui y Compañía enpresa sortu zuen koinatu zuen Ángel Galardirekin batera. Enpresa hura aitzindari bihurtu zen Espainian, motorren fabrikazioan. 1907. urtean, eztanda-motorren lehen prototipoa egin zuten arren, 1911. urtean agertu zen Calixto Yeregui y Compañía enpresa industria-zentsuan.
Historia:
Yeregui familiako lehen kideak XX. mendearen hasieran iritsi ziren Zumaiara, Aginagatik etorrita. Aginagan, errementeria bat zeukaten, eta elizetarako eta udaletxeetarako erlojuak egiten zituzten, besteak beste. 1908ko maiatzaren 7an, Calixto Yeregui Manterolak lursail bat erosi zuen Zumaiako Erribera edo Basadi berrietan, Getariarako errepidearen (gaur egun Patxita Etxezarreta kalea) eta kanalaren (Urola ibaia) artean, non etxe bat eta etorkizuneko Yeregui y Compañía enpresaren tailerrak eraikiko zituen..
Zumaian jartzean, Francisco Otermin, notarioaren aurrean, 1910ko martxoaren 12an, sinatu zuten eskritura publikoan dioenez, elkarte kolektibo bat sortu zuten, Benito Yeregui e Hijos izenarekin, Benito Yeregui Goldaracena eta bere seme nagusiena Calixto Yeregui Manterola bazkide zirelarik, 12.365,95 pezetetako kapitalarekin “(…) con el objeto de dedicarse a la construcción y reparación de reloges y máquinas, fundición de metales y otros trabajos análogos”, elkartearen zuzendaritza eta administrazioa Calixtoren kontura izango zirelarik
Beranduago, Calixto Yereguik, Yeregui y Compañía enpresa sortu zuen, koinatu zuen Ángel Galdardi Santa Cruzekin batera sozietatea osatuta. Hurrengo urteetan, Calixtoren anaiak hasi ziren enpresan lanean: Severiano, Anastasio, Jesús, Ladislao eta Eusebio. Baina, Yereguitarren familia ugariko ondorengo batzuk gogoratzen dutenez, Jose Martin izeneko beste anaietako batek, Elgoibarko apaiz laguntzailea berau, garrantzi haundia izan zuen orientatzaile eta aholkulari bezala jarduera industrial berriaren lehenengo urteetan, ikuspegi teknikoa barne, 1916an sortu zen Elgoibarko “Escuela de Artes y Oficios”-ekin zuen harremanarengatik.
Enpresa aitzindaria izan zen motorrak fabrikatzen. Enpresako katalogo batean ageri zen moduan ‘Espainiako lehenengo motorgileak’. Zumaiako industrian urrats garrantzitsuak eman zituzten, eta horren ondorioz, enpresa ugari sortu ziren mende erdi baino gehiagoan.
Calixtoren anaiek geroago sortu zuten Yeregui Hermanos izeneko enpresak, 1929. urtean egindako katalogoan ageri den informazioaren arabera (Concepción Yeregui Larrechauk, Calixto Yereguiren alaba gazteenak, berretsia), ondoriozta daiteke 1907. urtean eraiki zutela eztanda-motorraren lehen prototipoa, “propulsor marino a explosión”, aipatutako katalogoan adierazten den bezala. Baina 1905. urteko “Yeregui” motor esperimental baten identifikazio-txartel batek motor horren aurrekari bat adierazten digu.
1918an, lantegiaren alboko lursailean, Ajuria, Yeregui y Compañía sortu zuten Jose Ajuriarekin batera, ontziola bat eraikitzeko, dike lehor batekin.
1922. urtean, Severianok, Anastasiok, Jesúsek, Ladislaok eta Eusebiok, Calixtoren anaiek, enpresa utzi zuten, eta Yeregui Hermanos sortzea erabaki zuten. Bi enpresak jardunean aritu ziren, Yeregui y Compañíak ixteko erabakia hartu zuen arte.
Yeregui y Compañía enpresak ateak itxi behar izan zituen 1929ko apirilaren 9a baino lehenagotik, eta lantegia Barón de Sangarréni saldu. Izan ere, egun hartan Barón de Sangarrének udaletxeari baimena eskatu zion, idatzi baten bidez, enpresarenak izandako tailerrak handitzeko.
1925eko Zumaiako biztanleen zentsu batean Calixto Yereguiren eta Ángel Galardiren familiak bizi izan ziren etxea ageri da, eta enpresako lantegiaren ondoan zegoen. Diego Beguiristainen eta José Agustín Arburuaren etxebizitak ere eraikin berean ageri dira. Gero, Otto Holkeren familia bizi izan zen bertan.
Ezaugarriak eta ekoizpena:
Hasiera batean, enpresaren tailerrak etxearen beheko solairua hartzen zuen, eta hari atxikitako bi ataleko eraikin batekin handituko zen. Ondoren, tailer mekaniko, galdategi, sutegi eta bulegoentzako pabiloi berri bat eraiki zen, eta 1922eko ekainren 8an Azpeitiko Jabetza Erregistroan inskribatu zen, Calixto Yereguiren izenean.
Hauxe da pabiloi berriaren deskribapena: “guztizko luzera, iparraldetik hegoaldera, 55 m; zabalera osoa, ekialdetik mendebaldera, 13,40 m; zimenduak, harri-hormazkoak eta hormigoizkoak dira, adreiluzko eta zementuzko eraikuntza, burdinazko guraize eta habexken armadura, gapirioekin eta zurezko forruarekin; teilatua edo uralitazko estalkia eta kristala burdinazko armaduran; pabiloiaren kostu osoa 28.315,80 pezetakoa zen, orubearen balioa kontuan hartu gabe”.
1917ko udako egunkari bateko kronikan, idazleak dio, Zumaiara egin zuen txango batean, “Yeregui y Compañía – Motores” errotuloa zuen eraikin bat ikustean eta mekanikarako zuen zaletasunak bultzaturik, enpresa bisitatzea erabaki zuela. Han, jabeek egin zioten harrera, Calixto Yeregui eta Ángel Galardi jaunek. Itsas motorrak, gehien bat, egiten zituztela esan omen zuten, mota astunekoak, yateetarako, txalupa, kanoa eta kabotajerako belaontzietarako.
30 ZPko motor mota berria, funtzionatzen ikusi zuena, 100 tonatik gorako belaontzi baterako omen zen, zementu-fabrikatzaileak ziren Hijos de J.M. Rezola enpresako jabeek eskatuta. Kronika berak hau zioen aurrerago: “Itsasontziaren atzeko aldetik atera ginen eta badia eder bat azaldu zitzaigun parez pare; malekoian, enpresan egindako bi falua edo txalupa olanadunak zeuden, Karabineroentzat eginak. Batak 30 ZPko motorra zeukan, eta besteak, 30 ZPko bi motor; 60 ZPko potentzia, alegia. Hurrengo egunean, hilak 30, Karabineroen zuzendari orokorra iritsiko zela esan zidaten, zenbait teknikarirekin batera, faluen proba ofizialak bertatik bertara ikustera; eta emaitzaren arabera, Estatuarekin sekulako kontratua lortzeko aukera dagoela, ehunka milaka pezetako irabazia emateko modukoa”.
Baina ezin ahaztu, Yereguitarrak lehenago izan zuten erloju egileen iharduerak, Zumaian izan zuen jarraipena. Horren adierazgarri bezala, aipatzekoa da Aizarnako Santa Engraziko ermitako erlojua, 1914an egina, eta bertan irakur daiteke ”Construciones Yeregui y Cia. Zumaya “, eta bere esfera “nº81”kin markatua.
Publizitate-iragarkiei dagokienez, haietako batzuk aipatzen hasita, Gipuzkoako Album Grafikoan ageri dena ekar genezake. 1915eko iragarki hartan motor baten argazkia ageri da, eta honako hau irakur daiteke: “Talleres de construcción y reparación de maquinaria, Fundición de hierro, bronce y metales. Construcción de motores de explosión, marinos e industriales, relojes de torre, para-rayos, yugos de hierro para campanas, etc. etc. Reparación de vapores de pesca.”
Enpresaren 1922ko faktura baten idazpuruan, enpresaren espezializazio haundiago bat ikus daiteke: “Motores de Explosión Marinos e Industriales, Especialidad en Canoas y Lanchas de Pesca. Motores auxiliares de 4 a 80 HP. Tipo pesado.”
“Vasconia Industrial y Pesquera” aldizkariko 1925eko zenbaki berezi bateko iragarki batean, ‘Yeregui’ motor baten argazkiaren ondoan, honako hau ageri da: “Primeros constructores en España y que cuentan con más instalaciones que todas las demás marcas juntas en toda la costa española”. Eta beste hau ere bai: “En pleno funcionamiento infinidad de motores desde hace quince años entre la Armada española, Comandancias, Carabineros, Compañía Arrendataria de Tabacos, Arsenales del Estado, Obras Públicas, Prácticos de puertos, Salvavidas, Barcos de cabotaje, Canoas de recreo, embarcaciones de pasaje e infinidades de embarcaciones de pesca de varios tipos y tamaños.”
1921ean, Compañía Arrendataria de Tabacos C.A.T.-ek Sestaoko La Naval-eri kontratatu zizkion 27 tonako sei txalupa, C-7tik C-12ra zenbakituak, seguruenik, Yeregui y Compañía-ren tailerretan egindako barne-konbustioko motorrekin hornitu ziren. Txalupa hoiek, 1923ko irailaren 12an C.A.T.-eri emanak izan ziren, Cádizko uretan proba ofizialak egin eta gero, aipatutako hilabete horren lehenengo egunetan.
1926an, espainiar kolonia zen Fernando Poo-rako, gaur egun Bioko, Bilbon egindako “San Ignacio de Loyola” izeneko kanoa, “Yeregui” motor batekin hornitu zuten eta Aita Ajuria misiolariak hartua izan zen Zumaian. Ordurako urte batzuk zeramatzan zerbitzuan, Elobey Misioan, “Yeregui” motor batekin hornitua ere, “San Francisco Javier” kanoak.
1925eko iragarki horren amaieran, harremanetako datuak ematean, hau nabarmentzen zen: “Primitiva y antigua casa de Yeregui y Compañía”. Pentsa diateke Yeregui Hermanos enpresarekin ez nahasteko izango zela; hau da, Calixto Yereguiren bost anaiek hiru urte lehenago sortutako enpresarekin ez nahasteko. Iragarkian, motor-egileak zirela zioten, eta ez zuten bestelako produkturik aipatzen.
Aipagarria, baita ere, enpresak azoketan izan zuen partehartzea. Horietako bat, 1923ko uztailean Donostian egindako II. Erakustazokan, Mayor y Compañía enpresa eta biak stand berean zeudela. 1928. urtean Donostian egin zen Itsas Industriaren Azokan ere hartu zuen parte. Azoka hartan ‘Yeregui’ motor bat aurkeztu zuten, ‘Gevsa’ gasifikadorea zeukana, Zumaiako Alberdi y Compañía ontziolan egindako itsasontzi batean jarrita zegoena.
Enpresak 1923ko industria-ekoizpenari buruzko galdetegian –Gipuzkoako Foru Aldundira igorria– adierazitako datuen arabera, 44 langile aritzen ziren bertan lanean, eta soldaten urteko zenbateko osoa 100.000 pezetakoa zen. Urte hartan 115 motor egin zituzten. 1924. urteko antzeko inkesta batean, bi nagusi eta 41 langile zituztela ageri zen, eta Gipuzkoako merkaturako 12 motor eta Espainiakorako 64 egin zituztela.
Motor-gaietan eskarmentu eta ezagutza ugari zeukatenez, arreta berezia jarri behar izan zioten automobilgintzaren arloari. 1916ko, Zumaiari buruzko kazeta kronika batek zioenez Yeregui y Compañía enpresako mekanika-lantegian automobilak konpontzen ere lan dezente egiten zutela ondorioztatu daiteke . Arlo honetan, adierazgarria da Yeregui y Compañia enpresak parte hartu zuela Madrilen 1926. urteko ekainaren 20tik 25era bitartean egin zen “I Congreso Nacional del Motor y del Automóvil” biltzarrean. Itsasontzietarako eta industriarako eztanda-motorren egile gisa aurkeztu ziren, eta 45 langile zituztela zioen.
Enpresak egindako prezioen azken katalogoak 1929ko urtarrilaren 1eko data dauka. Beren produktuak ageri dira bertan, zilindroen arabera multzokatuta:
Industriarako eztanda-motorrak:
- Zilindro bakarreko motorrak, 3 ZPtik 15 ZPra artekoak, 1.300tik 3.100era pezetakoak
- Bi zilindroko monoblok motorrak, 6 ZPtik 17 ZPra artekoak, 2.250tik 3.750era pezeta
- Lau zilindroko biblok motorrak, 12 ZPtik 40 ZPra artekoak, 4.900tik 8.900era pezeta
Motor horien hozte-sistema presio bidezko ponpa xurgatzaile bidez egiten zen, eta ponpa bidez koipeztatzen ziren. Sistema merkea eta ziurra zen.