Laburpena: 1958. urtean Francisco Juaristi Arangurenek sortutako enpresa. Zortzi urtez jardun zuen lanean, eta itsas diesel motorren egile gisa nabarmendu zen. 1965. urtean itxi zuten enpresa.
Historia: Jatorrizko enpresa, Construcciones Mecánicas Juaristi, S.A., Azkoitiko makina-erreminta arloko fabrikatzailea, 1941. urtean sortua, diesel motorren arloan sartu zen Yeregui Hermanos enpresaren bidez, Zumaian lantegia ezarri aurretik. Izan ere, Yeregui Hermanos enpresarekin akordio bat sinatu zuen bi denborako ‘YE-JU’ markako –YEregui eta JUaristi abizenen inizialak– motorrak egiteko, 50 ZPtik 150 ZPra artekoko potentziakoak.
1958. urteko uztailaren 5ean, Francisco Juaristi Arangurenek, jatorrizko enpresakoak, hilabete batzuk lehenago, Carmelo Echaveri egindako erosketa formalizatu zuen eskritura publiko bidez. Hor sartzen ziren, Etxezarreta kaleko lantegian zituen makinak, erremintak eta fabrikazio bidean zeuden materialak, eta urte hartako azaroaren 5ean, negozioaren izena aldatzea eskatu zion Industria Ordezkaritzari. Aurrez, 1957ko irailaren 16an, Talleres Auxiliares Juaristi enpresak Udalari baimena eskatu zion instalazio haietan zenbait konponketa egiteko. Aipagarria da Francisco Juaristik Otto Holke enpresan lan egin zuela bere gaztaroan.
Hiru urte geroago, atzeko alderantz zabaldu zuen lantegia, eta motorrak probatzeko eremua egokitu zuen bertan.
‘Juaristi’ motorren merkatu naturala Kantauri kostaldea izan bazen ere, azpimarratzeko modukoa da 20-24 ZPko motor asko Isla Cristinan (Huelva) saldu zituztela.
1965eko irailaren 16an, enpresak baja eman zuen Industria Erregistroan.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Enpresak iraun zuen zortzi urteetan, itsas diesel motorrak egiten nabarmendu zen. 10 ZPtik 20 ZPra arteko potentziako motorrak egiten zituzten, baina tarteka 40 edo 50 ZPko batzuk ere egin zituzten, lau denborakoak. Horrez gain, enpresak motorrak konpontzeko eta itsasontziak muntatzeko lanak ere egiten zituen, bai eta hodiak edo ‘bozinak’, helize-ardatzak eta tarteko ardatzak ere, Azkoitian egindako motorretarako. Azken horiek zuzenean ontziolara bidaltzen ziren.
Motorrak urte osoan zehar konpontzen zituzten, baina batik bat neguan. Izan ere, arrantza-ontziak geldirik egoten zirenez, Kantauri kostaldeko leku guztietako itsasontziak etortzen ziren Zumaiara. Behin gutxienez, egon ziren 14 itsasontzi, aldi berean, Talleres Auxiliares Juaristik konpontzera etorriak.
Helize itzulgarridun hodi edo ‘bozina’ batzuk ere fabrikatu zituzten, potentzia handiko motorretarako. Seguru asko horrelako osagaiak egin zituen inguruko lehen enpresa izan zen.
Baxurako arrantza-ontzietarako makinilla txikiak eta ureztaketarako motoponpak ere egin zituzten; batik bat, Andaluziarako.