Laburpena: 1956. urtean Unanue Azcue anaiek sortutako enpresa. Hasieran mekanizatu-lanak egiten zituzten enkarguz San Telmo kalearen atzeko aldean, Ondartxoko lokal txiki batean. Geroago diesel motorrak eta makina-erremintak egiten hasi ziren, eta azken jarduera horretan espezializatu ziren. 1962. urtekoa da Talleres URPE izen komertziala. Zazpi urte geroago, 1969an, sozietate anonimo bihurtu zen, eta Talleres URPE, S.A. izena hartu zuen. Eta azkenik, 1994. urtean, URPEMAK, S.L. bihurtu zen. Azken etapan, injekzio-makinen aldeko apustu sendoa egin zuen. Enpresa 2009. urtean itxi zuten, konkurtso-prozedura baten ondorioz.
Historia:
1956an Unanue Azcue anaiek sortutako enpresa. Hasieran mekanizatu-lanak egiten zituzten enkarguz San Telmo kalearen atzeko lokal txiki batean. Han, Ondartxo aldera begira mekanika-lantegia ezarri zuten Luisen izenean –anaietan hirugarrena–.[1] Hasierako kapitala 60.000 pezetakoa izan zen, eta aitak eta haren anaia batek utzi zieten, %50ean. Anaia gehienek aurrez Yeregui Hermanos eta Carmelo Echave enpresetan egin zuten lan, eta pixkanaka sartu ziren lantegi berrian. Hirugarrenentzat mekanizatuak egiten hasi ziren; batik bat, Julian Eguigurenentzat torneatze-lanak egiten, hari erositako tornuarekin, geroxeago motorgintzari ekiteko.[2]
1957ko urtarrilaren 2an, enpresaren titulartasuna aldatu zen, eta José Cruz Unanue Azcue izan zen titular berria.[3]
1960an Pedro Uribe-echeverria bazkide egin zuten, eta gerente izendatu. Une hartan, makina-erremintaren sektorean sartu ziren, eta tornu paraleloak fabrikatzeari ekin zioten. Estazio auzora eraman zuten lantegia, Fundiciones Torreaga lantegitik gertu zegoen orube batera.
1962an, enpresako titulartasunean berriro aldatzen dute, Juan Cruz Unanue Urangaren izenera hain zuzen, Unanue Azcue anaien aita, eta Talleres URPE izen komertziala erabiltzen hasi ziren.[4]
Enpresaren etorkizuna tornuak ekoiztera bideratu ondoren, urte hartako abenduaren 4an, Zentsu Industrialeko Erregistroan izena ematea eskatu zuten, tornuak egiten zituen enpresa gisa, eta motorrak egiteko jarduera bertan behera uztea erabaki zuten. Horren ekoizpena Talleres Arritokieta enpresari transferitu zioten, eta enpresa hark salmenten gaineko royalty bat ordaindu behar zien, ordain moduan.
1969an aldaketa garrantzitsu bat izan zen enpresaren titulartasunean, uztailaren 1ean sozietate anonimo bihurtu baitzen. Izen berria Talleres URPE, S.A. zen.[5]
1970ean, Pedro Uribe-echeverriak sozietatea utzi zuen, eta Miguel Ángel Unanue Azcue, Unanue Azcue anaietan bigarrena, izendatu zuten enpresako gerente.
Geroxeago, fluidoentzako ponpak fabrikatzeari ekin zioten, eta naiz eta bigarren mailako produktu bat izan lantegiaren jardueran, 1996. urtera arte mentendu zuten, Bombas Urpe, C.B. enpresari eskualdutu arte.
70eko hamarkadaren erdialdean, Logroñoko galdaketa-planta bateko %10eko partaidetza erosi zuten, burdinurtuzko piezen kostua hobetzeko asmoz. Geroago kapitalaren %100aren jabe egin ziren, aurrerago alde batera uzteko, azkenik, galdategiaren negozioa.[6]
1994ko ekainaren 14an URPEMAK, S.L. sozietate berria eratu zen, enpresaren izen berria hura izanik Talleres Urpe, S.A.ren ordez.[7] José Manuel Larreategui Aizpurua gerente izendatu zuten eta ‘URPE’ marka komertzialari eutsi zioten.
2008ko uztailaren 28an sozietatea prozedura konkurtsal batean sartu zen, auto judizial baten bidez.[8] Azkenean, Donostiako merkataritza-arloko epaitegiak legezko ediktu baten bidez iragarri zuen lehiaketa-prozesuan, 2009ko irailaren 14ko autoa betez, hau erabaki zuela, besteak beste: “Lehiaketaren likidazio-prozesua abian jartzea, zordunak hala eskatuta, eta Urpemak, Sociedad Limitada merkataritzako sozietatea indargabetutzat jotzen dela, sozietateko administratzaile sozialak kargutik kenduz, administrari konkurtsalak ordezkatuko dituelarik”.[9]
Ezaugarriak eta ekoizpena:
Industria Erregistroan ageri da zer makina zeuzkaten: 1,5 m.e.p.-ko tornu bat, 2 ZPko motorrarekin; karrakatzeko makina bat, 2 ZPko motorrarekin; 20 mm-ko zulagailu bat, 1,5 ZPko motorrarekin; eta esmerilagailu bat, 0,5 ZPko motor elektrikoarekin, ziren jardueraren hasieran zituzten produkzioko baliabideak, Industria Ordezkaritzaren Erregistroan ageri den bezala.
Jarduerari ekin eta denbora gutxira, bezero nagusiari eragin zion krisialdi bat etorri zen, eta denbora batez bestelako lanetan jardun zuten. Hala, besteak beste, Yeregui Hermanos enpresak eskatuta haien motor batzuk konpondu zituzten, eta ‘Flores’ harrobiko harria txikitzeko makina ere konpondu zuten. Harrobi hura ’Proes’ izenez ezagunagoa zen.
Dena den, abagune hura baliatuz, beste zenbait irtenbide bilatu zituzten. 1958an, 3 ZPtik 5 ZPra arteko 1.500 b/min-ko diesel motorrak egiten hasi ziren, lau denborakoak, zilindro batekoak eta ur bidezko hozte-sistema zeukatenak. Itsasontzi txikietarako aproposak ziren. Planoak egiteko Otto Holke enpresako delineante-proiektista zen Pedro Uribe-echeverriaren laguntza izan zuten. Lehenengo motorra Antonio Etxabe Furundarena, ‘Xendua’ren itsasontzian jarri zuten.
Motorretarako marka komertzial bat behar zuten, eta zenbait aukera aztertu ondoren, URPE aukeratu zuten, anaien hirugarren eta laugarren abizenen lehenengo bi inizialak erabiliz horixe lortu baitzuten: URanga PEña. Marka honekin 1.200 motor inguru egin zituzten.[10]
Enpresaren etorkizuna tornuak ekoiztera bideratu ondoren, 1962ko abenduaren 4an, Errolda Industrialeko Erregistroan izena ematea eskatu zuten, tornuak egiten zituen enpresa gisa,[11] eta motorrak egiteko jarduera bertan behera uztea erabaki zuten. Horren ekoizpena Talleres Arritokieta enpresari transferitu zioten, eta enpresa hark salmenten gaineko royalty bat ordaindu behar zien, ordain moduan.
Jarduera berriari ekin eta denbora gutxira, beste produktu bat ekoiztea erabaki zuten: mortasatzeko edo karrakatzeko makina bertikala. Makina hura enpresaren katalogoan egon zen enpresak iraun zuen artean. Kanpoko merkatuetan apustu gogorra egin zuten; izan ere, 1964. urtean salmenten %20 esportatu egin zuten, eta bi urte geroago, berriz, salmenten %85 esportatu zuten. 1967an Hannoverko EMO azokan parte hartu zuten eta ondorengo urteetan areagotu egin zuten beren presentzia beste hainbat azoketan.
Esportatzeko ahalmena handitzeko ere eman zituzten urratsak 70eko hamarkadaren erdialdean. Kolonbiako Pereira hirian tornuak muntatzeko planta bat ezarri zuten, makinak Hego Amerikako merkatuan errazago sartzeko. Baina hurrengo hamarkadaren erdialdean, planta hura itxi eta Mexikon muntaketa-planta bat ezartzeko zuten proiektua bertan behera utzi behar izan zuten, Latinoamerikan izandako krisi larriaren ondorioz.
Petrolioaren krisia izenekoak, 1973. urtearen amaieran hasi zenak, gogor astindu zuen makina-erremintaren sektorea, industria-sektore gehienak bezala. Tornu paraleloen merkatuan lehia oso gogorra zen, batik bat Asiako Ekialdeko enpresekikoa, eta enpresaren etorkizuna ziurtatzeko asmoz, beste aukera batzuk aztertu zituzten. 70eko hamarkadaren amaiera aldera, egurra lantzeko tornu kopiatzaile bat egin zuten, lehendik egiten zuten tornua oinarri hartuta, eta beharrezko aldaketak eta moldaketak sartuta. Horrela, metalaren industriaren merkatutik aldentzeko aukera izan zuten.
Hurrengo hamarkadaren erdian enpresak probatu zuen beste produktu-lerroa, burdina ez den metaletarako presiozko galdaketa-makinak izan ziren, injekzio-makina ere esaten zaienak, eta enpresaren azkenaldiko jarduera nagusia bihurtu zen, tornuak egiteari utzi ondoren.[12]
Horren erakusgarri da I+G arloan egindako ahalegina, makina berri bat merkaturatzeko: ‘Dosmat’ makina. Burdina ez den metala eta plastikoa aldi berean injektatzeko gai zen, eta Presiozko Galdaketaren Nazioarteko Azokan aurkeztu zuten, Euroguss 2006 izenekoan, Nuremberg hirian.[13] Eta geroago, 2007. urtean, Dusseldorf hiriko Galdaketaran Nazioarteko Azokan, Gifa izenekoan, eta Bilboko Gailur Industrial eta Teknologikoan aurkeztu zuten. Makina berritzaile hura mota hartako lehen makinatzat hartu zen mundu osoan.[14]
Enpresaren bizitzaren zehar fabrikatutako produktuen sortak honako osagarriak izan zituen:
Motorrak:
– Enpresaren lehenenego produktu propioa diesel motorra izan zen, 3 ZPtik 5 ZPra artekoa, 1.500 b/min-koa, lau denborakoa, zilindro batekoa eta ur bidez hoztua. Arrantza-ontzi txikietarako eta aisiako itsasontzietarako motorra zen. 1958tik 1962ra bitartean, produktu hura Kantauri kostaldean, Balear Uharteetan eta Mediterraneoko kostaldean saldu zuten. 1.200 motor inguru egin zituzten.
Makina-erremintak:
– Tornu paraleloek, puntuen arteko distantzia 750 mm-tik 2.000 mm-ra artekoa zutenak, 4-M, 4M-72/220, L-180 eta L-200 modeloak, leku aipagarria izan zuten enpresaren katalogoan hiru hamarkadetan zehar, 90eko hamarkadaren hasiera arte. Egurra lantzeko tornu kopiatzaile mota bat ere egin zuten, tornu paraleloaren oinarrizko egitura aprobetxatuz, 70eko hamarkadaren amaieratik 90eko hamarkadaren amaierara arte.
– Buru inklinagarridun mortasatzeko makina, 200 eta 300 mm-ko ibilbideko bertsioak, lehendabizi M-200 G eta M-300G modeloak, eta ondoren, MN-200 G eta MN-300 G modeloak, 3 ardatzeko kontrol automatikoarekin. Enpresaren katalogoko produktu finkatuena eta katalogoan gehiena iraun zuena izan zen.[15]
– Fluidoentzako ponpak: ureztatzekoak eta simaurrentzakoak.
– Burdina ez den metaletarako presiozko galdaketa-makinak, ganbera berokoak, CC seriekoak, eta ganbera hotzekoak, CFA seriekoak. Fabrikazio-programan 7,5etik 330 tonara arteko indarreko modeloak ageri ziren. 2006. urtean, burdina ez den metala eta plastikoa aldi berean injektatzeko gai zen makina bat merkaturatu zuten, ‘Dosmat’ izenekoa. Produktu-lerro hori izan zen garrantzitsuena enpresaren azken urteetan, eta horixe erakusten dute 2005. urtean egindako nazioarteko hiru patenteen eskaerek. Lehenengoa PCT/ES2005/000503 zenbakiarekin erregistratutako injekzio-prozedura bat zen; bigarrena, PCT/ES2005/000504 zenbakiarekin erregistratutako injekzio-mekanismo bat; eta hirugarrena, berriz, plastikoa eta metala aldi berean injektatzeko makina bat, PCT/ES2005/000502 zenbakiarekin erregistratua.[16]
1964tik 1966ra bitartean, 432 tornu eta 144 mortasatzeko makina egin zituzten. 1967ko lehen seihilekoan, 96 tornu eta 32 mortasatzeko makina egin zituzten. Tornuak 100.000 pezetan saltzen zituzten, batez beste, eta mortasatzeko makinak, 68.000 pezetan.
Urte haietako esportazioei buruzko datuak ere jakinak dira. 1964. urtean %20 esportatu zuten; 1965ean, %40; 1966an %85; eta 1967ko lehen seihilekoan, %100. Besteak beste, AEBetara, Alemaniara, Ingalaterrara, Hego Amerikara eta Afrikara esportatu zituzten produktuak. Azken urte hartan, Hannoverreko Azokan izan ziren beren produktuak erakusten, eta sektorearen egoera orokorraren alderantziz, ez zeukaten makinarik biltegian eta 3 edo 4 hilabeteko epeak zituzten produktuak entregatzeko.[17]
70eko hamarkadaren hasieran, urtean 300 tornu eta 70 mortasatzeko makina baino gehiago egiten zituzten, eta batez besteko prezioak 1,2 eta 1,5 milioi pezetakoak izaten ziren, hurrenez hurren.
- urtean produkzioaren %70 esportatu zuten. Esportatutako produktuen erdia Alemaniarako zen.
Enpresa itxi baino pixka bat lehenago, gerenteak aldizkari bateri adierazi zionez, lantegia instalazio berri eta modernoago batzutan, Jose Mari Korta Poligonoan kokatzeko aukera aztertzen ari ziren. Gainera, 2007ko ekitaldian, fakturazioa aurreko urtekoarekin konparatuta %20 handitzea aurreikusten zuten.[18] Baina zailtasun gaindiezinak sortu ziren eta handik gutxira lantegiaren itxiera etorri zen.
Enpresa, 60 langiletik gora izatera iritsi zen, eta 2007. urtean 55 langile zeuden.
[1] Enpresaren agiria, Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
[2] Miguel Angel Unanuek emandako informazioa.
[3] Enpresaren agiria, Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
[4] Idem.
[5] Idem.
[6] Miguel Angel Unanuek emandako informazioa.
[7] Enpresaren agiria, Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
[8] BOE, 2008ko abuztuak 11.
[9] BOE, 30 de septiembre de 2009.
[10] Miguel Angel Unanuek emandako informazioa.
[11] Enpresaren agiria, Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
[12] Miguel Angel Unanuek emandako informazioa.
[13] “Druckguss-Praxis” aldizkaria, 4/2006, 152-153. orriak.
[14] “Nueva Gestión”, Periódico Económico Empresarial, 34/3 zk. – 2007ko abenduak 16.
[15] Asociación de Fabricantes de Máquinas-herramienta-AFMren katalogoak, 1971tik 2008ra.
[16] OEPM.
[17] Miguel Angel Unanuek emandako informazioa.
[18] “Nueva Gestión”, Periódico Económico Empresarial, 34/3 zk. – 2007ko abenduak 16.