Laburpena: 1960. urtean, Simón Aizpurua Albizurik mekanika-lantegi bat zabaldu zuen Estazio auzoan, bost seme-alabei lana emateko asmoz. Sei urte geroago Aizpurua Apestegui, S.L. izena hartu zuen, eta 1983. urtean, berriz, Talleres Aizape, S.A. bihurtu zen. Hasiera batean, piezak mekanizatzen hasi ziren, enkarguz. Hala ere, berehala hasi ziren fresatzeko makinak diseinatzen eta egiten. 1994. urtean desagertu zen, eta Talleres Mecánicos Xumai, S.L. izenekoak hartu zuen haren tokia.
Historia: 1960. urtean, Simón Aizpurua Albizurik mekanika-lantegi bat zabaldu zuen Estazio auzoan, piezak mekanizatzeko, enkarguz. Lantegia Estaziorako errepidearen eskuinaldean zegoen; zehazki, gaur egungo Txepetxa elkartearen atzeko aldean. Enpresako lehen langileak bere bost semeak izan ziren, Aizpurua Apestegui anaiak eta denek zeukaten mekanika-prestakuntza, Zumaiako beste enpresa batzuetan lanean jardunak baitziren; Otto Holke eta Satesa lantegietan, esate baterako.
1966. urtean Basadizar izeneko inguruan egindako pabilioi berri batera eraman zuten enpresa, eta Aizpurua Apestegui, S.L. han eratu zuten. Geroago, eremu hura Estazioko industriagune bihurtu zen, eta gaur egun Basustabidea esaten zaio.
Urte batzuk geroago, 1983ko abenduan, Talleres Aizape, S.A. sozietatea eratu zen, eta hark bere gain hartu zuen aurreko sozietatearen jarduera, 1985eko urtarrilaren 28an Industria Erregistroan izen-aldaketa eskatu ondoren.
Talleres Aizape, S.A. 1994. urtean desagertu zen, eta haren ordez Talleres Mecánicos Xumai, S.L. eratu zen. Sozietate berrian Aizpurua Apestegui anaietatik biek jarraitu zuten lanean, baina makina-erremintaren arloko jarduera bertan behera utzita, enkargatutako piezak mekanizatzeari ekin zioten.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Anaietako batek, Jose Leonek, Otto Holke enpresako bulego teknikoan fresatzeko makinetan hartutako esperientzia baliatuz, enpresaren beraren lehen produktua proiektatu eta diseinatu zuen: zulagailu-fresatzeko makina unibertsal bat, buru higikorrekoa eta abiadura-erregulagailu progresiboduna. Produktua 1963. urtean patentatu zuten, eta P0285775 erregistro-zenbakia dauka. “Aizpurua” marka erabili zuten.
Fabrikazio-programa handitu zuten, bi produktu berrirekin: fresatzeko makina unibertsal bat, F-40 modeloa, eta alaka-esmerilagailu bat. Bigarrenentzako baliagarritasun-modelo bat eskatu zuten 1973. urtean, eta erregistratua eta onartua izan zen. U198567 zenbakia eman zioten.
Urte batzuk geroago, mahaigaineko fresatzeko makina didaktiko baten modelo bat egiten hasi ziren, Lanbide Heziketako zentroetarako, eta ale gehienak Alemaniako bezero bati saltzen zizkioten.
1981. urtean zulagailu-fresatzeko makina modelo berri bat egin zuten: TF-30 modeloa. Patenteen eta Marken Bulegoan erregistratu zuten, baliagarritasun-modelo gisa, eta U257985 zenbakia eman zioten.
80ko hamarkadaren erdialdera, zenbakizko kontrola sartu zioten zulagailu-fresatzeko makinari; hain zuzen ere, TF-30-CNC modeloari. Makinaren kontrola ‘Nafar’ markakoa zen, Derioko Nafar Elektronika enpresan egina. Enpresa hartako bazkidea eta arduradun teknikoa, Kepa Zubia, ingeniari zumaiarra zen.