Laburpena: Julian Eguiguren, Pedro, Joaquín, Félix eta Juan anaiekin batera hasi zen, makina-erremintak egiten Zumarragan, 1940. urtean, Construcciones Mecánicas Eguiguren sozietatean. 1948an, Julian Zumaiara etorri zen, eta mekanika-lantegi berri bat sortu zuen. 1950ean, anaiak alde batera utzita, bera bakarrik hasi zen tornuak fabrikatzen. “JEGUI” markarekin merkaturatu ziren tornu paralelo unibertsaletan espezializatu zen. Enpresak 1971. urtean eten zuen jarduna.
Historia: Julian Eguiguren Echave Azpeitian jaio zen 1910eko otsailaren 16an; Matías Eguigurenen eta Carmen Echaveren semea zen. Kontabilitatea ikasi zuen Azpeitiko Maristetan, eta lanean hasi zen, 18 edo 19 urterekin, Zumarragako Miguel de Ugalde, garraio-agentzian, besteak beste, herri horretako trenbide geltoki ezberdinen artean merkantzien aldaketa lanak egiten zituen enpresa.
Enpresa-ibilbideari Azpeitian eman zion hasiera. Lantegi bat zabaldu zuen, pilotalekutik hurbil, Zumarragako enpresaburuaren laguntza ekonomikoarekin. 1940ko maiatzean, Pedro, Joaquín, Félix eta Juan anaiekin batera, Construcciones Mecánicas Eguiguren sortu zuen, Zumarragan, Irimo enpresak gerran zehar fabrikatutako lehergailuak gordetzeko erabiltzen zuten lokal batean. Han egin zuten Eguiguren anaiek beren lehenengo tornua.
Geroxeago, Zestoan ezarri zuten lantegia eta 1948an Julianek Zumaian ezarri zuen berea. Mekanika-lantegi berri bat zabaltzeko baimena eskatu zuen, 350.000 pezetako hasierako kapitala jarrita, Zestoako lantegi nagusiko piezak mekanizatzeko asmoz. Hala ageri da Sindicato Nacional del Metal izenekoak 1948ko irailaren 11n Gipuzkoako Industria Ordezkaritzari bidalitako aldeko txosten batean.
Aquilino Elosuak zioenez, Frantzian erbestean egon ondoren itzuli zenean, 1948ko maiatzean, Julian Eguigurenekin hasi zen lanean. Lanpostua Elgoibarren zeukan lehendabizi, eta Zestoan, geroago, egunero joaten zelarik bertara, tornuak probatzera eta egiaztatzera, bezeroei bidali baino lehen.
Handik gutxira, 1950. urtean, Julian anaiengandik bereizi egin zen, eta tornuak fabrikatzeari ekin zion Zumaian. Horretarako, bi solairuko eraikin bat egin zuen Parolbidean.
Haren enpresa-filosofia ez zen izan garai hartan ohikoa zena. Jarduera diseinura, muntaketara eta merkaturatzera bideratu zuen, nagusiki. Piezen mekanizatuaren zati handiena enpresa laguntzaileen esku uzten zuen, azpikontratazioak eginez. Gainera, Julian Eguiguren Zumaiako mekanika-industrian gehien nabarmentzen ziren langileak kontratatzen saiatzen zen, beste enpresa batzuk baino soldata hobeak eskainiz. Alegia, Zumaiako enpresaburuen arteko itun ez-idatzia hautsi zuen, herriko beste enpresaren batetik zetorren langilerik ez onartzekoa. Batzuen ustez, Julian Eguiguren, ekintzailea eta dinamikoa izanik, garai hartan ohikoa ez zen moduan egin zuen lan, Zumaiako patronalaren eta gizartearen pentsamoldea ‘irauli’ zuen industri gizona izan zen.
Enpresaren historian gatazkak ere izan ziren. Lehenengoa 1952. urtean gertatu zen. Julian Eguigurenek salaketa bat jarri zuen, bide judizialetik, Pablo Goicoechea Cendoyaren aurka, planoak lapurtzeaz salatuta. Pablo Goicoechea Cendoya tornuak fabrikatzen hasi zen Azpeitiko María Nazabal y Cía. S.L. enpresan. Industria Ordezkaritzak Azpeitiko lehen auzialdiko epailari 1954ko uztailaren 12an bidalitako txostenetik ondorioztatu daitekeenaren arabera, salaketak ez zuen aurrera egin, lapurtutako planoen balioa ez zelako aintzat hartu.
Bigarren gatazka lantegiaren aurkako sabotaje baten ondorioz sortu zen. Itxuraz, 1956ko ekainaren 23an, enpresaz kanpoko pertsona batzuk tornu baten, karrakatzeko makina baten, bi arrabotatzeko makina zubidunen eta mandrinatzeko makina baten nahitaezko pieza batzuk desmuntatzen aritu ziren. Orduan ere Julian Eguigurenek bide judizialera jo zuen, eta salaketa bat aurkeztu zuen José Ignacio Apestegui Arreseren aurka.
Hirugarren auzia Julian Eguigurenek abiarazi zuen Industria y Gestión, S.L. eta Construcciones Mecánicas San Telmo, S.A. entitateen aurka. Bi enpresek Zumaian zuten egoitza. Horren ondorioz, Construcciones Mecánicas San Telmo, S.A. enpresak beste sozietate bat sortu behar izan zuen, Industrias Satesa, S.A. izenekoa, epaileak aintzakotzat hartu zuelako aurreko sozietate anonimoa “deuseza zela, itxura egiteagatik edo inexistentziagatik”.
Julian Eguiguren 1971ko abenduaren 22an hil zen, enpresak jarduera bertan behera utzi zuen urte berean.
Ezaugarriak eta ekoizpena: 1948an ekin zion jarduerari Zumaian, bi lantegitan. Bata Portuko kalean zegoen, gaur egungo Upela plazako 4. zenbakian. 2 ZPko hiru tornu mekaniko zeuzkan, metro batekoak; 1,50 metroko bi tornu, 2 ZPkoak; lan-mahaidun tornu bat, 400 mm-koa; 500 mm-ko bi karrakatzeko makina, 2 ZPkoak; 25 mm-ko zulagailu bat, 1,50 ZPkoa; 10 mm-ko zulagailu bat, 1,50 ZPkoa; eta leungailu-esmerilagailu bat, 1,50 ZPkoa. Bestea Estaziora bideko errepidean zegoen, Etxezarreta kaleko 6.ean. Han, metro bateko hiru tornu mekaniko zeuzkan, 2 ZPkoak; metro bateko bankada lauduneko bi tornu; 500 mm-ko karrakatzeko makina bat, 2 ZPkoa; fresatzeko makina bat, 1 ZPkoa; eta leungailu-esmerilagailu bat, 0,25 ZPkoa.
Tornuen fabrikazioari ekiteko, 1950ean, Parolbideko eraikin berrian ezarri zituen instalazioak, gaur egun Juan Belmonte izena duen kalean, Industria Ordezkaritzak zegokion baimena eman ondoren. Hurrengo urteetan, instalazioak handitzen joan zen, Parolbidean bertan beste lokal batzuk alokatuz.
1953an, Balenciaga S.A.-k Ondartxon zegoen antzinako jute-lantegiko nabe batean zeukan galdategia alokatu zuen, aldi labur baterako, ordura arte Lakuntzako “San Miguel” galdategitik jasotzen zituen piezak bertan egiteko.Dena den, 1956. urtean, fundizio bat ezarri zuen Jadarre auzoan, lehenago Vda. de Natalio Ibarra kontserba-lantegia egon zen eraikinean.
1963. urtean, Hotel Amayako garajearen eraikineko lokal bat alokatu zuen, Gálvez Cañero plazan, aurrez José Ángel Urteaga Morok galbanoplastia-lantegi bat zeukan tokian. Bertan, ‘Ajar’ tornu bat, ‘Asa’ zulagailu bat, gainazal lauak artezteko makina bat, ‘Abc’ pintura-konpresore bat eta tornuak probatzeko makina bat ezarri zituen.
Lantegia Parolbidean zehar zenbait lokaletan banatuta zeukanez, 1965ean erabaki zuen instalazioak konzentratzeko joera hartzea, Parolbidekoak liberatzen hastea. Horretarako, mekanizatuko eta muntaketako atalak Ondartxoko eraikin batean bildu zituen. Eraikina Victoriano Celayarena zen, eta lehenago Francisco Aizpuruaren galbanizazio-lantegi bat egon zen leku hartan bertan.
Ekoizpen-jarduera biltzeko norabide hura instalazio guztiak Estazio auzoko industriagune izeneko eremura eramateko proiektuaren aurretiko urratsa zen Julian Eguigurenen planean. Han, lantegi berri bat eraikitzeko asmoa zeukan, eta ordurako eman zion Banco de Crédito Industrial izenekoak 14.000.000 pezetako mailegu bat. Hala eta guztiz ere, proiektu hura bete gabe geratu zen.
Julian Eguigurenen enpresa tornu paralelo unibertsaletan espezializatu zen, eta ‘JEGUI’ marka erabiliz merkaturatu zituen. Zenbait modelo fabrikatu zituen, ‘Timba’, ‘Ayax’, ‘Ajar’, ‘Jegui’ eta ‘Ona’ serieetakoak, ezaugarrien aukera zabala betetzen zutenak; puntuen arteko distantziak 750 mm-tik 3.000 mm-ra artekoak ziren, eta puntuen altuerak, 180 mm-tik 310 mm-ra artekoak.
Zenbait patente erregistratu zituen. Lehenengoa 1950ean, buruan polea mailakatuak eta uhal planoa zeuzkan tornu paralelo batena, litekeena Timba modeloa izatea.. Bigarren patentea, 1951. urtekoa, uhal trapezoidalen bidezko abiadura-aldaketa automatikoak egiteko akoplatutako dispositiboak zituen tornu paralelo batena izan zen. 1957. urtean, tornu mekaniko paralelo azkar bat patentatu zuen. Eta 1961. urtean, berriz, baliagarritasun-modelo gisa, tornu mekanikoen bururako engranaje-kaxa hobetu bat.
Hirurogeiko hamarkadan, egunean bi edo hiru tornu egitera iritsi zen, eta Estatu espainolean, Frantzian, Alemanian, Israelen eta Latinoamerikan saltzen zituen.
Bere merkataritza-ikuspegiari esker, Julian Eguigurenek tornu sinple eta merkeetatik (buruan hiru maila zeuzkan polea batekin, lantegi txikietarako, garajeetarako, etab.) modelo moderno eta lehiakorragoetara eboluzionatu zuen, eta ez merkatu nazionalean soilik, bai eta nazioartean ere. 1956. urtean Industria Ministerioko Ordezkaritzara bidalitako agiri batean ikus daitekeen moduan, 50 tornu baino gehiago esportatu zituen Brasilera, Txilera eta Mexikora, eta hilean beste 6 bidaltzeko konpromisoa hartuta zeukan. 50eko hamarkadako azken urteetan, bi modelo desberdin aurkeztu zituen Bruselako Nazioarteko Makina-erremintaren Azokan. Seguruenik, 1958an izan zen, Bruselako Expon. Greziako Gobernuak antolatutako nazioarteko lehiaketa batean ere izan zen, nazio hartako lanbide-heziketako eskolen sare bat tornuz hornitzeko. Julian Eguigurenek lehiaketa hura irabazi egin zuen, baina ez zuen ondoriorik izan, Grezian kolpe militarra izan zelako 1967ko apirilaren 21ean.
Beste ardura bat ekoizpenerako baliabide egokiak edukitzea izan zen, produktuen kalitatea eta lehiakortasuna ziurtatzeko. Julian Eguigurenek garai hartan teknikoki oso aurreratuak ziren izen handiko zenbait makina erosi zituen. Besteak beste: leuntzeko eta artezteko makina bat, ‘Studer’ markakoa, Suitzakoa; gainazal lauak artezteko makina hidrauliko bat, ‘Jones&Shipman’ markakoa, Ingalaterrakoa; zuloak leuntzeko eta barrutik leuntzeko makina bat, ‘Delapena’ markakoa, Ingalaterrakoa; eta bankadak artezteko makina bat, ‘Zocca’ markakoa, Italiakoa.
Enpresako plantilla 100 langilekoa izatera iritsi zen eta Zumaiako zenbait lantegi laguntzaileri ere lana eman zion.