Laburpena: 1970ean Talleres Urgain eta Zumaia, S.C.I. lantegiek bat egin eta Egurko, S.Coop. sortu zuten, eta egurra lantzeko makinak egiteari ekin zioten. 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera, Espainiar Estatuko  egurra lantzeko makina-fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat izatera iritsi zen Egurko. Hala eta guztiz ere, Alemanian eta Italian egurra lantzeko makina-fabrikatzaileen talde handien sorrerarekin  Europa mailan eman ziren aldaketa handien eta Espainiako altzarigintzako krisi sakonaren ondorioz, enpresak lehiakortasuna galdu zuen eta salmentetan izugarrizko beherakada izan zuen. Hala, 2011. urtean jarduera eten zuten, eta 2012an sozietatea desegin zen.

Historia:

1960ko hamarkadan lanpostuak urritzen hasi ziren Zumaian. Ordura arte eragile izan ziren enpresak, ez aurrera ez atzera geratu ziren edo gainbehera hasi ziren. Horren ondorioz, zumaiar askok inguruko herrietara jo zuten lan bila. Egunero-egunero, trena hartuta, Zarautza, Mendarora eta Elgoibarrera joaten ziren, besteak beste, beren lanpostuetara. Beste batzuk Getariako eta Orioko arrantza-ontzietan hasi ziren lanean, antxoa eta atuna harrapatzeko kanpainetan.zumai-hasierako-taldea-002

Egoerak kezkatuta, gazte batzuk bildu ziren guztien artean irtenbideak aurkitzen saiatzeko, Manuel Aizpurua Idiakezek animatuta. Bazeuzkaten Arrasaten hasitako kooperatiba-mugimenduaren erreferentzia batzuk, eta bide horretan sakontzea erabaki zuten. Hala ere, ez zeukaten oso garbi horrelako industria-jarduera batek eskatzen zuen alderdi garrantzitsu bat: fabrikatu beharreko produktua zein izango zen. Etorkizunean beren produktu bat bilatzea eta aukeratzea baztertu gabe, hasiera batean besteentzako mekanizazio-lanak egiteari ekin zioten; izan ere, bazuten itxaropena Guascor, S.A. enpresak –garai hartan “Baudouin” motorrak merkaturatzen zituen– enkarguak egin ziezazkien.

Hala, Zumai, S.C.I. izeneko industria-kooperatiba eratu zuten, eta 1967. urteko apirilaren 14an, Industria Erregistroan inskribitzeko eskaera egin zuten, metalaren arloko beste enpresentzako, plano gainean eta xehetasunak emanda enkarguzko lanak egiteko. Enpresa alokatutako 95 m2-ko lokal txiki batean ezarri zuten, Estazio auzoan, Xoxokua baserriaren ondoan, eta izen komertziala Industrias Zumai zeukan, gerente posturako Luis Mari Zearreta Arano izendatuaz.egurko-1967_escrito-de-industrias-zumia

Bestalde, herriko beste lantegi txiki bat, Talleres Urgain, 1961ean sortua eta Avenida Marqués de Forondan, gaur egun Axular Ibiltokian kokatua, hausnarketa-prozesu batean murgilduta zegoen, kooperatiba bihurtu ala ez erabakitzeko. Enpresa horren jarduera nagusia “Echea” tornuak egiteko osagaiak eta multzoak mekanizatzea eta muntatzea zen; esate baterako, Norton kaxa edo aitzinamendu-kaxa, orga nagusiaren aurrekoa edo amantala eta charriot edo zeharkako orga erreminta-etxea. Gainera, artezteko makinen bankadak mekanizatzen zituzten Danobat, S.C.I. enpresarako, bai eta Industrias Satesa enpresako tornuetarako piezak ere, neurri txikiagoan. Beren produktua edukitzeko grinari eutsiz, kortxoa jartzeko eskuzko makinak egin zituzten, baina azkenean ekoizpena Barinaga anaien esku utzi zuten. 60ko hamarkadako azken urteetan egurra lantzeko makinak egiten hasi ziren; lehendabizi zerra zirkular bikoitz bat fabrikatu zuten,sierra-recortada eta ondoren, banda zabaleko lixatzeko makina bat. 

Zumaian bi industria-kooperatiba berri txiki sortzera zihoazela ikusita, elkarrekin harremanetan jarri ziren, eta abantailak eta desabantailak aztertu ondoren, 1969. urtean, kooperatiba bakar bat osatzea erabaki zuten. Erabilitako formula Zumai, S.C.I.k irenspen bidezko absortzioa egitea izan zen. Geroago, integraziorako onartutako beste akordio bat betez, 1970ko hasieratik aurrera, kooperatibaren izena aldatu eta izen sozial berria Egurko, S.C.I. izan zen, eta marka komertziala, “Egurko”. 1970eko urtarrilaren 1ean, Euskadiko Kutxarekin elkartu eta Arrasaten sortutako kooperatiba-mugimenduan sartu zen.egurko-1974_escrito-a-industria

Zubiola, S.C.I. kooperatibarekin bat egiteko ahaleginak ez zuenez arrakastarik izan, 70ko hamarkada haren amaieran Urkide Taldean parte hartu zuen, Urola bailarako beste kooperatiba batzuekin batera; Danona, Cooperativa Obrera del Mueble, Leroa eta Zubiola kooperatibekin. Urte batzuk geroago, 1991n, Mondragon Korporazioko kooperatibak berrantolatu ondoren, Grupo Danobat izenekoan sartu zen.

Bi urte geroago itun estrategiko bat sinatu zuen Huarte-Iruñeko Ortza kooperatibarekin. Hark ere egurra lantzeko makinak egiten zituen, Egurko kooperatiban egindako produktuen osagarri. Zuzendaritza bakar baten mende eta merkataritza-sare berean funtzionatu zuten, “Egurko-Ortza” markarekin, nork bere nortasun juridikoari eutsiz.

Egurko Estatu espainoleko egurra lantzeko makina-fabrikatzaile garrantzitsuenetako bat izan zen 70eko hamarkadaren erdialdetik aurrera. Baina, Alemanian eta Italian egurra lantzeko makina-fabrikatzaileen talde handien sorrerarekin  Europa mailan eman ziren aldaketa handien eta Espainiako altzarigintzako krisi sakonaren ondorioz, enpresak lehiakortasuna galdu zuen eta salmentetan izugarrizko beherakada izan zuen. Hala, 2011. urtean jarduera eten zuten eta 2012ko otsailaren 10ean egindako ez ohiko Batzar Nagusian erabaki zuten sozietatea desegitea. 

Ezaugarriak eta ekoizpena:

1969. urteko bigarren seihilekoan, Industrias Zumaia kooperatibako makinak eta ekipoak Talleres Urgain enpresaren lokaletara eraman zituzten, Marqués de Foronda etorbidera –gaur egungo Axular etorbidea izena duenera–.lijadora-egurko1000 Hirugarrenentzat lan egitea alde batera utzi zuten pixkanaka, eta egurra lantzeko makinak egiten hasi ziren, batik bat taula aglomeratuetan oinarritutako altzarigintza modernorako. Zerra zirkular bikoitza, 2000 modeloa, eta banda zabaleko lixatzeko makina, 1000 modeloa, izan ziren lehenengoak.

1970an produktu berri bat garatu zuten: profilatzeko makina automatiko bikoitza, “Gabbiani” makina italiarrean inspiratuta. Oso harrera ona izan zuen merkatuan eta Egurkoren posizionamendua finkatzen lagundu zuen.  Geroxeago, banda zabaleko lixatzeko makinen gama hedatzeari ekin zioten.

Egurko kooperatibaren negozioa altzarigintzaren mende zegoen, eta sektorea gorantz zihoanez, etorkizunerako itxaropenak onak ziren.egurkopda Estazio aldean lantoki berri bat egitea pentsatu zuten; hain zuzen ere, Basadi zaharrean. Lantokia eraiki beharreko lursailaren kalifikazioa industriala ez zen arren, Udalak ez zuen eragozpenik jarri, Eugenio Arrizabalaga  alkatearen laguntzari esker, lehendik zegoen industriagunearen jarraipena zela ulertzen zuelako, eta plan orokorraren hurrengo berrikuspenean birkalifikatzeko asmoa zeukatelako.

Proiektua gauzatzen ari zenean, petrolioaren krisia sortu zen, 1973. urtearen amaiera aldera, eta haren eragina 1974ko lehen erdian hasi zen nabarmentzen altzarigintzan. Hala ere, planta berriaren lanak ez etetea erabaki zuten, eta 1976. urteko urtarrilean, instalazio berrietan ezarri zuten enpresa, 9.800 m2-ko azalera estalia zuelarik.81075-10-03

Urte hartan bertan, ertzak txapeatzeko makina fabrikatzen hasi ziren –ertzak lantzekoa ere esaten zioten–, bikoitzak zein bakunak, profilatzeko makina bikoitzaren osagarri, merkatuan linea automatiko osoak –tren automatikoak– eskaini ahal izateko. Lan haiek Azpeitiko Zubiola, S.C.I. enpresarekin batera egiten zituzten; zulagailu anitzaren fabrikatzailearekin batera, alegia. Horretarako, Alemaniako Baden-Württemberg land-eko Freiburg im Breisgau hiriko B. Raimann GmbH enpresarekin fabrikazio lizentzia-kontratu bat sinatu zuten.raiman_egurko Produktu-linea hori izan zen garrantzitsuena Egurkok une hartatik aurrera izan zuen bilakaeran.

Egurra lantzeko makinei dagokienez, Egurko kooperatibak egindako produktuak ertzen mekanizatze eta txapeatze-lanak, nahiz gainazal lauen lixaketa-lanak egitekoak izan ziren batik bat, altzarien eta ateen lantegietara zuzenduak.

  • Zerra zirkular bikoitza, 2000 modeloa, 1969. urtetik 1975. urtera arte:.
  • Banda zabaleko lixatzeko makinak, 1969tik aurrera: 1000, 1100 eta 1300 modeloak, bat, bi eta hiru bandakoak; eta L, LB eta LMF. 2006. urtetik aurrera “Weber” marka alemaneko lixatzeko makinak merkaturatu zituzten.
  • Profilatzeko makina automatiko bikoitza, 1970. urtetik aurrera: 3000-A, B eta C modeloak, PDA28, etab.
  • Egurrezko xafletarako zizaila, 1971. urtetik 1975. urtera arte: 5100 modeloa.
  • Banda gurutzatuko lixatzeko makina, CP modeloa, 1974. urtetik 1978. urtera arte.
  • Ertzak txapeatzeko edo ertzak lantzeko makina, aldebakarrekoa eta aldebikoa, 1976. urtetik aurrera: CH-14, 17 eta 21 modeloak, eta KB, UNIK, UK eta DK modeloak.
  • Profilatzeko eta ertzak lantzeko makina konbinatua, 1978. urtetik aurrera: ECR/ ECRS/ ECRHS/ ECRU modeloak.
  • Ertzak mekanizatzeko eta xaflez estaltzeko lerro automatikoak. 

ch21-reducidaBere katalogoan izan ziren, baita ere, mekanizazio-zentroak, DART 270, DART 320 “Nesting”, DART 800 eta PortaDART modeloak, eta sekzionatzaile horizontala, ARROW modeloa.

Egurko kooperatibaren historiako lehen 10 urteetan, katalogoko produkturik garrantzitsuena profilatzeko makina bikoitza izan bazen ere, ondoren, ertzak txapeatzeko makina indarra hartzen hasi zen, eta produktu nagusia izatera iritsi zen; sukaldeko altzarien alorrean eragin handia izan zuen azken urteetan. Nabarmendu beharrekoa da 80. hamarkadaren erditik aurrera beren produktuetan zenbakizko kontrola sartzen hasi zirela.imagen-17

Berrikuntza teknologikoa oso presente egon zen Egurkoren lehentasunen artean. Horren erakusgarri da I+Gko jardueretan parte hartu izana. Lehendabizi, Ikerlan Ikerketa Teknologikoen Zentroaren eskutik, 1974. urtean –haren bazkide sortzaileetako bat izan zen, hain zuzen ere–; eta geroago, Grupo Danobat izenekoan integratutako Ideko Zentro Teknologikoaren kide gisa.

Egurko kooperatibak baliagarritasun-modelo ugari erregistratu zituen: “Mahai flotatzailedun leuntzeko makinetan egindako hobekuntzak”, 1970. urtean; “Eskuairatzeko eta profilatzeko makina berria”, 1970. urtean; “Lixatzeko makina perfekzionatua”, 1976. urtean; “Lixatzeko makina baten edo antzeko baten bururako gailu baskulatzaile perfekzionatua”,1978. urtean; “Dosifikatzeko eta kolatzeko unitate perfekzionatua”,1978. urtean; “Taulen ertzak eta antzekoak txapeatzeko makinetarako inpregnatzeko gailua”,1994. urtean. 

Produktuak merkaturatzeko eta nazioartean zabaltzeko, produktu osagarriak zituzten beste enpresa batzuekin lankidetzan aritu zen, antolakuntza komunak erabiliz sinergiak lortzeko asmoz.EGURKO ULTIMA

1970eko hamarkadaren lehen urteetan, Agrupación Zurbalco izenekoan parte hartu zuen, beste hauekin batera: Talleres Zubiola, S.C.I. eta Talleres Irurak, Azpeitikoak; eta Aguirrezabala, S.L., Talleres Alberto Balenciaga, Talleres Fermín Elola, Talleres Erco eta Contrucciones Zurlan, Zarauzkoak. Estatu espainolean ordezkarien sare bat zeukaten, komisioko soldatapean lan egiten zutenak.

1974. urtean komertzial sare propioa sortu zuten Zubiola, S.C.I.-rekin eta Hernaniko Scoiner, S.C.I.-rekin batera. Eta 1975. urtean, Hannoverreko Azokara joan ziren lehen aldiz, Zubiola kooperatibarekin batera, beren standa zeukatela.

Lehen esportazioak Kubara, Frantziara, Portugalera, Errumaniara, Ingalaterrara, Kanadara eta Mexikora egindakoak izan ziren.

1978. urtean Maquinarias Urko izeneko ordezkaritza bat sortu zuten Caracasen, Venezuelako hiriburuan, Zubiola, Danobat, Goiti eta Kendu kooperatibekin batera, herrialde hartan bizi ziren zenbait euskaldun bazkideak izanik. Hurrengo urteetan oro har Latinoamerikan eta bereziki Venezuelan eragin handia izan zuen krisiaren ondorioz, ordezkaritza itxi behar izan zuten.imagen-2

Ondorengo urteetan, zenbait herrialdetan sartu ziren –Japonian eta Turkian, esate baterako–, eta operazio garrantzitsuak egin zituzten Brasilen, Errusian eta Txinan, ingeniaritza-enpresa holandar baten bitartez. Esportazio-maila %20tik %30era artekoa izan ondoren, azken garaian salmenta guztien %50 esportatzen zuten.

Nazioartean zabaltzeko egindako ekintzen artean, aipatzeko modukoa da 2000. urtean Brasilen enpresa bat zabaldu zutela, São José dos Pinhais hirian, mekanizazio-zentroak, txapeatzeko makinak eta makina konbinatuak fabrikatzeko. Eta Errumanian ere sortu zuten Planerko izeneko enpresa bat, Cluj Napoca hirian. 2004ko irailaren 10ean inauguratu zuten, eta ertzak txapeatzeko makina txikiak egiten zituzten bertan; gainera, Zumaiako lantegiko produktuak biltegiratzeko eta banatzeko zentro logistikotzat ere erabiltzen zuten, inguruko herrialdeetarako. 

1970eko martxoaren 30ean, Egurkok 33 pertsonako plantilla zeukan, eta 700 m2-ko gainazal estalia, alokatutako bi nabetan. Urte eta erdi geroago, 57 langile zeuzkan, eta 1.500 m2-ko gainazal estalia. 1975ean,
berriz, 73 lagunek egiten zuten lan bertan. 

1976. urtearen hasieran, Basustabideko instalazio berrietan, 9.800 m2-ko gainazal estalia zeukaten, eta 1980. urtean, 98 langile.  90eko hamarkadan 125 langile izatera iritsi zen.

imagen-7

 

 

Oharrak
1. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
2. Miguel Ángel Atxurrak emandako informazioa
3. EHAA, 2012ko martxoak 7
4. Enpresako artxiboa
5. OEPM
6. Luis M. Etxabe emandako informazioa
7. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
8. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
Miguel Ángel Atxurrak emandako informazioa
EHAA, 2012ko martxoak 7
Enpresako artxiboa
OEPM
Luis M. Etxabe emandako informazioa
Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia