Laburpena: Oikiako zementu fabrika honen sorrera 1850-1855 artean kokatzen da, Conde de Villafrancaren Igartzako ola zaharrean. Garchotenea y Compañía, Pedro Olave y Compañía, eta Olaizola y Compañía, izan ziren hirurogei urtean lantegia ustiatu zuten elkarte nagusienak. Fabrikaren jarduera, seguru asko, 1915. urtearen inguruan amaitzen da.
Historia:
Cándido Gaytan de Ayala y Areyzaga, Conde de Villafrancaren jabegoko fabrika, “Oikiako bailaran, Igarza izeneko parajean, izen bereko errota eta burdinola ohia” egon ziren tokian kokatu zen, Urola ibaia gurutzatzen duen zubiaren ondoan, “Olalde” eta “Urtzaile” baserrietatik gertu, eta Errota Berri errotatik eta Igartzako palazioa egon zen lekutik hurbil. Bere jardueren hasiera 1850 eta 1855 bitartean izan zitekeen, 1904ko argitalpen batean adierazten den bezala; eta 1853an, “Isabel II.a Ubiderako” zementua hornitzeko zementugileen arteko hitzarmen batean partehartzegatik.
Zementugintzan hasi zenean, Kondeak zein bazkide edo kide izan zituen ez jakin arren, 1859. urtean Gracián Celaya eta Juan Bautista Alberdi izan ziren Francisco eta José Martín Leizaola anaiak Errotaberriko (sic) olan “makineria prest jartzeko” kontratatu zituztenak. Lan horiek burutzeko 27.496 errealeko aurrekontua eta lau hilabeteko epea zuten, eta gurpil hidrauliko bat, engranajeak eta uhate bat aurreikusten ziren.
Seguruenik, aurreko urteetan hartutako eskarmentuarekin eta instalazioen egokitze lanak egin ondoren, Conde de Villafranca de Gaytán-ek, Gracián Celaya-k eta Juan Bautista Alberdi-k, elkarte bat eratzeko hitzarmen bat egitea erabaki zuten 1860an, Oikiako ola zaharrean kare hidraulikoa egiteko helburuarekin.
Ondorengo urteetan, 1883ra arte gutxienez, Garchotenea y Compañía izena erabili zuen elkarteak, hainbat dokumentutan ageri denez: 1870ko “Historia general de Guipúzcoa”, eta 1883ko eta 1885ko eskritura batzuetan, horietako bat, 1883koa, zementu hidraulikogileen Liga edo elkartearen sorrerakoa. Baditugu 1871ko beste erreferentzia batzuk ere, Sebastián Garchotenea eta Manuel Jucler aritu zirenekoak “Oiquina” fabrikaren izenean, bata ordezkari eta bestea gerente bezala.
Sozietatearen osaeran hainbat aldaketaren ondoren, 1890an elkarte berri bat eratu zen, aurrekoa likidatu eta gero. Zumaiako 1883-1884ko kontribuzio industrialaren zerrendan ageri bada ere Pedro Olave y socios, 1890an sozietate komanditario berri bat eratzen da, Pedro Olave y Compañía izenarekin eta bazkide hauekin: Pedro Olave Beristain, ugazaba, Debako auzotarra, kapitalaren %28arekin; Juan Ignacio Arregi Odria, Azpeitiako auzotarra, %17arekin; Juan José Celaya San Miguel, medikua, Azpeitian jaioa eta Donostiako auzotarra, %33arekin, eta Gracián Alberdi Aranguren, Urretxuko auzotarra, industria gizona, %22arekin. Data horretan Leonor Gaytán de Ayala y Jusué, Conde de Villafrancaren alaba eta Cándido Orbe y Gaytán de Ayalaren, emaztea, zen fabrikaren jabea. Pedro Olave izendatu zuten gerentetzarako, urteko 1.500 pezetako soladatarekin.
1900. urtean Gracian Alberdik elkartea utzi zuen, Arroa Behean fabrika berri bat eraikitzeko, eta urte horretako uztailaren 8an beste aldaketa bat egiten da Olaizola y Compañía elkarte kolektiboan bilakatuz, bazkide hauek zirelarik: Aizarnazabalgo Julian Etxeberria Etxabe, Zumaiako Jose Mª Olaizola Etxabe eta Pedro Olaizola Etxabek, bakoitzak %30 partearekin eta Zumaiako Pedro Ignacio Aizpurua Buenecheak %10ekin. 1903ko irailaren 4an bazkide kopurua aldatu zen, Joaquina Irure Olascoagaren sarrerarekin, beste bazkideetako batzuk emandako %15ko partaidetzarekin.
Gero, 1905ko irailaren 2an, aurreko elkartea ordezkatuko zuen Olaizola y Compañía, Sociedad en Comandita, eratu zen, Francisco Otermin Zumaiako notarioaren aurrean, bazkide berak zituela, eta lehengo elkartearen 40.000 pezetako capital sozialarekin. Elkartearen zuzendaritza eta administraritza Jose Maria Olaizolaren esku bakarrik geratu zen, horregatik urteko 2.000 pezetako errenta jasoko zuelarik, eta gainera, irabaziak egon ezkero, bazkideei kapitalaren %5ta ordaindu ondoren geratzen zenearen %10ko gainsaria. Elkartearen iraunaldia 1915ko ekainaren 30koa zen, data horretan amaituko zelako fabrikaren errentamendua.
Seguru asko, urte horretan amaitu zen Oiquina zementu fabrikaren jarduera, nahiz eta 1916. urtean, Gipuzkoako Industria Matrikulan agertzen zen, eta baita ere urte bereko estatistika batzuetan, zementu naturalaren 2.000 tonako ekoizpenarekin.
Esan, gainera, Zumaiako industria kontribuzioaren 1911ko erroldan jasotzen denez, Candido Orbe y Gaytán de Ayalak argi indarra sortzeko ur salto batekin ageri dela, eta jarduera horrekin jarraitu zuela zementu fábrika itxi ondoren, 1917an José María Olaizolarekin batera, “Electra Oiquina” sozietate erregular kolektiboa sortuaz.
Ezaugarriak eta ekoizpena:
Fabrika
Fabrikaren orubeak, teilapeak, labeak eta alboko lursailak barne, 1.900 m2-ko azalera zuen. Instalazio horiek Conde de Villafrancari errentamenduan hartuak ziren. 1890ean kontratua berritzerakoan, urteko 1.500 pezetako errenta finkatu zen, eta urteko 60.000 kintale (kintaleko 73,8 kilo), 4.428 tona harri kiskali edo kaltzinatu gainditu ezkero, kintaleko bost zentimo pezeta ordaindu beharko zen. 1883-84ko herriko industria zergen zerrendan, lau labe eta ehotzeko bi harri zituen.
Aurreko beste datu batzuk ere baditugu. 1862ko abuztuaren 30eko Industria estatistikako datuak diotenez, Conde de Villafrancaren lantegian uraren indarra erabiltzen zen eta, “14 oineko diametroko pala biribil” (gurpil hidraulikoa) baten bitartez, 20 zaldiko baliokideko potentzia lortzen zuen eta orduko 10 kintal produktu ateratzen zituen, urtean 180 egun lan egiten zuten eta 8 orduko lan jarduera zuten.
Ramón de Berasateguik, 1871ko otsailaren 8an, Ramón de Zavala y Salazarreri bidalitako gutunean aipatzen da gurpil hidraulikoa: “Conde de Villafrancaren Administrariak haritz bat edo bi nahi ditu, bere balio justuan, Oikian daukan zementu fabrikako gurpil hidraulikoa konpontzeko”
1904ko aldizkari batean esaten zen, eraikinak 1.000 m2 okupatzen zituztela, kiskaltzeko eta, birrindu edo ehotzeko sailak barne. Eta fabrikazio prozesuaren deskribapena egiten da “(…) kare-bustindun harria era jarraian kiskaltzeko oboide formako labe bertikalak, 55 m3 edukierakoa bakoitza, non sartzen den era egokian birrindu eta aztertu ondoren. Kiskalketa egiaztatu eta gero ateratzen da, puskak iragaziaz produktua hobeto egiteko, kiskalitako harria birrinketa eta ehoketa geletara garraiatuz. Hori, errota bertikalen bitartez egiten da, dena den, harri kiskalia hoietara iritsi baino lehen, matxaka mekanikoen eragina jasatzen du. Behin harri kiskalia birrindu eta ehotu ondoren, bahetzera pasatzen da zementua lortzeko, hondarrak errotetara itzuliz automatikoki.” 1908ko beste informazio baten arabera, sei labe eta bi errotarri bertikal zeunden eta 50 ZPko indar hidraulikoa erabiltzen zuten, urteko 5.000 tona zementu ekoizten zelarik.
Harrobia eta meategia
Ibañarrietako harrobiko harria eta Ertxina mendiko ikatza, Aizarnako San Pelayo meategikoa, erabiltzen zituzten. 1866an, 12.000 kintal, 400.000 kilo inguru, lignito atera zituzten, sei langilekin. Bi aire-bide zituzten, bata Aizarnako meategiko ikatza Txiribogara jeisteko eta bestea Ibañarrietatik Beduara harria garraiatzeko.
1883. urtean Donostiako egunkari batek zioenez: “Zumaiatik gertu dagoen Oikian, laster amaituko da aireko trenbidea, Somorrostroko meategien antzera, harrobitik kare hidraulikoaren fabrikaraino doana” Ulertu daiteke beste aire-bide batez ari zela, baina 1890an sozietatea eratzeko eskrituran, errentamenduan hartutako instalazioen artean Ibañarrietatik Beduara jeisten zena bakarrik aipatzen da.
Zementuaren garraioa eta biltegiratzea
Itsasoz zementuaren bidalketa errazteko, eta beste zementu fabrikatzaileek bezala, bazuten biltegi bat Zumaiako portuan, Arrona, (gaur egun Narrondo), ibaiaren ertzean. 1871erako bazen biltegi hori, bere aurrean horma bat egitea zela eta, Oikiako fabrikaren ordezkaria zen Sebastián Garchotenearen idazki bati Diputazioak emandako erantzunean ageri denez.
Azpimarratzekoa da, portuko biltegiaren gainean upelak egiteko tailer bat zutela, Pedro Olave y Compañíaren jabegoko lursail batean, non beste eraikin batzuek ere bazituzte. Egiterakoan, Leonor Gaytán de Ayala y Jusué, Oikiako fabrikaren jabearen diru ekarpena izan zuten. 1900ko urriaren 29an Francisco Otermin Zumaiako notarioaren aurrean emandako eskrituran jasotzen denez, lursail hori Gracián Alberdiren eskuetara pasatu zen, beste bazkideen partaidetza hartuaz.
Urte luzez, zementua fabrikatik portura gurdiz garraiatu ondoren, eta kostuak gutxitzeko asmoz, 1902ko martxoaren 22ko Erreginaren agindu baten bidez lortu zuten baimena, Urola ibaian, Zumaiatik hiru kilometrotara zegoen “Urea” (Uraun bezala ezaguna) izeneko tokia prestatzeko, gabarretan ontziratzeko fabrikan egindako zementua Zumaiako portura eramateko. Aipatzekoa ere, 1890ean “San Pedro” izeneko patatxe bat zutela, itsaso bidez zementua garraiatzeko erabiliko zutena.
1862ko uztailaren 11an sinatu zuten “Domingo Valdepeñas eta Luis Pereira jaunek, Conde de Villafranca de Gaytánen ahaldun bezala, Cartagenako armategiari Zumaia edo Iraetako berrogei mila kintal zementuz hornitzeko kontratu eta fidantza eskritura” eta Marinako Kontabilitate Zuzendariak onartua izan zen. Gainera, hamar hilabete geroago, 1863ko martxoaren 10ean, gauzatu zen antzeko beste eskritura bat, oraingoan, Domingo Valdepeñas jauna aritu zelarik Gracián de Celayaren ahaldun bezala, lehen aipatutako armategiari beste hogei mila kintal zementu hornitzeko.
Adierazgarria ere, 1863 eta 1866 artean, Debako zubia eraikitzeko behar zen zementu hornidura Oikiako fabrikak burutu zuela, Oikiako Sebastian Garchotorena y Compañía ageri baita lan horretarako erabili zen kare hidraulikoaren hornitzaileen artean.
Fabrika hau, Zumaia zementuaren egileen artean sortutako elkarteen partaide izan zen, bai 1888ean eta baita 1915an ere. Gainera, lantegiak hainbat sari merezi izan zituen eta honako titulua ere: “Espainiar eta frantziar Gobernuen, Trenbideen, Ingeniarien eta Administrazio haundien hornitzailea.”
Ekoiztutako zementua merkatuan bereizteko ‘Oiquina’ marka erabiltzen zuten. Horrela ikus daiteke 1910ko ABC egunkarian agertutako iragarki batean “Cal y cemento de Zumaya – Marca Oiquina”
Oikiako fabrikaren portuko biltegia, Garchotenea y Cia.-ren izenean. 1886ko planoa. ZAH