Laburpena: Zementu fabrika hau Gipuzkoako lehen zementu fabrika izan zen. 1846an, Zestoako José Leonardo Cortak, Debako Manuel Linazasorok, eta Jose María Zubimendik, sortu zuten José L. Corta y Compañía, kare hidrauliko arrunta egiteko elkartea. Iraeta eta Zestoako Lili oletan ehotzen hasi ziren Ibañarrietako harrobian atera eta ondoko Agote auzoan eta Iraetan eraiki zituzten labeetan kaltzinatutako kareharri-tuparriak. 1914an Corta y Compañía, S.L. bihurtu zen, eta geroxeago, Iraetako lantegia Echeverria, Castillo y Compañíari saldu zioten. 1946an Uriarte Zubimendi, S.A.-rekin bat egin zuen eta azkenik, 1954an itxi zen Agoteko lantegia.
Historia:
Zementua egiteko Gipuzkoan ezagutzen dugun lehendabiziko fabrika 1846ko martxoan sortu zen, José L. Corta y Compañía izen sozialarekin, Zestoako José Leonardo Corta Lazcano (1803-1869), Debako Manuel Linazasoro eta Jose María Zubimendi zirelarik bazkideak, kare hidrauliko arrunta egiteko. Santa Cruz, merkatal izena jarri zioten hasieran. Agote eta Iraetan zituen bere lantegiak.
Geroago, belaunaldien arteko aldaketak eman ziren bazkideen artean. Horrela, 1888an Zumaiako José Luis Corta Echeverria, José Leonardoren semea, eta Zestoako Francisco Linacisoro Beracoechea eta Venancio Zubimendi Balzola, aurkitzen ditugu Corta y Compañía enpresaren jabe bezala. Agoteko “Santa Cruz” lantegiaren jabe eta Iraetakoaren errentari ziren.
1890ko martxoaren 21a aurretik, beste aldaketa bat egon zen, Francisco Linacisoro hil ondoren bere emazte, Carmen Olaizola Macazagak ordezkatu zuenean.
1895ko apirilaren 27an hil zen José Luis Corta, eta bere seme Silverio Corta Lecue sartu zen elkartean. Urte bereko abuztuko dokumentu batetik ondorioztatu daitekeenez, beste aldaketa bat ere egon zen data horren aurretik; Carmen Olaizolaren ordez bere senarra zen Estanislao Echave Galarraga, Artadikoa bera, bazkide sartzean.
1898ko martxoaren 26an, elkarte berri bat eratzen da, Corta y Compañía, izen berarekin, Zumaiako notarioa zen Francisco Oterminek baimendutako eskriturak dioenez. Silverio Corta Lecue, Clara Lecue Aranbarri, aurrekoaren ama, Estanislao Echave Galarraga, Carmen Olaizola Macazaga, aurrekoaren emaztea, eta Luis Olaizola Macazaga, hori Ana Linacisoro Olaizola adin txikikoaren tutore gisa, izan ziren partaide. Estanislao Echave izango zen gero enpresaren gerentea.
1914an, Corta y Cia, S.L. elkartean bihurtu zen, eta urte batzuk geroago Iraetako instalazioak, Txiribogako lantegiaren jabea zen Echeverria, Castillo y Compañíaren ondorengoari, hau da, Cementos de Zumaya y Electricidad, S.A.ri saldu zioten. 1946. urtean, egoera ekonomikoari hobeto aurre egiteko, bat egin zuten Beduako fabrikarekin, Uriarte, Corta y Zubimendi, S.A. elkartea sortuz.
1953-54 urte bitartean, Agoteko fabrika itxi zuten, Beduakoak zabalik jarraitu zuelarik.
Ezaugarriak eta ekoizpena:
Ibañarrietako harrobitik tuparria atera eta Aizarnako ikatzarekin erretzen zuten, Ertxina mendiko meategietakoa: “Sin Nombre” edo baita ere “Katre Mina” bezala ezagutzen zena, ofizialki Aizarnan irekitako lehen meategia, 1844. urtean, eta baita ere “El Porvenir” eta “Porvenir aumento” izena zutenak.
Agiri batek dioenez, José L. Corta y Compañía elkartea sortu eta berehala, 1846ko maiatzaren 26an, Esteban Linazasorok, kare hidraulikoa birrintzeko helburuarekin, geldirik urteak zeramatzan Alzolaras beheko ola zaharra eskatu zuen, eta 9 urtetarako eman zioten. Birrindu aurretik, olaren parean zegoen burdin minerala galdatzeko labea eta bere kontura egin zezazken beste batzutan egosiko zuen kareharria. Agiri horretan bertan, karea hauts egiteko beharrezko gurpilak eta bestelako tresnak bere kontura egiteko konpromisoa hartzen du. Ekimen honek José L. Corta y Compañiarekin lotura izan zezakeen.
Bi kokagune zituzten, “Santa Cruz” fabrika Agoten eta Iraetakoa, bakoitzean bi labe eta bi errotarrirekin. Iraetan, Granadako eta Egeako Dukearen fanderia zaharreko azpiegituraren zati bat erabiltzen zuten, eta bertan instalatu zen erretako kareharri edo tuparria txikitzeko erabili zen lehenengoetako martinete edo mailu haundia. Aipatzekoa da, urte batzutan zehar, Iraetan aldi berean egon zirela kare hidraulikoaren eta latorria eta burdin-xaflaren ekoizpenak. Azkenengo jarduera hori, José Arambarri y Compañíak garatua, Corta y Compañíak bezala, Granadako Dukeari alokatutako instalazioetan.
Zementugintza bide onetik zihoala ikusirik, Iraetan, ehotzeko eta xehatzeko instalazioak hobetzea erabaki zuen enpresak, eta horretarako Urola ibaiko ura aprobetxatzeko baimena eskatu zuten. Hala ere, Zestoako Liliko ola erabiltzen zuten erretako tuparria ehotzeko.
1888ko Bartzelonako Erakusketa Unibertsalean parte hartu zuten. Hiru barrika eta frasko batzutan aurkeztu zuten euren produktua. Horrela, lehenengoetako batean harri gordina, bestean harri kiskaldua eta hirugarrenean landutako zementua ikus zitezken. Zilarrezko domina batekin saritu zituzten.
Beste zementugile batzuen bideari jarraituz, 1894an Agoteazpikoa baserriaren inguruan, lau eraikinez osatutako lantegi berria eraiki zuten, Santa Cruz izenarekin, produkzio sistema zentralizatu eta arrazionalizatuz. Harria, Ibañarrietako harrobitik fabrikara bagoietan eraman ondoren, “jarraituak” izeneko zortzi labe mota (harria eta ikatza goitik kargatu eta behetik erreta ateratzen zen) zituen kalzinatzeko, eta ehotzeko bost errotarri pare. Gerora, Morel moduko errota jarri zuten: horizontala eta bueltak ematen zituena, burdinezko boladuna. Hasieran, errotak 150 zaldi indarreko hiru baporezko makinekin mugitzen ziren; gero, 1897an, argindarra sartu zuten, Elgoibarren zegoen Jose Agustin Arbillaga zumaiarraren ‘Barrena’ zentraletik ekarria eta 80 zaldiko bi motor elektriko jarri zituzten. Bi tximini garaiak zituen eta horietako bat kontserbatzen da oraindik. Nahiz eta aurrerapen horiek sartu, Iraetan, urak mugitutako bi errotarri zahar mantendu zituzten.
Azpimarratzekoa da, José Luis Cortaren testamentutik ondorioztatu daitekenez, Corta y Compañíak eta José Luis berak, itsasontzietan izan zuten interesa, merkantzia-ontzietan bereziki, eta horietako batzuk zementuaren garraiorako. Bertan aipatzen da “Purísima Concepción”, balandra, 19,63 m. luzerakoa eta 23,80 toneakoa, Pedro Alberdik egina, Zumaian; 1894ean, Santiago Beristain, José Luis Corta eta Estanislao Echaverentzat. Gainera, Ondarroan egindako beste hiru ontzi eta Aginagan egindako beste bat aipatzen dira.
Badugu, halaber, goleta motako “San Telmo” ontziaren berri, Pedro Alberdiren ontziolan egina, baita ere, 1897. urtean, Corta y Compañiaren aginduz. Eta 1906an, Estanislao Echave Galarragak, Corta y Compañíako gerente bezala, Lekeitioko Guillermo Acarreguiri emandako ahalordearena ere, merkantzia-ontzi bat ustiatzeko sortzen den sozietate kolektibo batean parte hartzeko.
Zementua itsasontziratzeko lanak errazteko, Zumaiako portuan biltegi bat zuen , “Riberas nuevas” edo “Basadi berriak” deitzen zen gunean, orduan Arroa eta gaur egun Narrondo izena duen ibaiaren eskubiko ertzean dagoena, 1,038 m2ko lursailean, handik itsasontziratzeko barriketan edo zakuetan gordetako zementua.
Ekoizpenari dagozkion datuek adierazten dute lantegi honek izan zuen garrantzia:
Urtea |
1904 |
1907 |
1910 |
1913 |
1916 |
1929 |
1930 |
Tonak |
14.000 |
14.420 |
14.200 |
14.910 |
9.700 |
8.100* |
7.400* |
* Iraetako lantegia kanpo utzita
XX. mendearen hasieran Santa Cruz fabrikan 30 langile zeuden, fabrika eta harrobia batera hartuta. 1904an, peoiak 4 pezeta zuen eguneko jornala. Langile berriek, aldiz, 50 zentimo edo pezeta osoa. Hala ere, bazeuden berezitasun handiko lanak, horrela arotzek 4 pezeta t’erdi eta harginek 5 pezeta irabazten zuten.
1915. urtearen inguruan, Txiribogako “Ventura” eta “Concepción” lantegien jabea zen Echeverria, Castillo y Comapañía-ri eskualdatu zieten Iraetako fabrika.
Gerra Zibila bukatu ondoren, lanorduak murriztu zituzten, eta 40ko hamarkadaren erdialdean, langileei 5 pezetako jornala ordaintzen zieten, 15 eguneko epetan.
Naiz eta ordurako Uriarte y Zubimendirekin bat egina zegoen, 1949ko abuztuan, Arroako lantegirako argi indarren 5.000 voltioko línea berri bat eraikitzeko baimena eskatu zuten Gipuzkoako Industria Delegaziora, Corta y Compañíaren izenean.