Laburpena: Sozietatea Carmelo Unanuek eta Balenciaga S.A.k osatuta eratu zen 1929ko maiatzaren 14an, helburu soziala mota guztietako txapazko itsasontziak eta garraiorako gabarrak, ura bideratzeko hodiak, armadura eta zutoin metalikoak, petrolio-ontzietarako deposituak, zubiak eta bestelako eraikuntza metalikoak egitea izanik. Sozietateak ez zuen luzaro iraun, era guztietako eragozpenak izan zituen eta.
Historia: Txapazko itsasontzien fabrikazioa bultzatzeko asmoz, 1929ko maiatzaren 14an, Carmelo Unanuek eta Balenciaga S.A.k sozietate berri bat sortu zuten %50eko partaidetzarekin, 40.000 pezetako
hasierako kapitala jarrita. Sozietate berria Arrangoletan ezarri zen eta haren helburua zen mota guztietako txapazko itsasontziak eta garraiorako gabarrak, ura bideratzeko hodiak, armadura eta zutoin metalikoak, petrolio-ontzietarako deposituak, zubiak eta bestelako eraikuntza metalikoak egitea. Ordutik aurrera, bietako inork ezingo zuen aritu La Constructora Metálica, S.L.k helburu zituen jardueretan, baina 1.000 litro baino edukiera txikiagoko deposituak egin zitzaketen, betiere 8 baino gutxiago; gainera, konponketa-lanak ere egin zitzaketen.
Balenciaga S.A.k kroskoak egiteko planoak jarri zituen, Pasaiako Julio Ciganda armadoreak enkargatutako itsasontziaren planoaren berdinak (1929an Balenciaga S.A.k Julito izenarekin uretaratua), eta Carmelo Unanuek, berriz, Gran Soleko itsasoetan arrantza egiteko erabiltzen ziren itsasontzi handienen motako kroskoen planoak jarri zituen. Horrez gain, Balenciaga S.A.k Arrangoletako zabalguneko María Alcorta de Querejetaren lursailen alokairuaren kontratua ere jarri zuen.
Elkartea sortu eta bi egunera, 1929ko maiatzaren 16an, empresa berriaren izenean, Carmelo Unanue eta José Ajuriak sinatutako idazki baten bidez, lehen aipaturiko lursailean eraikin berri bat egiteko baimena eskatu zioten Udalari. Hala ere, Ramón Echevarría, Arrangoletako zabalguneko aldameneko lursail baten jabea, sozietatearen proiektuaren aurka jarri zen, eta horren ondorioz, Udalbatzak ontziola ezartzeko baimena ez ematea erabaki zuen. Hala ere, Udaleko idazkari zen Jose Echaveren ziurtagiri batean jasotzen denez, pabiloiak eraiki eta handitze lanak egin zituen enpresak. Handitze lanak zioenean, María Alcorta de Querejetaren lantegiaren zati batean egindakoaz ari zen. Baina, baita ere zioen, Udalak ez zuela inolako akordioarik hartu, interesatuei kalterik ez egitearren.
Sortu zen gatazkak, aldeko eta aurkakoen arteko eztabaida piztu zuen eta prentsara ere iritsi zen. Haietako batek, 1931ko martxoan, beste zumaiar bateri erantzunez, herriarentzako etorkizun hobeago bat izateko, industria jardueraren alde agertzen zen, “(…) pues el ejemplo de lo que puede dar de sí el veraneo sin industria tenemos bien cerca de aquí y no consentiremos nosotros los zumayanos el que por complacer a un señor queden sin sustento estas familias”. Eta aurkariari eskatzen zion berraztertzeko non zeuden aberastasun iturriak “(…) en los pretendidos palacios veraniegos o en los palacios de los cuales salen los señores vestidos de mahón (…)”. Eta bi datu ematen zituen, bata, 1930ean, enpresak 50.000 pezeta banatu zituela lansarietan, eta bestea 35 langile zituela.
Auziak luze jo zuen baina, azkenean, Zacarías Arrizabalaga, Sotero Azpeitia, Gabriel Betondo eta Alejandro Lartiguek osatutako Obretako Udal Batzordearen aldeko txostenarekin, Udalbatzak bere erabakia berriz aztertu ondoren, 1931ko maiatzaren 7an, proiektua onartu zuen eta zegokion baimena eman zion.
Udalaren baimena lortzeko izandako arazoek eragindako atzerapenagatik eta munduko ekonomiak 30eko hamarkadaren hasieran izandako krisiagatik, sozietatearen bizitza laburra izan zen, eta ezagutzen diren datuen arabera, 1933. urtean bukatuko zituen bere jarduerak.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Sozietate berria sortu zenetik, enpresaren zuzendaritza teknikoa Gabriel Betondo Ostecheren esku geratu zen, hilean 400 pezetako soldataren truke. Enpresaren lehen urteetan arazoak sortu arren, 1932an 38 langile izatera iritsi zen.
Bizitza laburra izan arren, sozietateak gutxienez zazpi krosko egin zituen. 1933. urterako, 104 eta 136 tona bitarteko sei arrantza-ontzi eginda zeuzkaten, eta 207 tonako beste bat.
Horietako haundiena “Chacartegui” izenekoa zen, 1932an egina, 207 tona eta 30,06 metro luzerako kargako ontzia, Lekeitioko Cruz Chacartegui armadorearentzat. Aipatzekoa da, botadurako ekitaldira Chacartegui familiaren ordezkaritza handia etorri zela eta Eustasio Arritola Chacartegui apaiza izan zela ontzia bedeinkatzen. Horrek, urte batzuk geroago, 1946 eta 1950 bitartean, Eusko Jaurlaritzaren ordezkari kargua izan zuen New Yorken, aldi labur batean bederen.
Beste sei ontziak arrantzarako ziren eta azkenengo biak, ‘Iparreko-Izarra’ eta ‘Goizeko-Izarra, 1933an egindakoak, Pasaiako Sarriegui, Sagarzazu y Cía., enpresa armadorearentzako. Biak, gerra zibil garaian Eusko Itsas Gudarosteko Laguntzako Ontzi-taldekoak izan ziren; arrantzaren babeserako eta kostaldea zaintzeko egokitu ondoren, bou armatu bihurtuta. Goizeko-Izarra eta tripulazio osoa hondoratu egin ziren, Castro Urdialestik ekialdera bi miliara mina baten aurka jota, 1937ko urtarrilaren 16tik 17rako gauerdian. Iparreko-Izarrak zori hobea izan zuen. Bilbo ebakuatu ondoren, Santoñara eraman zuten, eta han artilleria kendu zioten, 1937ko uztailaren 22an. Ondoren, Fuerzas Navales del Cantábrico izenekoaren esku geratu zen, urte bereko abuztuaren 5ean. Santanderrera eraman zutenean, hiriaren ebakuazioa hasi zen, eta 1937ko abuztuaren 24an Gijonera eraman zuten, eta urte hartako irailaren 9an, berriz, Bordelera. Gerra amaitu bitartean Frantzian egon zen, eta 1939an armadoreen esku utzi zuten, atzera. 1969an desegin zuten.