Laburpena: 1941ean Julián Aizpurua Aramendik, José María Egaña Epeldek eta Ángel Aperribay Gomezek sortutako ontziola, egurrezko kroskoak egiten jardun zuena, batik bat. Enpresaren jarduera 1985ean eten zen eta ezaugarri horiek zituen Zumaiako azken ontziola izan zen.

Historia: Julián Aizpurua Aramendik (Zumaia, 1892), José María Egaña Epeldek (Zumaia, 1893-1978) eta Ángel Aperribay Gomezek (Zumaia, 1893-1971), beren kontura ezartzea erabaki zuten Carmelo Unanueko itsasontzigintzako ataleko hiru langilek, 1941. urtean sortutako ontziola. Angel Aperribayek izan zuen aroztegi bat, Parolaldeko bidean, urte batzuk lehenago, Gipuzkoako Merkataritza, Industria eta Nabigaziorako Ganberaren 1928-1929ko urtekari ofizialean eta Zumaiako Udaleko 1931ko industria-zergaren zerrendan ageri denez. Haren alabek gogoan dute lokal txiki bat zeukala leku hartan.JM Egaña-Vista astillero_Apraiz Zallo

1941eko irailaren 24an, Udalak baimena eman zion Julián Aizpuruari Parolaldeko bideko lokalean egurrezko itsasontziak egiteko industria txiki hura zabaltzeko. Baina, Zumaiako portuari buruz Lurdes Odriozolak egindako lan bikainean, Subsecretaría de la Marina Mercante-ren ontzien zerrenda ofizialetatik aipatzen dituen datu batzuek diotenez, ontziola honetan egindako lehen ontzia 1939koa zen, “Rosario Carmona” izenekoa eta 38 tonakoa, Nicasio García Rodriguezen eskariz egina, eta bigarrena 1940koa, 29 tonakoa eta B. Elezgaray y Embil-entzako egina. Hasieran, sozietate kolektibo bat sortzea pentsatu zuten, eta eskutitzen idazpuruetan Aizpurua y Compañia izena ere erabili zuten, baina ez ziren sozietatea eratzera iritsi eta Julián Aizpurua jarri zuten titulartzat, eta hala geratu zen jasota Industria Ordezkaritzan.jm-egana-1942_carta-a-industria2

1951n, Julián Aizpuruak enpresa utzi zuen. Ordutik aurrera, José Mª Egaña ageri da enpresako titular gisa, Ángel Aperribay bazkide duela. 1964ko otsailaren 7an, EGAPE izena –EGaña eta APErribay abizenetatik sortua– erregistratzea eskatu zuten, ontziolen bereizgarri gisa, kroskoak egiteari buruzko espedienteetan ontziolen bereizgarri izan zedin”. Hala eta guztiz ere, marka horren erreferentzia faltak erakusten du erabilera urria izan zuela.

Angel Aperribay 1971n hil zen, eta José Mª Egaña, 1978an. Haiek semeek jarraitu zuten jarduerarekin, zuzendaritza Jose Mª Egañaren seme Juan Egaña Etxaberen esku geratu zela. 1982an, ontziola itxi egin zen, eta Estazioa auzoko lantegi batean jarraitu zuten lanean, konponketa-lanetan batik bat. Jarduera 1985ean eten zen. Egurrezko kroskoak egiten zituen Zumaiako azken ontziola izan zen.

Ezaugarriak eta ekoizpena: Enpresaren hasierako kapitala 45.000 pezetakoa izan zen, eta helburu soziala egurrezko arrantza-ontziak egitea. Hasieran, aurreikuspena urtean 8 itsasontzi egitea zen, eta 10 lanpostu sortzea.

Ontziolako instalazioak, Parolaldeko bidean kokatuak (gaur egungo Juan Belmonte kalean), Juan Zigaran kalearen barrenean, lehorrean zeuden, ibaitik urrun, eta 280 m2-ko azalera zeukaten, 22 x 14 m-ko harmaila bat eta % 3ko inklinazioa. Metro 1eko diametroa eta 5 ZPko potentzia zeukan zinta-zerra batekin, eta galgadora batez, arrabota batez eta zerra zirkular batez osatutako makina unibertsal batekin –5,5 ZPko motorduna– hasi zuen jarduera.jm-egana-1954_tramitacion-permiso-construccion_0410_1

Ontziolak 300 erregistro gordineko tonak (EGT) arteko itsasontziak egiteko baimena zeukan, nahiz eta instalazioen ezaugarriak eta –batik bat– kokapena ez ziren oso egokiak tamaina horretako itsasontziak eraikitzeko. Itsasontzien uretaratzea neketsua eta arriskutsua zen, ontziolaren kokapenagatik eta ibairako sarbideagatik. Itsasontzia uretaratzeko euskarria Parolaldeko pasealekua izaten zen, eta handik ibaiko uretaraino zegoen altuera zen arriskurik handiena. Itsasontzia uretara ‘botatzea’ bezala zen, uretaraino irristarazi beharrean. Behin, uretaratutako itsasontzia ibaiaren beste aldeko eskoilera pasatu zen, haitzen kontra jo gabe zorionez, eta atzera ibaiaren erdi aldera ekarri zuten, arazorik gabe. Uretaratze-egunean, prestatze-lanak goizeko zortzietan hasten ziren eta arratsaldeko laurak aldera arte luzatzen ziren, tartean 12:00etatik 13:00etara bitartean atsedena hartuta. 40ko eta 50eko hamarkadetan, uretaratzea arratsaldeko laurak aldera egiten zen, orduan eguzkiaren ordua baitzegoen indarrean.

Ehundik gora izan ziren egindako ontziak, horietatik ia %50 batelak, txanelak eta motorrak ziren, Bilboko Ramon Echevarriaren “Izaro”ren 3,30 metro luzeratik hasi eta Celestino Mejíasen “Santa Teresa”ren 7,88 metrotara bitartekoak. Ontzi txiki horien bezeroak euskal kostaldean zehar banatuak zeuden, gehienak Zumaia eta Oikian, baina baita ere Getaria, Mutriku, Deba, Zarautz, Donostia, Hondarribia, Ondarroa, eta Bilbon ere. Gainera, baziren Zaragoza, Alakante edo Madrildik etortzen ziren udatiarren arteko bezeroak ere.jm-egana-cuaderna-maestra-del-bustamente-bringas2

Beste %50, arrantzaontziak izan ziren, 40 eta 50 hamarkadetan egindakoak, gehienbat, Hondarribiako Constantino Berrotaran y otros armadoreentzakoa, 1952 egindako “San Román” 10 metro luzerakoa, eta 1949an Ondarroako Francisco Urrestirentzat egindako “Armando” eta “Cesar” 21 metro luzera bitartekoak. 1950. urtea baino lehen, Itsas zabaleko edo alturako arrantzarako egindako ontzi gutxi batzuk ezik, besteak itsas bazterreko edo baxurako arrantzarakoak ziren. “Torero” izeneko ontzia izan zen edukiera haundienekoa, 96 tonakoa eta ziurrenik Lekeitiorako egina, 1943an. Bezeria, berriz, zati haundi batean Euskal Herrian biltzen zen, Pasaia, Getaria, Ondarroa edo Bermeon; baina Cantabriako Laredo eta Colindres, Asturiaseko Lastres eta San Juan de la Arena, eta Galizako Vivero eta Cangas de Morrazoraino iristen zen.

Halaber, ontzien konponketa eta aldaketa lanak ere egin zituzten, “Condor”-en kasuan edo konponketak soilik “Cruz de Aitzgorri”, “Golfo de Vizcaya”, “Cortadillo” edo “María del Mar Bigarrena”-rekin egindakoak.

5 eta 100 EGT arteko 100 itsasontzi baino gehiago egin ziren, 10 eta 24 m arteko luzerakoak, arrantza-ontziak, batelak eta txalupa motordunak. Alturako arrantzako itsasontzi batzuk ere egin zituzten, 1950 baino lehenago.

Pasadizozko gertaera moduan, aipagarria da, 1942ko uztailaren 4an, Aizpurua y Cía.-k Delegación Sindical Local – C.N.S.-ra bidalitako idazkia,jm-egana-1942_permiso-para-tarabajar-en-domingo 40. hamarkadan enpresak mugitzen ziren ingurugiro sozio-politikoa islatzen duelako. Istinkatze lanak egiteko, bere konturako langileen falta zutela eta, horien egun libreetan kontratatu beharrean aurkitzen ziren, hori dela eta hurrengo igandean, uztailaren 5ean, goizeko zortziretatik eguerdiko hamabietara sei langilek lana egiteko baimena eskatzen zuten. Idazkia, gerra ondorengo lehenengo urteetan ohikoa zen “Por Dios, España y su Revolución Nacional Sindicalista” esaldiarekin amaitzen zen. Enpresaren izenean J.M. Eizaguirrek sinatzen zuen ahalordez, eta dokumentu berean Zumaiako Sindikatuaren ordezkaritzak sigilatuta, José L. Alberdik. sinatzen zuen baimena, ahalordez.

Jarduera gehieneko uneetan 12 langiletik 15era bitartean izan zituen.

Oharrak
1. KM Liburutegia, Fondo gordeak, “Anuario oficial de la Cámar de Comercio, Industria y Navegación de Guipúzcoa 1927-1928”,  Sig. 25458.
2. ZAH, Sig. 311.17.
3. ZAH. SIG. 325.03.
4. Odriozola, L. (2002): “Zumaiako portuaren azterlan historikoa”, 191. orria.
5. 1942ko abenduaren 23ko enpresaren agiria. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
6. Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
7. 1941ko urriaren 9ko enpresaren agiria. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
8. 1941ko urriaren 9ko enpresaren agiria. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
9. Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
10. Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
11. Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
12. Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
13. Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
14. Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
KM Liburutegia, Fondo gordeak, “Anuario oficial de la Cámar de Comercio, Industria y Navegación de Guipúzcoa 1927-1928”,  Sig. 25458.
ZAH, Sig. 311.17.
ZAH. SIG. 325.03.
Odriozola, L. (2002): “Zumaiako portuaren azterlan historikoa”, 191. orria.
1942ko abenduaren 23ko enpresaren agiria. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
1941ko urriaren 9ko enpresaren agiria. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
1941ko urriaren 9ko enpresaren agiria. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.
Juan Egaña Etxabek emandako informazioa.