Laburpena: Ontzigintzako enpresa hau 1918an sortu zuten sei bazkidek, tartean José Ajuria, Calixto Yeregui, Angel Galardi eta José Agustín Arbillaga, XX. mendearen lehen erdian Zumaiako industrializazioan garrantzitsuak izan ziren pertsonak. Egurrezko itsasontziak egiten zituen ontziola honek eta dike lehor bat edukitzearen berezitasuna zuen. Bizitza laburra izan zuen Urolako trenbidea portura iristeagatik. Bere harmailetan “Nati” pailebota eraiki zen, bere amaiera dramatikoagatik ezaguna egin zen ontzia.
Historia: Naiz eta oso urria den zumaiarren artean ontziola honen ezagutza, eta bizitza laburra izan bazuen ere, bere jardunari buruzko erreferentzia ugari azaldu dira.
1918ko otsailaren 2an, sortu zuten “Ajuria, Yeregui y Compañía” sozietate komanditarioa, “Astilleros de Zumaya” izen komertzialarekin, ondorengo bazkideek: José Ajuria Tauste, medikua, Zumaiako bizilaguna; Calixto Yeregui Manterola, mekanikaria, Angel Galardi Santa Cruz, kontablea (bi hauek, Zumaiako bizilagunak eta ontziolaren ondoko lurretan zegoen Yeregui y Compañía enpresako bazkideak); Pedro Uranga Linazasoro, arotza, Zumaiako bizilaguna; Jose Agustín Arbillaga Emazabal, médikua, Azkoitiko bizilaguna eta Zumaiako yutera edo zaku fabrikaren jabea, eta Alvaro Churruca Murga, Arbillagak ordezkatuta.
Sozietatearen xedea ontziak, oro har, eta antzeko beste lan batzuk eraikitzea eta konpontzea da. Helbidea José Agustín Arbillagaren lursailetan ezartzen da, Etxezarreta kalean, 4.000 m2-ko azalerarekin. Kapital soziala 50.000 pezetakoa da, eta bazkide bakoitzak 10.000 pezeta ematen ditu, Ajuria eta Galardi izan ezik, bakoitzak 5.000 pezeta ematen baititu. Administrazioa eta gerentzia Calixto Yeregui eta Pedro Urangaren esku uzten dira. Lehenengoa aurrekontuak eta kontratuak egiteaz arduratzen da, hileko 150 pezetako ordainsariarekin, eta bigarrena ontziolen zuzendaritzaz, oro har. 200 pezeta jasotzen ditu hilean.
1920 baja emanda ageri da Gipuzkoako Matrikula Industrialean.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Ontziolaren kokalekua 1922ko plano batean ‘Dique Seco’ bezala zehaztuta dago, Yeregui eta Compañia tailerren ondoko lurretan, geroago Yeregui Hermanos lantegiak okupatu zituenak handik urte gutxira Urolako trenbidearen portuko geltokiaren eraikina egin zen tokian.
Ontziola instalatu zen lurrak José Agustín Arbillagarenak ziren, eta 1918ko maiatzaren amaierarako ontziolaren dike lehorra eta pabiloiak bere kabuz eraikitzeko eta sozietateari errentan emateko konpromisoa hartu zuen eta bera arduratu zen dikearen konporta jartzeko baimenaren eskaera egiteko. Horrela egin zuen, eta irailaren 5eko bileran, Udalbatzak eskaera onartu egin zuen, malekoi edo lubetako pasabide librea eta derrigorrezkoa, bi metroko zabalerarekin naikoa zelako, eta egoera onean mantentzea agindu zion enpresari, handik jendea pasatu zedin, inolako eragozpenik gabe, konporta zabaltzeko edo erabiltzeko uneetan izan ezik.
Aquilino Elosuak dioenez, “geroago Yeregui Hermanosena izan zen lursailean, Urola ibaira ematen zuen kanal bat zegoen, eta erdian dike bat zeukan, nahi zenean ireki eta itxi egiten zena. Kanal horretan ibiltzen ginen igerian herriko haur asko, garai hartako igerilekua zen.”
Nabarmentzeko modukoa da garai hartan Dike Lehor hura Gipuzkoako bakarra izango zela seguruenik. 15 metroko zabalera eta 50 metroko luzera zeuzkan, lehen aipatutako 1922ko planoaren arabera, baina ez dakigu zenbateko altuera zeukan. Horrelako dikeei karenatzeko dike ere esaten zieten.
Ontziolako instalazioetan, dike lehorraz gain, bi isurialdeko teilape bat zeukaten, angelu zuzena osatzen zuela jarria, 35 metroko luzerakoa eta 10 metroko zabalerakoa, eta dikea inguratzen zuen mendebaldeko eta hegoaldeko aldeetatik.
Eskura zituzten makinak, bi zinta-zerra eta tupi-makina bat, beren osagarriekin, José Agustín Arbillagak eman zituen, kapitalean parte hartzeagatik. Gainera, berak hornituko zuen beharko zuten elektrizitatea, kilowatta 0,17 pezetetako prezioan.
Dikearen hondarrak Kantauri plazako etxebizitzak egiteko lanetan hasi zirenean azaleratu ziren, baina ez zuen inork lanik hartu argazki batzuk ateratzen eta deskripzio-txosten bat egiten. Eta beraz, XX. mendeko bigarren hamarkadako azpiegitura berezi haren ezaugarriak dokumentatu gabe geratu ziren, eta aukera handi bat galdu zen, Zumaiako industria-ondarearen zati horri buruzko memoria osatzeko.
Ontziola horretan, egurrezko hiru itsasontzi egin zituzten, gutxienez: Nati, José Luis eta Ramonín. José Luis eta Ramonín, 13,88 m-ko luzerakoak, 22 tonakoak eta lurrun-makinaz propultsatuak, Pesquerías Asturianas sozietatearentzat egindako arrantza-ontziak ziren.
Nati itsasontzia
Pailebot motakoa zen, eta ontziola horretan uretaratu zuten 1919ko martxoan, Donostiako Vicente Irigoyen armadorearen aginduz egindako ontzia. 300 tonako itsasontzia zen, 30 m-ko luzera, 7,20 metroko zabalera eta 3,50 metroko garaierakoa. 80 zaldiko motorra zeukan, Yeregui y Compañía enpresan egina. Vida Marítima aldizkariak 1919ko martxoaren 10ean uretaratzeari buruz argitaratutako kronikaren arabera, itsasontzia Veritasek sailkatu zuen eta Elgoibarko apaiz lagunkide José Yereguik bedeinkatu zuen, eraikitzailearen anaiak. Gainera, kronikan ageri zenez, dikeetan bi bapore berriren gilak jarri zituzten, eta handik gutxira, beste bi arrantza-ontzi egin behar zituzten, arrasteko bikote izeneko haietakoak.
Itsasontzia uretara bota zuteneko beste erreferentzia bat Anastasio Arrindaren Euskalerria eta arrantza liburuan agertu zen. Anastasio apaiza, idazlea eta Natiko patroi izandakoaren semea zen, eta liburuan kontatzen duenez, sei edo zazpi urte zituela Zumaiara etorri zen itsasontziaren uretaratzea ikustera: “Karabiñero-etxe-atzeko erriberan iru mastako barkua agertzen zan. Zuria, beladuna. Eder-ederra. Zuri-zuria. «Nati» zuan izena eta bazuan motor-laguntzaille bat ere, portuetatik irten eta sartzeko. Botadura egiteko margodun ikurriñez apaindu zuten beetik-gooraiño…”
Nati itsasontziak amaiera dramatikoa izan zuen. Zenbait hedabidetako albisteetan eta kroniketan ageri denaren arabera, Málagako portuan hondoratu zen 1921eko martxoaren 21ean, astelehen santu egunez. Santanderrera eraman beharreko gasolina- eta petrolio-upelak lehertzean gertatu zen. Istripu hartan erredurak izanda zenbait hilabetez ospitalean egon ziren Eustaquio Arrinda, patroia, eta Francisco Marqués, Antonio Manterola eta Antonio Aizpuru marinelak; marineletako bigarrena 14 urteko zumaiar bat zen.
Anastasio Arrindak ere, lehen aipatutako liburuan, istripua xehetasun handiz deskribatu zuen, ikuspegi ahalik gizatiarrenetik, bere aitak, ontziaren patroiak kontatu zion moduan. Eustaquio Arrindak ez zuen gehiago nabigatu belaontzietan. 1927. urtean, PYSBE (Pesquerías y Secaderos de Bacalao de España) eratu zen; egoitza Pasaian zeukan eta enpresako lehen kapitaina Eustaquio izan zen. Gutxienez 54 aldiz joan zen Ternuara.
José Manuel Manterola Aizpuruak Baleike aldizkarian 2005eko martxoan zioenez, haren aitak nabigatzen zuen San Telmo kabotajeko belaontziaren patroia Eustakio Arrinda zen, eta San Telmo kalean bizi zen. Datarik zehaztu ez bazuen ere, pentsa daiteke, Nati egin aurretik izango zela. San Telmo belaontzia Zumaian egina zen 1898an, baina ez da ezagutzen egilea.