Laburpena: Jesús Urrestilla Aizpuruak eta José Inchaurrondo Otazok Talleres Arritokieta izen komertziala zuen enpresa sortu zuten 1956. urtean, beste industria batzuetarako piezak mekanizatzeko. Mahaigaineko zulagailuak eta diesel motorrak ere egin zituzten. 1968. urtean, José Inchaurrondo Otazo enpresaren jabe egin zen, eta ordutik aurrera enpresak Talleres Mecánicos Paxai izena hartu zuen. Enpresa 1993. urtean itxi zuten.
Historia: Jesús Urrestilla Aizpuruak eta José Inchaurrondo Otazok Talleres Arritokieta izen komertziala zuen enpresa sortu zuten 1956. urtean, beste industria batzuetarako piezak egiteko. Hala ageri da Gipuzkoako Industria Ordezkaritzara bidalitako baimen-eskaeran. Lantegia Marqués de Foronda etorbidean jarri zuten. Jesús Urrestilla zen enpresaren titularra.
Urte batzuk geroago, 1968ko urtarrilaren 10ean, José Inchaurrondo Otazok enpresa erosi zuen eta Industria Ordezkaritzan enpresaren titulartasuna aldatzeko eskaera egin zuen, handik aurrera bere izenean egoteko. Talleres Mecánicos Paxai jarri zion izena, eta kapitala 450.000 pezetakoa zen. Jesús Urrestillak, berriz, beste batzuek emandako piezak mekanizatzen jarraitu zuen.
Handik gutxira, urte hartako maiatzaren 16an, José Inchaurrondok Gutierrez Ascunce Corporación, S.A, ‘Guascor’, enpresari saldu zizkion 100 ZPko potentziako diesel motorrak egiteko behar ziren makinak, Bilboko notario Jesús Maria Oficialdegui Arizen aurrean. Baina Industria Ordezkaritza, 1963ko martxoaz geroztik egindako motorrei buruzko informazioa biltzen ari zela, Marqués de Foronda etorbideko lantegian jarduera hori desagertu egin zela ohartu zen. Horren ondorioz, iraungi egin zela eta enpresaren izena Industria Erregistrotik kendu egin behar zela erabaki zuen. Horixe egin zuen 1969ko uztailaren 28an.
José Inchaurrondok hirugarrenen enkarguz piezak mekanizatzeko jarduera Industria Erregistroan erregistratzeko eskaera egin zuen 1968ko abenduaren 18an.
Geroago, Talleres Paxai, S.A., elkartean biurtu zen. 1993an jarduera utzi eta 2003ko uztailaren 17 elkartea deuseztatua izan zen.
Ezaugarriak eta ekoizpena 1957ko maiatzaren 13an, baimena eskatu zuten 10 mm. arteko diametroko barautseko mahaigaineko zulagailuak egiteko, ‘URIN’ markakoak –URrestilla eta INchaurrondo abizenen inizialak–. Kapitala 240.000 pezetakoa zen, eta aurreikusitako plantilla, 6 langilekoa. Baina, itxuraz, motorrak fabrikatzen ere hasiak ziren. Izan ere, hurrengo urteko Industria ordezkaritzaren egiaztatze-aktan jakinarazi zitzaien ezin zutela 12 ZPko diesel motorrik egin, ez zeukalako horretarako baimenik. Horren ondorioz, 1959. urtean baimena eskatu zuten zilindro bateko eta biko diesel motorrak egiteko, 12, 15, 24 eta 30 ZPkoak. ‘URIN’ markarekin merkaturatu zituen.
Talleres Urpe lantegian, 3 ZPtik 5 ZPra arteko 1.500 b/min-ko diesel motorrak egiten zituzten, lau denborakoak, zilindro batekoak eta ur bidezko hozte-sistema zeukatenak. Bada, 1962. urtean, Zumaiako enpresa horrek horrelako motor gehiago ez egitea erabaki zuen, eta makina-erremintak fabrikatzen hastea. Talleres Arritokieta enpresarekin akordio bat egin zuen, enpresa hari bere planoak, modeloak eta abar uzteko. Trukean, Talleres Arritokietak salmenten gaineko royalty bat ordaindu behar zion.
1963ko martxoaren 18an, Jesús Urrestillak, Talleres Arritokieta enpresako gerente zen aldetik, 100 ZPra arteko potentziako diesel motorrak egiteko baimena eskatu zuen, Industria Ordezkaritzara bidalitako idatzi baten bidez.
Guascor enpresarekin egindako operazioa egin eta urte batzuetara José Inchaurrondok berriro 1977ko urtarrilaren 24an, jarduera zabaltzeko baimena eskatu zuen, itsas motorretarako inbertsore-erreduktore hidraulikoak eta mekanikoak fabrikatzeko. Produktu-lerro horretan erabilera-modelo batzuen eskaerak burutu zituen. 1972. urtean; “Gailu inbertsore-erreduktore hobetua”; 1974an “Martxen inbertsore hobetua”, eta 1977an “Mekanismo inbertsore-erreduktore gailu hobetua”.
1981. urtean, 7 langile zeuzkan eta 120 m2-ko azalera estali. 1988ko ekainaren 28an “Motor baten biraketa-zentzuaren inbertsore hobetua” baten patentea lortu zuen.
Jose Inchaurrondok 1996an beste erabilera modelo baten eskaera egin zuen, kasu honetan, aingura batena, “Aingura hobetua”.