Laburpena: Enpresa Etxezarreta kalean sortu zuen Sangarréneko Baroia zen Jaime de Altarriba y Porcelek 1929. urtean. Denetarik ekoitzi zuten: itsas motorrak eta motor industrialak, motoponpak eta ekipo elektrogenoak, galdaketa-lanak, eta arrantzarako eta aisiarako itsasontziak. Baina enpresa honen produktu izarra Velázquez gasifikadorea izan zen. Depresio Handiaren garaiko urte gogorrei eutsi ondoren, 1935ean itxi zuten eta instalazioak Otto Holkeri saldu zizkioten, Zumaian makina-erremintaren arloan jardun zuen enpresa adierazgarrienetako bat sortu zuenari, hain zuzen ere.
Historia: Askar enpresa 1929. urtean sortu zuen Jaime de Altarriba y Porcelek. Sangarréneko Baroi eta Robresko Kondea zen, Artilleriako komandantea eta Zaragozako zaldun-elkartekoa, eta San Milláneko markesaren semea, Lasaoko Markesa esaten ziotenaren semea, egoitza Lasaon zuelako. Horregatik deitzen zitzaion Askar enpresari Lasaoko markesaren tailerra. Etxezarreta kalean ezarri zuten enpresa, Yeregui y Compañía enpresari erositako instalazioetan.
1929ko apirilaren 9an, Gabriel Vallejok idatzi bat bidali zion Udalari, Sangarreneko Baroiaren izenean, 5 m-ko altuera, 14 m-ko luzera eta 12 m-ko zabalera izango zuen pabiloi bat egiteko baimena eskatzeko, Yeregui y Compañia enpresari Riberas del Sur izeneko eremuan erositako instalazioak handitzeko asmoz. Izan ere, hala esaten zitzaion inguru hari aurreko mendeko lehen hamarkadetan.
Enpresak mota askotako produktuak egiten zituen arren, ez zebilen oso indartsu. 1929ko Depresio Handiaren eraginak, espainiar estatuan txikiagoak izan baziren ere, argi eta garbi ikusi ziren enpresaren produkzioan, eta langileen kopurua murriztu behar izan zuten. Egoera hori 1931ko azaroaren 27an alkateak gobernadore zibilari enpresen egoeraren berri emateko bidalitako aldizkako txostenean sumatzen da. Askar enpresari dagokionez, alkateak zioen aurrez enpresak kaleratutako langileak lanera bueltatu zirela, hiru izan ezik: “José Odriozola Zaldua, 22 urtekoa, ezkongabea, doitzailea eta Zumaiakoa, 4 hilabetez lanik gabe dagoena (abere-hiltzailearen semea); Eugenio Arrizabalaga, 18 urtekoa, ezkongabea, doitzailea eta Zumaiakoa, 4 hilabetez lanik gabe dagoena (iturginaren semea); eta Luis Berasategui, 60 urtekoa, ezkondua, peoia eta Zumaiakoa, 4 hilabetez lanik gabe dagoena (janari-denda bat dauka)”.
Hala ere, enpresaren egoerak ez zuen onera egin eta 1935ean itxi zuten. Askar enpresaren instalazioak Otto Holkeri saldu zizkioten, eta hark Zumaian hurrengo hamarkadetan enpresa adierazgarrienetako bat izango zena sortu zuen.
Jaime Altarriba, haren aita Ramón bezalaxe, karlista ospetsu bat izan zen, Jaime de Borbón y Borbóni leiala. 52 urterekin hil zen tuberkulosiak jota 1936ko irailaren 16an, Zestoako Bainuetxean, han baitzeukaten atxilotuta miliziano errepublikazaleek, altxamendu frankistaz geroztik.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Askarrek, 1931n Criterio astekarian argitaratutako iragarkian, lantegiak eskaintzen zuen produktuen zerrenda luze bat ageri zen: itsas motorrak eta motor industrialak, motoponpak eta ekipo elektrogenoak, galdaketa-lanak, eta arrantzarako eta aisiarako itsasontziak. Baina enpresaren zigilu batean Motorren fabrika gisa identifikatzen da.
Dena den, enpresaren produktuen eskaintza zabalean, nabarmentzeko modukoa da Velázquez gasifikadorea esaten zitzaiona. ‘GEVSA’ markaren bidez merkaturatu zen, Bilboko Gasificador, Economizador Velázquez, S.A. enpresa zelako patentearen jabea. Gasifikadorea motorraren iheseko gasak aprobetxatzeko gailu bat zen, eta gas horiekin karburagailutik zetorren gasolinaren eta airearen nahastea jasotzen zuen ganbera zilindriko baten gainazala berotzen zuen, ahalik eta ondoen lurruntzeko, eta hartara, motorraren errekuntzan errendimendu handiagoa lortzen zen.
GEVSAk produktu horren hiru patente erregistratu zituen Espainian, 1930ean; horietako bi “Un aparato Gasificador y Economizador centrífugo de hidrocarburos de cualquier clase, que permite utilizar estos diversos combustibles en los motores de explosión ordinarios”-enak P0115885 eta P0118334 erreferentzikoak eta bestea “Mejoras en el objeto de la patente num. 115885” P0123875 erreferentziarekin. Gainera, bi urte beranduago, babeserako bi hedapen eskatu zituen Britainia Haundian, bata “Vaporising device for use with internal combustion engines” núm. 364170 eta bestea “Vaporiser for internal combustion engines” núm. 364171.
Produktu hori Donostian, 1928ko irailaren 5etik 20ra bitartean, egindako Feria de Industrias del Mar izenekoan ikusgai jarri zuten, Yeregui Hermanos enpresaren ondoko standean, eta bi txalupetan erakutsia izan zen, bata Yeregui Hermanos-en motor batez hornitua eta bestea Yeregui y Compañia-rena. Zumaiako Alberdi y Compañía-k egina azkenengo hau, eta biak azokaren kanpoko aldean egon ziren erakusgai. Gainera, biak probak egin zituzten Kontxako badian.