Laburpena: 1919ko maiatzaren 4an sortua, makinak egiten eta konpontzen jarduteko oro har, eta itsas makinak eta arrantzarako baporeak bereziki. Sozietatea 1921eko otsailaren 11n disolbatu zen, sortu eta bi urtera, eta zehazki Balenciaga S.A. sortu eta lau egunera; enpresa horrek Balenciaga y Compañíaren jarduerarekin jarraitu zuen.
Historia: 1919ko maiatzaren 4an, Zumaiako notario Fermín San Julián y Zozayaren aurrean, Balenciaga y Compañía, Sociedad en Comandita sortu zen. Enpresa berri horren helburu soziala makinak egitea eta konpontzea zen, oro har, eta itsas makinak eta arrantzarako baporeak egitea bereziki.
Hasieran, bazkide kolektibo hauek izan zituen: José Miguel Balenciaga e Irigoyen, ezkongabea eta delineatzailea; Valentín Aguirrezabalaga e Irigoyen, ezkondua eta doitzailea; Victoriano Arrate y Loyola, ezkondua eta kontablea; Benigno Arrieta y Larrañaga, ezkondua eta kontablea; eta Bernabé Balenciaga e Irigoyen, ezkongabea eta doitzailea. Bazkide komanditarioak, berriz, hauek ziren: Bonifacio Ramón Gómez y Garín, ezkongabea eta mekanikaria; Antonio Unamuno y Larrañaga, ezkongabea eta jornaleroa, Bergarakoa; José Manuel Urbieta e Irigoyen, ezkongabea eta mekanikaria; Pedro Aguirrezabalaga e Irigoyen, ezkongabea eta arotza; Juan Arrate Ormazabal; Teodoro Martinez Arrate, eta Ramón Arrate Loyola. Administrazioa eta kudeaketa Benigno Arrietaren –apoderatu administratibo– eta José Balenciagaren –apoderatu tekniko– esku geratu ziren, hurrenez hurren. 1920ko ekainaren 20an, bazkide gisa hasi ziren enpresan Ysidro Gaztañaga, Tiburcio Egaña eta Francisco Sanz del Rio. Egun batzuk geroago, urte bereko abuztuaren 14an, Tiburcio Egaña Gabriel Betondo y Ostechek ordezkatu zuen, etorkizuneko Balenciaga S.A. enpresan pertsona garrantzitsua izango zenak.
Sozietatea 1921eko otsailaren 11n disolbatu zen; hain zuzen ere, Balenciaga S.A. sortu eta lau egunera. Enpresa horrek Balenciaga y Compañia-ren jarduerekin jarraitu zuen.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Iraun zuen aldi laburrean, lurrun-makinak eta gutxienez bi atoiontzi egin zituzten. Arbillagaren jute fabrikaren lokalak alokatu zituzten tailerrak jartzeko.
Enpresak burututako jarduerari buruzko informazio gutxi dago. Jakina da lurrun-makinak eta gutxienez bi atoiontzi egin zituztela. Bi ontzi horiei buruzko erreferentzia zehatz bat ageri da 1921eko urtarrilaren 10eko balantzean.
Enpresak 90.500 pezetako kapital sozialarekin ekin zion bere ibilbideari, eta disolbatu zenean 275.501,65 pezetako aktiboa eta 34.926,56 pezetako irabazia zeuzkan.