Itsasontzigintza
Zumaiako itsasontzigintzaren erroak
Ontziolen jarduerak garrantzi handia izan du Zumaiaren ekonomian eta historian. Ondare ukigarriaren aztarnarik kasik ez dagoen arren, ugariak dira aurkitutako lagin eta erreferentzia dokumentalak; eta ondare baliotsua osatzen dute, gordetzeko eta hedatzeko ahalegina eskatzen diguna.
Bereziki aipatu beharrekoa da Astilleros Balenciagaren kasua, altzairuzko itsasontziak egiten jarraitzen baitu, eta 90 urtetik gora daramatza horretan, Zumaiako enpresen artean dekanoa izanik.
Hiribildua sortu aurretik izan zen ontziolarik Zumaian. 2005an egindako azterlan batetik ondorioztatu daitekenez, itsasontzigintzarekin zerikusia duen egur-multzo interesgarri bat aurkitu dutenean, Ondartxoko gunean egon zen badia txiki batean, gaur egun San Telmo kalea denaren sarreraren inguruan.
Zumaiako itsasontzigintzaren urrezko garaietako bat 1540 inguruan hasi zen –1574an “(…) Zumaiako gradek gutxienez 24 ontzi desberdin egin zituzten (20 txalupa eta 4 nao)”– Ameriketarako merkataritzaren bultzadari esker. Ontzi txikiak eta ertainak egiten ziren batik bat, arrantzarako, kabotajerako, eta burdina eta burdinoletako produktuak garraiatzeko.
Dirudienez, XVI. mendearen azken aldera arte Zumaia, Deba eta Mutrikuko ontziolak izan ziren Gipuzkoako itsasontziak egiteko gune nagusiak, bertako harmailek eta ekoizpenaren kopuruak erakusten duten moduan. Aldi hartan, itsas instalazioen egitekoa merkatarien eta arrantzaleen beharrak asetzea zen, eta bigarren maila batean, Koroarenak.
Cristóbal de Barrosek 1588an Felipe II.a erregearentzat egindako txosten ezagunean ere aipatzen da Zumaia, eta hari buruz dio Errege Armadarako bi itsasontzi berri egin zitzakeela. 1625ean, Lope Martínez de Isastik Zumaiako ontziolei buruz idatzi zuen itsasontziak eta galeoiak egiten zituztela, eskualdean material ugari zeukatelako; eta horren erakusgarri gisa, Capitana Real galeoia Zumaian egina zela zioen. Galeoi hura ezaguna zen Txinara egindako espedizioagatik.
Loraldi handieneko garaietan Zumaian gutxienez hamaika ontziola egon ziren. Urola ibaiaren erriberetan, Oikiakoa, Escasabel, Gorostiaga, Bedua, Goyburu eta Dormintegui, guztiak pribatuak. Eta portuko erriberetan, Astillero Mayor, Ribera, Arranoleta edo Arrangoleta, Santiago eta Zubiaurre, bostak udal-ontziolak.
XX. mendeko berpiztea
Baina XVII. mendearen azken laurdenetik aurrera, sektorearen jarduerak izugarrizko gainbehera izan zuen eta XX. mendearen atarian, portua “bigarren mailako interes orokorreko” deklaratu zuten eta itsasontzigintza indartu egin zen, berriro ere.
Orduan sortu ziren Zumaiako industrializazio-garaiko lehen eraikitzaileak:
- Pedro Alberdi
- Querejeta e Hijos
- Eraso y Compañía-ren Astilleros del Urola
- Irureta y Esnal
- Domingo Arambarri
- Alberdi y Compañía
Ontziolak harmailak eta noizbehinkako arrapalak baino ez ziren, eta estalperen bat ere edukitzen zuten, materiala gordetzeko. Guztiek egurrezko itsasontziak egiten zituzten. Batik bat Ondartxoko eta Arrangoletako inguruetan zeuden, bai eta Santiagotik hurbil ere, gaur egun Astilleros Balenciaga dagoen tokian.
Lehen Mundu Gerran eta ondorengo urteetan, aurrez egondako ontziola batzuen merkatua finkatu egin zen eta ontziola berriak sortu ziren:
- Ajuria, Yeregui y Compañía
- Balenciaga, S.A. (gaur egunean jardunean dagoen bakarra)
- Carmelo Unanue
- Arrizabalaga y Olasagasti
- La Constructora Metálica, S.L.
- Lasquibar y Galarraga (geroago, Galarraga y Urbieta)
- Julian Aizpurua (gero, José Mª Egaña)
Egiten zituzten itsasontziak askotarikoak ziren: aisialdikoak, traineruak, baxurako eta alturako arrantza-ontziak, arrantza-zaintzakoak, bidaiarientzakoak eta kabotajekoak. 1928. urtetik aurrera, txapazko kroskoak egiten hasi ziren, Balenciaga, S.A. aitzindari zela.
Ezin da aipatu gabe utzi Arrangoletan hormigoi armatuzko itsasontziak egiteko ontziola bat ezartzeko proiektua, 1918koa, Bilboko Sociedad Construcciones Navales de Hormigón Armado erakundearena, gauzatu ez zen arren.
30eko hamarkadako ekonomia-krisialdi latzak, 1929ko Depresio Handiak eragina eta 1936-1939ko Gerra Zibila piztu zuen altxamendu frankistak larriagotu zuenak, ondorioak izan zituen Zumaiako itsasontzigintzan. Zenbait ontziola itxi behar izan zituzten arren, Balenciaga, S.A., Arrizabalaga y Olasagasti, eta Lasquibar y Galarraga ontziolek irautea lortu zuten. 40ko hamarkadaren hasieran, Julian Aizpurua ontziola sortu zen, eta Carmelo Unanuek, berriz, jarduera hori alde batera utzi zuen, eta itsas motor dieselak fabrikatzeari ekin zion.
Ondoren, 1940 eta 1968 bitartean, ontziolek egindako ekoizpenen datu batzuk.
Zumaiako ontziolen ekoizpena 40, 50 y 60ko hamarkadetan
Ontziola |
1940-1949 |
1950-1959 |
1960-1968 |
|||
Tn. gordinak |
% |
Tn. gordinak |
% |
Tn. gordinak |
% |
|
Balenciaga, S.A. |
149 |
2,16 |
2.904* |
38,00 |
12.007 |
64,90 |
Arrizabalaga y Olasagasti |
2.082 |
30,31 |
1.586 |
20,80 |
2.026 |
31,10 |
Galarraga y Urbieta |
1.213 |
17,65 |
2.412 |
31,60 |
4.119 |
22,30 |
José Maria Egaña |
676 |
9,87 |
679 |
8,90 |
||
Carmelo Unanue |
29 |
1,16 |
53 |
0,70 |
||
Sin especificar |
2.669 |
38,85 |
359 |
5,50 |
* 1957-59 bitartean egindako hiru gabarra metaliko zenbatu gabe