Laburpena: Aizpurua Txapartegi senideek sortutako enpresa. Administrazioaren eragozpenak zirela eta, galdaragintzako jarduerarekin hasi behar izan zuten 1959an, galdaketa edo fundizioarekin baino lehen. 1962an Fundiciones Torreaga, S.L. sortu zuten, eta 1970eko hamarkadaren hasieran sozietate anonimo bihurtuz. Bere jarduera burdinurtu gris eta perlitikoan eta galdaketa nodularrean oinarritu zen. 1990eko hasierako krisiak behartuta, Zestoako Fundiciones Sorazu enpresarekin bat egin zuen, TS Fundiciones, S.A. sortuaz. 2007an, Arroa Beheako lantegi berrira lekualdatu ziren, eta 2015ean amaitu zen enpresaren ibilbidea, hartzekodunen borondatezko konkurtso batean amaitu baitzuen.
Historia:
Enpresaren sortzaileak Aizpurua Txapartegi senideak izan ziren, 1936ko altxamendu frankistaren ondorioz erbestearen sufrimendua jasan zuen zumaiar familia xume batetik zetozen. Zumarragako Esteban Orbegozo, S.A. enpresan urte batzuetan lan egin ondoren, beren kabuz burdin galdaketa enpresa bat martxan jartzea erabaki zuten, Zumaian.
1958ko abuztuaren 7an, Joseba (Jose) Aizpurua Txapartegiren izenean, burdin galdategi berri bat, Estazio auzoan jartzeko baimena eskatu zuten Industria Ministerioaren ordezkaritzan. Metalaren Sindikatu Nazionalaren aldeko txostena zuen arren, baimena ukatu zitzaien, merkatuaren beharrei behar bezala erantzuten zitzaiela iritzita.[1]
Hala ere, zegokion errekurtsoa jarri zuen, baina ezezko erantzuna jaso zuten berriro. Egoera horren aurrean, 1959ko abuztuaren 21ean, Ricardok, anaietako beste batek, baimena eskatu zuen galdaragintza arloko konponketa-lantegi bat instalatzeko, bost egun geroago baiezko erantzuna jasoaz.[2]
1961eko otsailaren 2an, Joseba Aizpuruak burdin-galdategi bat instalatzeko beste eskaera bat aurkeztu zuen. Oraingoan, sei eguneko epean eman zioten baimena.
1962an galdaragintza eta galdaketa jarduerak integratu ziren, eta urte bereko maiatzaren 21ean, notario aurrean, Fundiciones Torreaga,[3] S. L. sozietatea sortu zuten, Juan, Tomas, Ricardo, Florencio, Joseba, Edurne eta Josu Aizpurua Txapartegi senideek. Ricardo Aizpurua izan zen gerente kargurako izendatua.[4] Hurrengo urtean, Joseba, gaixotasun baten ondorioz hilko zen.
1970eko irailaren 1ean, zorigaiztoko lan-istripu bat gertatu zen, eta lantegiko hiru pertsona elektrokutatuta hil ziren: Ricardo Aizpurua Txapartegi, Iñaki Oreja Betelu, Edurne bazkidearen senarra, eta Valeriano Garcia Molinuevo, 47, 42 eta 31 urtekoak, hurrenez hurren.[5]
Rikardo hil ondoren, haren anaia gazteena, Josu, izan zen aukeratua gerentzia kargurako. 1970eko hamarkadaren hasieran, enpresak sozietate-egitura berria hartu zuen, sozietate anonimo bihurtuz.
- urtean, Aingeru Aizpurua Korta, Josu Aizpuruaren alaba, sartu zen enpresan Giza Baliabideen eta Finantza Arloaren arduradun gisa.
Bi urteren buruan, krisi ekonomiko larri batek astindu zuen Espainiako estatua , eta ondorio larriak eragin zizkion Fundiciones Torreagari. Egoerari irtenbideak bilatzeko, eta Galdatzaileen Elkartearen eta Eusko Jaurlaritzaren aholkuei kasu eginez, baita ere, kriisiak jota zegoen Zestoako Fundiciones Sorazu-Luzuriagarekin, bat egitea erabaki zuten. Horrela, 1993ko abuztuan TS Fundiciones, S.A. sortu zuten, Torreaga-Sorazu zuzendaritza kolegiatua hautatu zuten. Hala ere, geroago gerente independente bat izendatzea erabaki zuten.
Bat egindako bi aldeen arteko harremanen ondorengo eboluzioagatik, ondoriozta daiteke, bat-egitea komenentziazko ezkontza izan zela, aldeen egoeraren larritasunak behartuta. Aizpurua-Sorazu familien arteko harremanak okertzen eta hondatzen joan ziren denborarekin.
- urtearen hasieran, Aizpurua familiak hartzen du konpainiaren kontrola, eta Aingeru Aizpurua izango da enpresako lehendakari eta zuzendari nagusi berria, bere aita jubilatu ondoren.
Sorazu familiak, alboratuta sentituaz, Wind Energy Casting, S.A., WEC Fundiciones, eratu zuen 2002ko azaroaren 18an, bere helburu soziala “sektore eolikorako piezak galdatzea, leuntzea, mekanizatzea eta pintatzea”[6] zuelarik. Horrela, TS Fundicionesekin lehian sartuko zelarik, eta bi lantegi produktibo izango zituen, bata Itziarren eta bestea Agurainen (Araba).
2007an ekitaldi on bat izan ondoren, TS Fundicionesek beste krisi bati, 2008koari, aurre egin behar izan zion. Krisi horrek eragin handia izan zuen sektore eolikoan 2009tik aurrera. Testuinguru horretan, beste aldaketa bat gertatu zen enpresaren akziodunetan, Sorazu familiak administrazio-kontseiluaren gehiengoarekin egin baizen 2012an, horretarako behar ziren akzioak erosiaz Aizpurua sendiaren parte bati, asmo handiko plan bat aurkeztuz, inbertsioak egiteko eta eskaerak lortzeko promesarekin, Europan lehiatzeko helburuarekin.[7]
Kontseilu berriaren lehen erabakietako bat presidentea eta zuzendari nagusia eta zuzendaritza-taldea kargutik kentzea izan zen.
Baina laster hasi ziren langileak TS Fundiciones-ek lortutako eskaeren WECerako desbideratzeak ikusten,[8] hurrengo urtean enpresak borondatezko konkurtsoa deklaratzeko eskatu zuen arte, eta Donostiako Merkataritza Arloko 1 zenbakiko Epaitegiak konkurtso hori onartu zuen 2013-12-11an.[9]
Langileen protestak eta salaketak gorabehera, enpresarekin adostasun-ahaleginen bat egiteaz gain, enpresak likidazioa egitea erabaki zuen, epaitegi horren 2014ko otsailaren 21eko autoan agertzen denez.
“Pena da familia-gatazka batean langileek ordaintzea ondorioak” adierazi zuen enpresako langile batek.[10]
2015eko maiatzean, lehiaketa ebatzi zen eta Gonvarri Taldeari esleitu zitzaion, Shandong Iraeta Wind Power Flanges Manufactures, S. L.ren bitartez, iraungitako TS Fundiciones enpresaren fabrika, 5.150.000 euroren truke.[11] Aurrerantzean, GRI Castings Zestoa.
Ezaugarriak eta ekoizpena:
Lehen esan bezala, Aizpurua Txapartegi anaien hasierako asmoa burdina galdatzeko tailer bat jartzea izan zen, baina administrazioaren eragozpenak zirela eta, galdaragintza-jarduerari ekitea erabaki zuten. Hala ere, geroago galdategirako baimena lortu zutenean, bi jarduerekin jarraitu zuten 1973ra arte. Urte horretan, galdaragintzari baja eman zioten Industriaren erregistroan, burdin galdategi bezala jarraitzeko.
Fundiciones Torreagaren instalazioak Zumaiako Estazio auzoan kokatuko ziren, eta 1961eko maiatzaren 10ean aurkeztu zen Zumaiako Udalean pabiloi industrial baten proiektua, Tomás Aizpurua Zinkunegi ingeniari zumaiarrak, Aizpurua Txapartegi senideen lehengusuak, idatzia. Pabiloiak 616 m2-ko azalera hartuko luke, 56 metro luze eta 11 metro zabal.[12]
1964ko uztailaren 5ean, lehendik zegoen pabilioia 400 m2 handitzeko baimena eskatu zuten, burdina galdatzeko. Galdaragintzako sekzioak pisua galdu zuen, eta 1973ko abuztuaren 2an baja eman zioten Industriako erregistroan.
Hainbat aldiz handitu ondoren, 7.000 m2 eraikita edukitzea iritsi ziren, Zumaiako instalazioetan.[13]
Kubilote batekin hasi ziren 1969an Urduñako Zubia Hermanos, S.A. enpresaren indukziozko bi labe elektrikoekin ordezkatu zuten arte, 1.000 eta 3.000 kg-ko edukierako bi fusio-upelekin. Eta 1989an bi gas-labe gehitu zituzten.[14]
Zumaiako plantaren urteko ekoizpena 10.000 eta 12.000 tona artekoa zen. Piezen gehienezko tamaina 30 tonakoa.
Fundiciones Torreagaren jarduera, nagusiki, burdin gris ferritikoa eta perlitikoa eta galdaketa nodularra egitera zegoen zuzenduta, eta ospe handia lortu zuen makina-erremintaren sektorean, kalitate handikoa zelako. Hori izan zen bere merkaturik garrantzitsuena hurrengo 20 urteetan. Bezeroen artean, besteak beste, enpresa hauek zituen: Ibarmia, Danobat, Soraluce, Kondia, Lagun eta Ladislao Aramburu.
1991-1994 urteetako krisi ekonomiko larriak makina erremintaren merkatuaren uzkurdura handia eragin zuen, 1991n fakturazioaren % 24,6 eta 1992an % 20 jaitsi baitzen, enpresen % 25eko eta enpleguaren % 20ko galerarekin.[15] Ondorioz, Fundiciones Torreaga egoera zailean aurkitu zen, eta enplegu-erregulazioko espediente bat egin behar izan zuen.
Ondorioz, TS Fundiciones eratu ondoren, Fundiciones Sorazurekin bat egin eta gero, eta makina-erreminta alde batera utzi gabe, aerosorgailuen osagaien merkatura eta esportaziora birbideratu zuten ekoizpena, eta, urte batzuen buruan, munduko lidergo-posizioa lortu zuten, General Electric, Enercon, Siemens, Gamesa, Acciona eta Ecotecnia bezalako bezeroekin. Enpresak munduko merkatuaren % 15eko kuota lortu zuen, eta AEB, Alemania, Espainia eta Danimarka izan ziren, besteak beste, helmugako herrialdeak.[16]
Merkatu eolikoan zabaldutako perspektibarekin, 2004. urtean, TS Fundiciones-ek Arroa Beheako Sansinenea Erreka industrialdean lantegi berri bat eraikitzea erabaki zuen, azken belaunaldiko ekipo eta instalazioekin. Estalitako 10.476 m2-rekin eta 45 milioi euroko inbertsioarekin. Juan José Ibarretxe lehendakariak inauguratu zuen, 2007ko otsailaren 15ean.[17]
2007ko urtarrilaren 26an, TS Fundiciones, S.A.-k Zumaiako lantegiko ekoizpen-jarduera eten zuen, eta Arroa Beheako planta berrira lekualdatu zuen.[18]
Aingeru Aizpuruak, enpresako lehendakari eta zuzendariak, Gipuzkoako Ganberaren 2007ko Urteko Enpresariaren Saria jaso zuen, eta 15 urteko historian sari hori jaso zuen lehen emakumea izan zen.[19]
2007ko ekitaldian, instalazio berriak martxan jartzeagatik urte berezia izan arren, 55 milioi euro inguruko fakturazio errekorra lortu zen.
Baina 2009ko sektore eolikoaren krisi latzak eta, lehenago aipatutako, ondorengo gertaerek enpresaren enkantearekin eta likidazioarekin amaitu zuten.
Langile kopurua 1961eko 12tik eta 1968ko 61etatik, gorabehera txikiekin, gerora 100 langiletan egonkortu zen. Fundiciones Sorazurekin bat egin ondoren, TS Fundiciones bezala, 360-ko langile kopurura iritsi ziren, 156 zirelarik enpresa borondatezko konkurtsoan deklaratu zenean, 2013an.
[1] EAE-HAAN Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.
[2] Ibidem.
[3] Torreaga izena, burdin galdategia eraiki zen lursailen inguruak zuen izenetik dator, erosketa-eskrituran “Riberas de Torreaga” gisa agertzen baita. Denboran atzera eginez, 1919. urteko beste salerosketa-eskritura batean ere agertzen da, baina erreferentziarik zaharrena 1800eko martxoaren 13koa da, “balsas y juncales que acaban de cerrarse desde Usurbiribillaga hasta el paraje de las canteras de Torreaga”.
[4] EAE-HAAN
[5] La Voz de España. 1970-09-02.
[6] Expansión.com, directorio empresas.
[7] Baleike. 230 zbk. 2014ko martxoa.
[8] Ibidem.
[9] concursal.es
[10] Baleike. 230 zbk. 2014ko martxoa
[11] Noticias de Gipuzkoa. 2015-05-26
[12] ZUA. Sig. 738.
[13] EAE-HAAN
[14] Ibidem.
[15] P. Andonegi y P. Arrieta: “Breve historia de la máquina-herramienta de Elgoibar”.
[16] Diario Vasco, 16-02-2007.
[17] Ibidem.
[18] EAE-HAAN
[19] Diario Vasco, 17-03-2007