Laburpena: lau  gazte zumaiarrek, 1962an sortutako enpresa, besteentzako mekanizazio lanak egiteko. Urte gutxiren buruan, instalazioak handitu eta jarduera berriei ekin zieten, galdaketa eta siderurgia sektoreetara zuzendutako ekipamenduak fabrikatuz. Sozietatearen eraketari dagokionez, pertsona bakarreko titulartasunetik Lagun Artea Grupo Empresarial, S.L-.ra igaro zen, 1991tik aurrera. 2008ko higiezinen burbuilaren krisiak gogor eragin zion bere merkatu garrantzitsuenari, siderurgikoari, eta borondatezko hartzekodunen konkurtsoa eskatu behar izan zuen 2017an. Konkurtso-prozesuaren amaieran, enpresa likidatu eta Bascotecnia, S.A.-ri esleitu zitzaion, zeinak 2019an Sarralle, S.A.-ri saldu zion.

Historia:

Lau gaztek sortutako enpresa -José Maria Lasquibar Goicoechea, José Zubizarreta Barrena, José Antonio Odriozola Echave eta Miguel Odriozola Echave-, Estazio auzoko bizilagunak, 1962an, auzo horretako etxebizitzen eraikin baten etxabeetan.Lagun-Artea-1962_Sortzaileak_W Lantegi mekaniko txiki bat ezarri zuten José Mari Lasquibarren izenean, Lagun Artea izen komertzialarekin, batez ere enkarguzko torneaketa-lanak egiteko. Handik sei urtera, Lasquibar lan-istripu batean hil zenean, pabiloi berria eraikitzean, Miguel Odriozolak izango zuen titulartasuna.[1]

1972ko azaroaren 28an, sozietate mugatu bezala eratu ziren, Lagun-Artea, S.L. izenareki, Jose Mari Lasquibarren lekua bere alargunak hartuz.[2]Lagun-Artea-1962_Etxe-honen-etxabean-hasiera

1980an, Samaf, S.A. sortu zuten, Lagun-Arteako ingeniaritza-sail gisa, galdategietako mantentze eta automatizazio lanetarako. Horretarako, azterketak, eskaintzak, instalazio osoen proiektuak eta giltza eskura hornidurak eginez.[3]

1984ko abenduaren 24an, Lagun Artea, S.L. sozietate anonimo bihurtzen da. Miguel Odriozola kontseilari delegatu izendatuz. Lau urte geroago, Samaf, S.A.ren jarduera Lagun-Artea, S.A.n integratzen da.[4]

1991ko uztailaren17an Lagun-Artea Grupo Empresarial eratu zen, sortu ziren hainbat sozietateren matrize gisa.[5] Bi urte geroago, Legutioko (Araba) Fundiciones Urbina SA enpresa erosita taldean sartu zen.[6]

1995ean Lagun-Artea Service SL sortu zuten, produktuen muntaketa eta doitze zerbitzua emateko.lagun-artea-Lehenengo-katalogoa_WW Garai berean ingeniaritza bat ezarri zuten Italian, Udine probintzian, Industrias Lagun-Artea Italia, S.L.[7]

1997an Auxi Equipos Auxiliares sortu zuten, Lagun-Artea eta Fundiciones Urbinaren artean, mekanizazio malgu eta lehiakorren beharrak asetzeko, eta Zumaiako pabiloi berri batean jarri ziren.

2004an, I+G+b-ko jarduerak sustatzeko asmoz, Lagun-Artea Investigación y Desarrollo, A.I.E. sortu zuten, Joxe Mari Korta Industrigunean  kokatuz.

Nabarmentzekoa da Miguel Odriozola enpresako buru nagusiak, bere ibilbide profesionalarengatik jaso zituen errekonozimenduak: Euskal Enpresaren Made in Euskadi saria, 2001ean; enpresaburu onenaren Gipuzkoako Ganberaren saria 2002an, Joxe Mari Korta sarietan 2008an eta jubilatu ondoren Urola Kostako Udal Elkarteak ohorezko aipamenaren saria eman zion, eskualdeko ekintzailetasunaren eredu gisa 2012an.http://www.kutxateka.eus/m/97a287f66dfaa04541e56acd2acab0e97dfba1a443ba93bfb40fe8e99c5c3a7d

Baina, 2008an irekitako “higiezinen burbuilaren” krisiak gogor eragin zion Lagun-Artearen bezero-sektore garrantzitsuenari, siderurgikoari, eta ezin izan zuen saihestu borondatezko hartzekodunen konkurtsora jotzea. Eta halaxe adierazi zuen Donostiako 1. Merkataritza Arloko Epaitegiak, 2017ko urtarrilaren 23an.[8] Ondoren, Azpeitiko Sarralle eta Donostiako Bascotecnia enpresek eskaintza bana aurkeztu zuten, eta epaitegi hartako titularrak Donostiako enpresarena hautatu zuen 13 milioi euroren truke, eta gutxienez 42 lanpostu mantentzeko konpromisoarekin. Baina urtebete geroago, 2019ko abenduan, Sarralle S.A.-k Bascotecnia-Lagun Artea erosi zuela iragarri zuen, izen hori merkataritza-marka bezala mantenduz eta Sarralleko ijezketa edo laminazio-dibisioan txertatuz.[9]

Ezaugarriak eta ekoizpena:

Lehen adierazi denez, Lagun-Artea besteentzako torneaketa lanak egiten hasi zen, eta lau urteren buruan tornuko bankaden mekanizazioari ere ekin zion.1970 inguruan, galdategien eremuan sartzen hasi ziren, moldekatze-lerroak instalatuz. Horretarako, Fundiciones Torreagaren aholkularitza izan zuten, enpresa horrekin auzotasun oneko harremanak zituztelako.Fundicion-Instalacion-preparacion-arenas Jarduera horri esker, lehen aipatutako Fundiciones Urbina erosi zuten, grafito esferoidaleko eta laminarreko burdinazko piezak galdatzen zituena, balbulagintza, industria-ibilgailue, makina-erreminta, trenbide edo automobilgintza sektoreetarako.

Baina 80ko hamarkadan gertatu zen aldaketarik garrantzitsuena Lagun-Artearentzat, siderurgia-merkatura bideratu baitzuen bere jarduera. Sektore siderurgikoa modernizatzeko ezarritako laguntza publikoen babesean, 1980an aukera bat zabaldu zen enpresarentzat. Gasteizko Laminaciones Arregui enpresaren bidez, sektorerako ekipo eta instalazioen fabrikatzaile Danieli enpresa italiarrarekin harremanetan jarri ahal izan ziren. Enpresa horrek proposatu zion harreman ia esklusiboa izatea bere ekipoetako batzuk Lagun-Arteako tailerretan eraikitzeko. Proposamena onartu egin zen, altzairua ijezteko trenak eta instalazioak fabrikatzea ahalbidetuz eta Estatuan nahiz nazioartean bezero berrietan sartzeko aukera emanaz.[10]Lagun-artea-1998_primera-instalacion-llave-en-mano._AG-Siderurgica-Balboa_2_W

1982an, Lagun-Artea merkatuan hartzen ari zen indarra eta ospea ikusirik, enpresa erosteko proposamena egin zion Danielik. Baina, hasiera-hasieratik argi ikusi zuten jarraitu beharreko bidea ez zela enpresa saltzea, produktuak diseinatzen hastea baizik. Hala ere, Danielirekin elkarlanean jarraitu zuten 1995. urtera arte. Orduan, Lagun-Arteak bakarrik jarraitzea erabaki zuen siderurgia-sektorerako ekipoak garatzen eta fabrikatzen, batez ere biribilak, profilak eta jantak ijezteko instalazioetarako.[11]

Erabaki horrek enpresaren independentzia teknologikoa indartzea eskatzen zuen, ikerketa-, garapen- eta berrikuntza-jarduerak (I+G+B) bultzatuz, bere produktu-katalogoa merkatuaren beharrizan aldakorretara egokitzeko, eta bezeroen arazoei irtenbide berritzaile eta eraginkorrak eskainiz.Montaje-enderezadora-Aristrain_Madrid_1 Eskakizun horri gero eta gehiago erantzuteak Lagun-Artea Investigación y Desarrollo, A.I.E. sortzera eraman zuen enpresa.

Garatutako produktu-sorta zabala izan zen[12]:

– Beroan ijezteko plantak (biribilak, planoak eta profilak).

– Ijezketa-kaxak (horizontalak, bertikalak eta bihurgarriak).

– Ijezketa-kaxak.cantilever edo hegalean motakoak.

– Zizaila hegalariak: paralelogramo eta abiadura handiko birakariak (enbrage-balazta edo start-stop elektriko bidezko agintea).Tren-de-laminacion

– Arrastatzaileak, ilara-balaztatzaileak eta kanaletak.

– Kurtsoredun arrabol-bideak.

– Hozte plakak.

– Zuzentzeko makinak.

– Neurrirako ebaketa.

– Barrak, profilak, produktu lauak eta hodiak ateratzeko, paketatzeko, lotzeko eta pisatzeko estazio automatikoak.

– Abiadura-murriztaileak eta pinoi-kaxak.Lagun-Artea-2012_Fresadora-bancada-fija_2_W

Horri guztiari, mota honetako instalazioetan hain garrantzitsua den laguntza teknikoko eta mantentze-lanetako zerbitzua gehitu beharko litzaioke,

Lagun-Arteak, estatuko merkatuan indarra hartzeaz gain, ez zuen alde batera utzi esportazioaren merkatua. Italian bere ordezkaritza propioarekin eta AEB-tan, Kanadan, Mexikon, Alemanian, Frantzian, Belgikan eta Indonesian, besteak beste, zuzenean edo ingeniaritzen bidez.

Lagun-Artea indartsu bihurtu zen Estatu espainiarrean, baina ez zuen alde batera utzi esportazioaren merkatua. Italian Lagun-Artea Italia, S.L.-en bitartez, eta zuzenean edo ingeniaritzen bidez, AEB, Kanadan, Mexikon, Alemanian, Frantzian, Belgikan eta Indonesian, besteak beste.

  1. urtean, besteak beste, Riva Taldearentzat eta Gerdau Taldearentzat Italiako, Frantziako eta Alemaniako instalazioetan egindako proiektuak amaitu ziren, baita Arcelor Taldearen lantegietan egindako hainbat lan ere. 2008-2010 urteetan 55 milioi euro inguruko fakturazioa izan dute.[13]

Eraikinak

1969an, Estazio inguruko industrialdean, trenzubitik gertu, eraiki zuten 700 m2-ko azalerako pabiloi berri batera aldatu ziren, Hainbat handitzeren ondoren, 1980ko hamarkadan, 9.000 m2-ra iritsi ziren.[14]Lagun-Artea_JM-Korta-poligonoan_1

Aurrerago, 1996tik 2001era bitartean, jauzi handia egin zuen Lagun-Arteak lantegi berriak eraikiz, Joxe Mari Korta industrigunean, ijezketa-instalazio handien  muntaketarako, I+G unitatearentzako eta Lagun-Artea Service-entzako, Guztira 10.000 m2 estaliak osatuz, kokagune horretan.[15]

Produkzio baliabideak

Jardueraren hasieran, 1962an, puntu artean metro batekoa eta 2,50 ZPko tornu bat, zulagailu bat eta esmeril bat zituzten, batez ere torneaketa-lanak egiteko. Baina pixkanaka makina berriak gehitzen hasi ziren, eta 1966an, besteak beste, 2,50 metroko DYE markako karrakatzeko zubi-makina bat erosi zuten, bankadak karrakatzeko. 1969an, eraikin berrira lekualdatu zirenean, parkea handitu zuten: Gurutzpe tornu bi, Geminis bat eta TOR bat, eta Juaristi mandrinagailu bat, besteak beste.[16]

Ondoren, diseinu- eta fabrikazio-baliabide moderno eta aurreratuetan inbertsio handiak egin zituzten.  CAD/CAM sistemak, CNC mandrinagailuak, pieza handietako zutabe mugikorreko eta mahai finkoko fresatzeko-mandrinatzeko makina “Soraluce” eta torneaketa-fresaketa zentroak WFL-M35 eta 65, besteak beste.

Langileen plantillaren bilakaera

Langile-kopurua aldatzen joan zen urteetan zehar, 1962an langile bakarra izatetik 1982an 60 langile izatera eta 180 Lagun-Artean eta 100 Fundiciones Urbinan, 2006an. 2016. urtean 150 langile ari ziren lanean Lagun-Artean, Zumaiako instalazioetan, enpresak plantilla osoarentzako aldi baterako Enplegu Erregulazioko Espedientea aurkeztu zuenean. Neurri horrek ez zuen balio izan bere egoera larria konpontzeko, eta berehala eskatu zuen hartzekodunen konkurtsoa, enpresaren likidazioarekin amaitu zena, 74 langile geratzen zirenean.Grupo

[1] EAE-HAAN Euskal Autonomia Erkidegoko Artxibo Herri Artxibo Nagusia.

[2] Ibidem.

[3] Ibidem.

[4] Ibidem.

[5] Ibidem.

[6] Miguel Odriozolak emandako informazioa.

[7] Ibidem.

[8]2017-02-01eko BOE.

[9] 2019-12-19ko Noticias de Gipuzkoa.

[10] Miguel Odriozolak emandako informazioa.

[11] Ibidem.

[12] Enpresaren katalogoa.

[13] Gipuzkoa Berritzen. Encuentros empresa familiar, 2008.

[14] ZUA Zumaiako Udal Artxiboa. Sig. 665.22, Sig. 780.07 y Sig. 625.50

[15] ZUA. Sig. 1797.19, Sig. 2153-B y Sig. 2074.06 y Sig. 2153-A

[16] EAE-HAAN