Laburpena: enpresaren historian bi etapa bereizi behar dira. Lehenengoa, garrantzitsua baina laburra, Manuel Aizpurua Zubiak 1935ean sortu zuenetik 1936an gerra hasi zen arte, eta bigarrena, hilabete batzuk geroago hasi eta 1963an itxi zen arte, Francisco Aizpurua Zubia, Manuelen anaia, enpresaren titular zela. Produkzioa ur beroko galdaratxoetan, fumisteriako artikuluetan eta galbanizazio-lanetan oinarritu zen.

Historia:

Enpresa 1935. urtean sortu zen, Manuel Aizpurua Zubiak galdaragintzako lantegi bat sortu zuenean Itzurungo hondartzako bidearen hasierako ezkerraldean kokatutako lokal batean.Manuel-Aizpurua-1920_Eraso-y-Cia.-lantegian-agian.

Manuel Azpurua Zubia, (Zumaia 1895-Pasaia 1963), “Txomin txiki” ezizenez ezaguna, lan ibilbide luzean[1] metatutako jakintza zuen bere kabuz ezartzea erabaki zuenean, 15 urte zituen Jesus, bere seme zaharrenaren laguntzarekin, ur beroko galdaratxoak eginez.

Baina, hilabete batzuen buruan, lantegia epai bidez itxi behar izan zuen, Esteban Orbegozo, S.A. enpresaren patente baten ondorioz, non Manuelek lan egin baitzuen. Aurrera egiteko, produktua berriro diseinatu behar izan zuen, patentea saihesteko. Hala ere, handik gutxira, 1936ko uztailean gerra piztu zen, eta Manuelek Zumaiatik alde egin behar izan zuen Bilbo aldera abiatuz. Bere seme Jesusek euskal armadako gudari bezala izena eman zuen, eta Zumaia utzi eta Bilbora joan zen. Han, elkarren berri ez zekitela, kasualitatez, aita aurkitu zuen baina banandu eta erbesteratu egin zen.Manuel-Aizpurua-Zubia-1947_Hoja-de-afiliacion_Empresa-Marcelino-Ortega

Handik hilabete gutxira, Manuelen anai Juan Marik, Franciscok eta Miguelek, tailerreko giltza eskatu zioten hari, bizibide gisa jarduerarekin jarraitzeko. Hark onartu zuenez eskaera, Maria Carmen Aizpurua Zubia, arreba, jarri zuten enpresaren titular bezala[2], epe labur baten ondoren, Franciscok izan zuen titulartasuna, eta enpresa itxi arte mantenduko zuen.

1943an, anaien artean desadostasunak izan zituzten, eta Juan Marik bere kontura hastea erabaki zuen Etxezarreta kalean, galvanizazio-lanetan aritzeko. Orduan, Manuelek, Zumaiara itzuli ez zen arren, bere senideei utzi zizkien aparailu eta lan-tresnak berreskuratu zituen, bere seme Tomasen laguntzarekin eta urte horretako apirilaren 4ko zerrenda batean ageri dira, Francisco, Miguel eta Manuelen eta Tomasen sinadurekin. Elementu horiek Juan Mariren tailerrera eraman ziren.Manuel-Aizpurua-1943_Relacion-material

1943an, 75.000 pezetako kapitala zuen, eta beste 6.000 pezeta handitzea aurreikusten zen[3].

Manuel, Bilboko Casa Marcelino Ortega lantegian aritu zen lanean, tailerreko arduradun gisa, 1950eko apirilaren 1era arte Zumaiara itzuli zen eta Juan Mari anaiarekin hasi zen lanean. Handik gutxira, ordea, Pasaiara joatea erabaki zuen, eta han jarri zen bizitzen, galbanizazio eta galdaragintza lanak enkarguz egiteko tailer berri bat abian jarriz.

Hamahiru urte geroago, 1963an, Francisco Aizpurua enpresa itxi zen. Eta urte berean Manuel Aizpurua Zubia hil zen.

Ezaugarriak eta ekoizpena:

Manuel Aizpurua 1935ean hasi zen ur beroko instalazioetarako galdaratxoak egiten. Esan bezala, produktua berriro diseinatu behar izan zuen jarduerarekin jarraitu ahal izateko. Gainera, galvanizazio-lanak ere egiten zituen.J-San-Martin-19350619_compra-material

Gerra zibilaren ondoren, “mota guztietako hodi komertzialen galdaragintza eta  galvanizazioa, eta fumisteriako produktuak” izan ziren oinarrizkoak enpresaren jardueran. Produktu horien artean zeuden: termosifoiak, galdaratxoak, pailak, serpentinak eta fumisteria galbanizatuko osagarriak (3/8, 1/2, 3/4 eta pulgada.batekoak). Enpresa aitzindaria izan zen murgiltze bidezko galvanizazio-lanetan, 6 metroko luzera arteko tutuentzat.

Galdaratxoak eta termosifoiak 30, 60, 80, 100 eta 150 litroko edukierakoak ziren, eta eskaera bidez egindako beste batzuk handiagoak. Burdinazko xaflaz eginak ziren, eta gorputz zilindrikoa zuten muturretan, ganga-formako estalki prentsatuen bidez itxiak, sareko ur-hodiekin lotzeko mahukatxoak zituztenak. Diseinuak propioak edo lizentziapekoak ziren, lehenengo biak diseinu propiokoak eta patentatuak zirelarik.Francisco-Aizpurua-1957-UCEMeri-gutuna

Erabilitako lehengaia biltegi orokorrek hornitutako burdinazko xafla zen; zumitzari dagokionez, Bergarako Unión Cerrajera, S.A.[4] zen hornitzaile nagusia, eta zinkaren kasuan, hornitzaile nagusiak txatar-biltzaile handizkariak ziren, Asturiasko Zink Konpainiaren hornidura-arazoengatik.

1949ko lehen gaien hileko beharrak hauek ziren: 1.000 kg. zink, 5.000 kg. txapa, 500 metro hodi eta 400 kg. fuel-oil.[5]

Enpresaren bezero nagusiak eraikuntza-materialen biltegiak, obra-kontratistak eta oro har pieza galbanizatuen erabiltzaileak ziren, eta, gainera, ordezkari komertzial sare bat zuten, Madrilen, Gaztela-Leonen, Levanten eta Galizian.

Jardueraren hasieran honako ekipo eta makina hauek zeuden, besteak beste: soldadura elektrikoko aparatua, esmerila bere harriarekin, zulagailua, eskuko guraizea, tolesteko makina, azetileno-sorgailua, sopletea, pailak berotzeko bi sutegi, zinka galdatzeko labea, hodiak lotzeko prentsa. Elementu horiek, lehen aipatutako 1943. urteko zerrendan daude jasota.Francisco-Aizpurua-sigilua

1949an honako baliabide hauek zeuden: eskuz mugitutako xafla tolesteko zilindro bat, xafla ebakitzeko guraize bat, zulagailu bat, esmeril bat, sutegi bat, soldadura elektrikoko aparatu bat, soldadura autogenoko aparatu bat, 1,10 m-ko altuera eta 0,78 m. diametroko lurrun-galdara bat, 1,25 x 0,53 x 0,20 m. altuerako labe bat, 1,45 x 0,30 m-ko arragoa labe bat.

Urte horretan bertan, U0019219 erabilgarritasun-eredua lortu zuen, “Ur-berogailua eta beste erabilera batzuk” izenekoa.[6]

Batez besteko plantilla 12 langile ingurukoa zen.

Gure eskerrona Arantxa Aizpurua Zinkunegi, Manuel Aizpurua Zubiaren alabari, eta Jose Mª, Pilar eta Sebastian Aizpurua Alkorta, Francisco Aizpurua Zubiaren seme-alabei, emandako informazioagatik

[1] 8 urte zituela, José Agustín Arbillagaren zaku-fabrika edo yuteran hasi zen lanean. 1909 eta 1919 artean, Eraso eta Compañian lan egin zuen, aprendiz hasi eta galdaragintzako ofizialeraino. 1919tik 1921era, Arrizabalaga, Esnal eta Compañía “Talleres Mecanicos del Urola” enpresan, maisu-galdaragile gisa. 1921etik 1924ra bitartean, Talleres del Urola, S.A.n, galdaragintzako arduradun gisa, 1922an Canfranc-eko geltokia eraikitzen parte hartu zuen, Zumaiako beste kide batzuekin batera, Getafeko estazioan bezala. 1924tik 1927ra Talleres Ibaizabalen, Zorrotza-Bilbon, eta 1927tik 1935era Esteban Orbegozo, S.A.n, lehenik Zarautzen eta, gero, Zumarragan, soldadura autogena eta elektrikoaren ataleko maisu-arduradun gisa.

[2] ZUA. Zumaiako Udal Artxiboa. Sig.312.09.

[3] EAE-HAAN  Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia. Enpresaren agiria.

[4] Bergarako artxiboa. Bergarako Unión Cerrajera, S.A. de Mondragonen eskutitza

[5] EAE-HAAN. Enpresaren agiria.

[6] OEPM Oficina Española de Patentes y Marcas.