Laburpena: Enpresa honek, 1954ean du abiaburua, Industrias Mecánicas Autornifer, S.A. sortu eta Arbillagaren antzinako yutera edo zaku fabrikaren lokaletan ezarri zenean. Jarduera nagusia burdin fundizioa zuen. 1956an, jarduera dibertsifikatu zuen makina-erreminten fabrikazioarekin eta, 1958an, Estazio auzoan fundizio-planta berri bat egiteko proiektua planteatu zuen, baina ez zen gauzatu, eta urtebete geroago utzi zion jarduerari. Baina 1960an, Miguel Bereciartuaren titulartasunarekin eta Jesús Beteluren partaidetzarekin, fundizioaren negozioari jarraipena eman zioten, eta 1975ean Fundiciones Mardura, S.A. sortu zuten. Lau urte geroago behin betiko itxi zituen ateak.

Historia:

Industrias Mecánicas Autornifer, S.A. enpresak, Fundiciones Marduraren aurrekoa, Balenciaga, S.A.ri hartu zion fundizio-atala azpierrentan, 1954ko ekainaren 21ean; garai hartan Victoriano Zelayarena zen Arbillagaren antzinako yuterako lokaletan kokatua. Hurrengo urteko urtarrilaren 31n, Emiliano Portilla Ochoak Azpeitian zuen tailer mekanikotik Zumaiara eramandako makineria erosi zuen.[i]

1955eko azaroaren 16an, Autorniferrek alta eskatu zuen Industria Ordezkaritzaren erregistroan, “Beste industria batzuetarako makinen konponketa eta piezen mekanizazioa” helburu sozialtzat hartuta.[ii]Autornifer-1957_San-Pedroetako-programan_W

Galdaketa izan zen hasierako jarduera, baina laster negozioa dibertsifikatzea erabaki zuten, makina-erremintak egiteko. Hala, 1956an, tornu paraleloak eta orga mugigarriko zulagailuak egiteko baimena eskatu zuten, ‘Imasa’ markarekin, eta Metalaren Sindikatu Nazionalaren oniritziaren ondoren, proiektua Industriako Ordezkaritzak baimendu zuen 1957ko apirilaren 25ean.[iii] Baina ez dirudi jarduera hori oso ondo joan zitzaienik.

1957ko martxoaren 8an, Udalari eta Industriako ordezkaritzari lizentzia eskatu zien instalazioak handitzeko, bigarren kubilote bat barne. Ondorioz, Balenciaga SA aurka jarri zen, lokalen errentaria zenez, ez ziotelako aldez aurretik informaziorik eman.[iv]

Auzia nola amaitu zen ez badakigu ere, 1958ko otsailaren 14an Jose Ignacio Garitaonandia Azpitartek, Autornifer enpresako gerenteak, Udalari baimena eskatu zion tren geltokirako bidearen ondoan, enpresaren jabetzako orubeen gainean fundizio planta bat eraikitzeko.[v]

Baina proiektua ez zen gauzatu eta Industrias Autornifer, S.A.k 1959ko irailean utzi zion jarduerari. Antonio Granados eta Antonio Cárdenas azken langileekin egindako kontratuak eten zituen, Juan Bautista Arana Ilarduya enpresako administratzaile zela.Autornifer-1957_ampliacion_lay-out_W

1960tik aurrera, Azpeitiko Miguel Bereciartua Odriozolaren titulartasunpean eta Arruatzuko Jesus Beteluren parte-hartzearekin fundizioaren negozioarekin jarraitu zuten, Fundiciones Mardura izen komertzialarekin. Biek esperientzia handia zuten burdinaren fundizioan, eta Zumaiako bizilagunak ziren.

1975eko martxoaren 15ean Fundiciones Mardura, S.A. bihurtu zen, eta urte bereko apirilaren 3an instalazioak alokatzeko beste kontratu bat egin zuten Balenciaga, S.A.rekin. Horren arabera, errentamenduaren prezioa hilean 7.500 pezetan ezarri zen, eta horri Balenciaga, S.A.k Zelaya jabeari ordaindu beharreko errentamenduaren zenbatekoa gehitu behar zitzaion, data horren egunean hilean 2.700 pezeta.[vi]

1979an utzi zuen bere jarduera.

Ezaugarriak eta ekoizpena:

Industrias Autornifer, S. A. enpresak bi jarduera egin zituen, burdin fundizioa jarduera nagusia, eta irismen txikiagoa izan zuen makina-erreminten fabrikazioa.

Balenciaga S.A.ren galdaketa-sekzioa errentan ematean, Autornifer, S.A.k fundizioan kubilote bat zuen, 1,40 m-ko garaierakoa eta 0,55 m-ko diametrokoa, baita brontzea funditzeko bi labe ere, lanerako beharrezkoak ziren gainerako elementuekin batera. Emiliano Portillari 1955ean erositako makinak hauek izan ziren: tornu bat, fresatzeko makina bat, 2 zulagailu, leuntzeko makina bat, zerra alternatibo bat eta 2 sutegi.[vii]Autornifer-Plano-torno_W

1957aren amaierako handitzearen planoan, honako ekoizpen-bitarteko hauek ageri dira: 2 kubilote, 2 berogailu, harea errota bat, zentrifugagailu bat, danbor bat, esmeril bat, moldekatzeko bi makina, baskula bat, harea zurrustatzeko makina, konpresore bat, karrakatzeko zubi makina bat, zerra bat, kimikako laborategi bat eta elektrizitatea sortzeko diesel-sorgailu bat. Urtean 800 tona fundizio ekoizteko ahalmena izan zitekeen.[viii]

Handitze hori baimentzeko eskaeraren espedientean adierazten da 1957ko maiatzetik azarora bitartean puntuen arteko 1.500 eta 2.000 mm-ko 42 tornu egin zituztela.[ix] Mekanika saileko langile ohi batzuek, ordea, ez dute gogoan halako tornu-kopuru bat egin zutenik.

1955-56 bitartean, autoen osagarriak fabrikatzera iritsi ziren, paratxokeen  xaflazko euskarriak zehazki. Tornuetarako 4 atzaparreko platerak ere egin zituzten.AUTORNIFER_Pagina_05_W

Burdin urtuaren ekoizpen-bolumenaren erreferentzia gisa, 195 tona ditugu, 1957ko maiatzetik azarora bitartean.

Fundizio saileko bezeroetako bat Iraeta-Zestoako Talleres Gorospe izan zen, ‘Tago’ zulagailu erradialak egiten zituena, eta, harentzat funditzen zituen makina horien zutabeak.

Modelorik gabeko helizeak ere urtu zituzten,  baita 50 kg inguruko traktoreetarako kontrapisuak ere.

1957ko urrian asmakuntza-patente bat eskatu zuen, “Moldaketarako harea proiektatzeko makinen hobekuntzak” izenekoa, eta 1958ko apirilean argitaratu zen.[x]Autornifer_1958_Proyecto-fundicion-en-Estacion_W

1957an 44 langile zituzten.

Fundiciones Mardura burdina funditzen bakarrik aritu zen. 1965ean, 600 mm diametroko kubilote bat zuen, orduko 3.000 kg-ko ekoizpen-ahalmenekoa, 15 ZP-ko motorrarekin; metalentzako labe baxu bat; 2 Z.P.-ko motordun harea-errota bat; 4 Z.P.-ko motorra duen besoko esmeril bat, eta 2 Z.P.-ko motorra duen esmeril bikoitz bat. 1975ean garabi-orga bat ere bazuten, balantzina, kateak eta 3 tonako polipasto elektrikoa zituena; berogailu bat, orga, erreiak eta metalezko atea dituena, eta hainbat neurritako tornuentzako bankadetarako kaxa-zati batzuk.

Mardura Fundizioaren bezero nagusiak makina-erremintaren eta, oro har, makinen fabrikatzaileen sektorekoak ziren.

Fundiciones Mardurako langileen batez besteko plantilla 30 langilekoa izan zen.

 

Eskerrak eman nahi dizkiegu enpresako langile ohi hauek emandako informazioagatik: Jose Aizpurua, Jesus Betelu, Keperin Manterola, Antonio Granados, Rafael del Pilar eta Mariano Berastegi.

[i] Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.

[ii] Ibidem.

[iii] Ibidem.

[iv] Ibidem.

[v] ZUA Sig. 722.05

[vi] Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia.

[vii] Ibidem.

[viii] Ibidem.

[ix] Ibidem.

[x] OEPM