Laburpena: “Nuestra Señora de los Dolores” lantegia, Eusebio Gurruchaga Chaparteguik eraikia, 1858-59an, gaur egun Arroa Behea deitzen zaion lekuan, lehendabiziko zementera modernoa bezala jotzen da, eta horren adierazle da garai hartako aditu eta komunikabideen artean sortu zuen jakin-mina. XIX. mendearen azken aldera Echeverria y Sansinenea elkarteak erosi zuen, eta geroztik Sansinenea e Hijos izenarekin jarraitu zuen, 1930. urtean ateak itxi zituen arte porlan erako zementuaren konpetentziari aurre egin ezinik.

Historia: Fabrika honen aurrekariak 1846an aurki ditzazkegu, Nicolas Gurruchaga Arsuaga, Eusebioren aitak, José Domingo Etxaide zestoarrak eta Esteban Linazisoro iraetarrak, Lino Uriarteren Ibañarrietako kareharrizko harrobiak alokatu zituztenean.

Hurrengo urteetan harrobitik ateratako harria, haren inguruan zeuden hiru labetan kaltzinatzen zuten, Lasaoko olara eramanda birrindu eta ehotu ondoren lortzen zuten zementua, Zumaiako portuko biltegira garraiatu upeletan ontziratu eta helmuga ezberdinetara itsasontziz bidaltzeko.

1882ko Bordeleko erakusketa zela eta eman zuten informazio batek zioenez, 1849an ekin zion Eusebio Gurruchagak zementugintzari. Horretarako, harrobitik gertu zen “Guardia” baserriaren inguruan eraiki zuen lehenego lantegia, hiru labe zituela, harrobitik ateratako harria egosi edo kaltzinatzeko. Ondoren, egositako harria birrindu eta ehotzeko Alzolaras, Lasao eta beste ola batzutako azpiegiturak ere erabiltzen zituzten.nuestra-senora-de-los-dolores-tarjeta

Beraz, Eusebiok “Nuestra Señora de los Dolores” izeneko fabrika eraiki baino lehenago, Gurrutxagatarrak zementua fabrikatzen ari ziren modu tradizionalean, Corta, Linazasoro eta Zubimendi egiten ari ziren bezala.

Nolanahi ere, 1852an, Eusebio Gurrutxagak berrikuntza lan haundiak eginak izan behar zituen “Guardia” baserriko  fabrikan, zeren eta, alde batetik ehotarriak zizelkatzeko agindua eman zuen, bere lantegian bertikal erako pare bat muntatuz, kaltzinatutako harria birrintzeko, gurpil hidrauliko bat erabiliaz horiek mugitzeko. Eta bestetik, 1853an Jose Ignacio Illarramendik Ertxina mendiko meategietatik ikatza zementu fabrika “berriraino” garraiatzeko adostasuna sinatu zuelako.

Ezezagunak dira berrikuntza horien zergatiak, Nicolas Gurruchagak lantegia Eusebio semearen esku laga zuelako, edo Madrileko Isabel II.aren ubideko eraikuntzaren beharrei erantzuteko. Ertxina menditik eta Agoteko harrobitik Guardiako fabrikara 1853an eta 1854an eramaten zen ikatz eta tuparri kopuruari begiratuz, ekoizpena asko hazi zela esan daiteke.

1856an beste bi pare ehotarri eta zegozkien labeak gehitu zituen, harri horientzako indar eragile bezala 9,80 metro diámetroko beste gurpil hidrauliko bat erabiliz, 20-25 zaldiko potentzia lortuz, eta 20 zaldiko lurrun-makina horizontal bat. Neguan, gurpilak bakarrik erabiltzen zituzten, eta makina lehorte garaian bakarrik jartzen zuten martxan. Gainera, gurpil hidraulikoak eta lurrun-makinak modu konbinatuan funtzionatu zezaketen. Garai berean, jarraitu erako labeak jartzen hasi zen eta harrezkero jarritakoak mota horretakoak bakarrik izan ziren.sansinenea1-002

Urte berean, Nicolasek Lino Uriarteri, Arroa Beheko “Guardia Zaharra” eta “Guardia Berria” baserrien arteko lursail batzuk eskatu zizkion, kare hidraulikoaren fabrika eraikitzeko. Azkenik, bi urte geroago, 1858an, Uriartek Eusebio Gurruchagari “Guardia Berria” izeneko terrenoa saldu zion,  “Nuestra Señora de los Dolores” fabrika berria eraiki zuen orubea.

1888an, “Sindicato de Cementos rápidos de Zumaia” elkartearen sorreran parte hartu zuen Eusebio Gurruchagak, lehen aipatutako fabrikaren jabe bakar bezala, Urola Beheko beste sei fabrikekin batera, eta elkarte horretako gerente izan zen.

Uriarte familiarenak ziren Ibañarrietako harrobiaren errentamendu kontratua eten ziotenean, Eusebio Gurruchaga fabrika uztera behartua ikusi zen, eta Donostiako auzotar ziren Diego Echevarria Gutierrez-ek eta Justo Sansinenea Solaberrieta-k, 1896ko apirilaren 1ean, “Nuestra Señora de los Dolores” fabrika ustiatzeko eratu zuten “Echevarria y Sansinenea”, sozietate erregular kolektiboari saldu zion. Salerosketa operazioan sartzen ziren baita ere “La Cuarta” ikatz meategia eta Uraingaineko harrobia. Aipatzekoa, bi bazkideak Compañía del Tranvía de San Sebastian-en Administrazio-kontseiluko kideak zirela. 

Diego Echevarriak elkartea utzi ondoren, 1900an Sansinenea e Hijos sortzen da, sozietate erregular kolektibo bezala ere, eta ziurrenik José Ángel Sansinenea Izaguirre eta bere seme Justo, Juan, Filemon eta Vicente ziren bazkideak. Justo hiltzean, Arroan, 1905eko otsailaren 14an, testamenturik egin gabe, Donostiako lehen instantziako epaileak, 1905eko martxoaren 31an, gurasoak jo zituen oinordeko bakarrak, eta horiek elkarteari eman zioten fabrikari zegokion guztia. Filemon izan zen izendatua enpresako kudeatzailea kargurako.

Lantegiaren jarduera 1930. urtean gelditu zen porlan erako zementuaren konpetentziari aurre egin ezinik.

Ezaugarriak eta ekoizpena: Lantegia: “Nuestra Señora de los Dolores” izenekoa, lehendabiziko zementu fabrika modernoa izan zen, zementuaren fabrikaziorako urrats guztiak toki berean egiten baitziren. Horretarako, inguruko lehendabiziko labe jarraituak eraiki ziren, goitik bete eta behetik husten zirenak, eta ekoizpen-espazioa bi sailetan banatzen zen: egosketari eta ehotzeari zegozkienak. Beraz, ehotzeko olak berrerabiltzen zituzten aurreko fabrikekin alderatuta, Eusebio Gurrutxagarena modernoa eta aurreratua zen.

nuestra-senora-de-los-dolores-vista-general-de-la-fabrica Erretzeko aretoak alde zabalena osatzen zuen, lau metro diametroko sei labe jarraitu bertikalekin. Ehotzeko, berriz, bi areto zeuden, errotarri pare banarekin; hauek mugitzeko ur indarra erabiltzen zen, nahiz eta beranduago gasa, gasolio eta gasogeno motorra ere erabili. 1863an, 35 zaldiko lurrunezko makina ekarri zuten, “Miliscamps” markakoa, erosteko hitzarmenean irakur daitekenez.

Hala ere, badirudi fabrikako elementu guztiak ez zirela batera eraiki, eta, labeak martxan izan arren, ehotzeko harriak pixkanaka jarri zituztela. Badaude ideia horretan sakontzeko aukera ematen duten pare bat dokumentu. 1861an, Gurrutxagaren aginduz, Angel Urkiri eta Miguel Rausero harria txikitzeko errotarriak egiten ari ziren. Sinatutako hitzarmenak agintzen zuenez, Saturraranen hasita zituzten granitozko bi harri borobilak emandako txantiloiaren arabera bukatu behar zituzten.sansinenea-piedra-para-molienda

Baina, harrigarria da fabrika berria eraiki arren, oraindik 1862an, olak erabiltzea harria txikitzeko. Urte hartan, Gurruchagak Francisco Trekurekin hitzarmena sinatu zuen berak emandako harri erreak Lasaoko olan ehotzeko. Trekuk harria fabrikan jaso, Lasaora eraman, ehotu eta hautsa Gurruchagaren Zumaiako portuko biltegira eraman behar zuen. Beharbada, oraindik lantegiak ez zituen merkatuaren eskaerari erantzuteko behar adina baliabide, nahiz eta bi urte lehenago lau errotarri bertikal pare haundi, bi horizontal eta horiek mugitzeko 60 zaldiko lurrun-makina horizontal bat sartu zituen.

Eusebio Gurruchagaren fabrikak interés haundia piztu zuen eraikuntza munduko hainbat aditu eta teknikarien artean eta horietako bat E. M. Repullés y Vargas, espainiar arkitekto ospetsua izan zen. 1876ko abuztuan, Hirugarren Gerra Karlista amaitu zen urte berean, “Nuestra Señora de los Dolores” lantegia ezagutzera etorri zen, eta Eusebio eta bere seme Nicolas, hau Parisen ingeniari ikasketak bukatu berria, elkarrizketatu eta lantegia, biltegiak eta harrobia bisitatu ondoren, eraikuntza arloko aldizkari ezagun batean artikulu mamitsu bat idatzi zuen. Bertan adierazten du nolakoa zen lantegiaren egoera gerra ondorenean:eusebio-gurruchaga-planta-de-la-fabrica-nuestra-senora-de-los-dolores  

“Lanean urte on batzuk eman ondoren, fabrika geldirik egon da karlisten matxinadak iraun duen hiru urteetan. Matxinada amaitu bezain pronto, fabrika abian jarri da, berriro ere, eta aurtengo martxoaren 24tik abuztuaren 26ra arte –fabrika bisitatu dugun egunera arte, alegia– 94.000 gaztelar kintal ekoitzi dituzte. Horietatik 71.000, gutxi gorabehera, Espainiako zenbait lekutara bidali dira, ia-ia dena herri-lanetarako, eta 23.000 inguru atzerrira; batik bat Frantziara non, beste lan batzuen artean, Miarritzeko portuan erabiltzen ari diren; Espainian, berriz, Cádizen A. López y Compañía enpresa moilan egiten ari den lanetan ere material bera, esklusiboki, erabiltzen ari dira. Hori guztia ekoizteko, lurrun-makinak mugitutako harri bertikalen lau sorta soilik erabiliz egiten da lan, gainerako elementuak ez baitaude erabiltzeko moduan, gerran izandako kalteak direla eta. Hala eta guztiz ere, azken hamabostaldian ekoizpena 900 kintaletik 1.000 kintalera artekoa izan da egunean; dena den, fabrikak badu gaitasuna egunean 1.500 kintaletik 2.000 kintalera artean ekoizteko.”

Produkziorako zituen balibiderik garrantzitsuenak ere adierazten ditu:  3,80 m. diámetro eta 7 m. altuerako hamar labe jarraitu, eta granitozko zazpi errotarri pare bertikalak eta bi horizontalak.

4 pare bertkalak,  2,45 m. diametrokoak

Lurrunez mugituak

2 pare horizontalak, 2 metrokoak
2 pare bertikalak,  4,80 diametrokoak

Lurrunez edo urez mugituak

Pare bat bertikala,4,70 diametrokoa

Urez mugituak

Mekanismo edo sistema eragileei buruz, honela dio:Duque de Granada-ren ordainagiria “Gurpil hidraulikoak kaxa dunak dira, eta aipaturiko Narrondo ibaitik desbideratutako ubidetxo batetik hartzen dute ura. Gaur egun dabilen lurrun-makinak, haundiena dena, bestea konpontzen baitago, transmititzen du mugimendua ehotarrietara, hauetako bakoitzaren azpian dauden  engranaje konikoen bitartez ardatzak mugituz”

Bordeleko 1882ko erakusketa dela eta ematen diren datuen artean aipatzen da, 48 eta 18 zaldiko bi lurrun-makina, 15 zaldiko bi gurpil hidrauliko eta 30 metro kubikoko jarraitu erako 12 labea zituela. 120 langile enplegatzen zituen, garraioan ibiltzen zirenak barne, eta urteko 20.000 tonako ekoizpena zuen fabrikak. Repullések jasotako datuak diotenez, 1876ko ekoizpena 10.000 tona ingurukoa izan zen.

Gainera, garai hartan ohikoa zen bezala, fabrikako konponketak egiteko sutegi propioa zuen, eraikuntza nagusiaren albo batean.medalla-expo-paris-1878_www-europeana-eu_

Gurruchagaren zementuari azterketa ugari egin zizkioten, besteak beste, Pariseko “École des Ponts et Chausséesen”, Bergarako Seminarioan, Zubi eta Galtzadetako Eskolako laborategian, Errepideetako ingeniarienean eta Louis Vicat ingeniari frantzes ospetsuak egindakoak. Emaitzen arabera, %26 eta %30 tarteko buztina zuen kareharriak, eta “gogortze azkarreko” zementuen artean aurkitzen  zen, aipatutako ingeniariaren sailkapena kontuan izanik “nabarmenki hidraulikoaren” artean kokatzen zelarik.

Frantzian, beste hainbat lekuen artean, Point de Graven itsasoko uholdeetatik babesteko egindako lanetan, Zokoa, Miarritze eta Bresteko portuetan erabili zen Gurruchagaren zementua.sansinenea-almacen-de-cemento-natural-sansinenea-en-muelle-de-santillana

Zementua bidaltzeko bi ontzi mota erabiltzen zituen: “Biltegi zabalak ditu lantegiak Zumaiako portuan kai propioarekin, non ontziratzen den zementua kintal t’erdiko zakuetan edo lau kintal edukierako gaztainezko arodun upeletan, helmuga puntua urrun samar egon ezkero, eta salmenta prezioak, portu horretan ontziratuta, ondorengoak dira:”

Prezioa pezetetan

1,50 kintaleko zakuetan, zakua barne. Egoera onean itzultzen den zaku bakoitzeko 0,62tik 0,75 pezeta arte ordainduko da.

1,70

4 kintal inguruko upeletan, kintaleko (ontzia barne).

1,80

Merkataritza eta marketing ekintza ugari egin zituen Eusebio Gurruchagak, hainbat nazioarteko erakusketetan parte hartuaz, bere zementua aurkeztuaz eta domina batzuk eskuratuaz: 1866. urtean Baionan, 1873an Vienan, 1878an Parisen, 1881ean Matanzasen, 1882an Bordelen, 1885ean Anberesen eta 1888ean Bartzelonan. Azkenengo horretan, Gipuzkoatik joan ziren erakusketarien artean, stand edo instalaziorik honena izan omen zen Eusebio Gurruchagarena.eusebio-gurruchaga-1888_instalacion-expo-barcelona

Bestalde, Manuel Pardo, bideetako ingeniariak 1885an, azpimarratzen zuen Gipuzkoako hainbat lantegietan ekoizten zen zementuen garrantzi nabaria, eta horien artean, Eusebio Gurruchagarena zeritzon osperik haundienekotzat.

1890. urterako Arroako Gurrutxagaren fabrikan aldaketak egin ziren Portland motako zementua fabrikatzeko. Urte horretan labe berriak erosi ziren mota horretako zementua egin ahal izateko. Hala ere, harro esaten zuen 1888an emaztearenak ziren Zumaiako lursailetan eraikitako Odieta frontoia, bertako Portland motako zementuarekin Espainian egindako lehendabiziko eraikuntza publikoa izan zela. Horrek, 1890eko aldaketak baino lehen frogak egiten ari zirela adierazi dezake.

Berezia izan zen Bordeleko 1895eko urteko erakusketara Gurrutxagak eramandako erakusmahaia. Bere suhiak, Luis Aladrenek diseinatu zuen eta informazio hau ematen zuen garai hartako fabrikari buruz: “1849an fundatua, 40 eta 18 zaldiko 2 lurrun-makinek mugituta, urak mugitutako 15 zaldiko  bi gurpil zituela, 120 langile inguru eta 20.000 tonako produkzioa.”

Erakusketa horretan “Nuestra Señora de los Dolores” fabrikak urrezko domina eskuratu zuen. Hala ere, arrakasta horrek hurrengo urtetan gertatutakoa besterik ez zuen ezkutatzen, zorrei aurre egin ezinda fabrika Echevarria y Sansinenea elkarteari saldu baitzion.

Echevarria y Sansinenea-k, 1896an fabrika hartu zuenean, Jose Agustín Arbillagarekin hamar urtetarako kontratua egin zuen argindarraren hornidurarako, 40 zaldi erabilgarri potentzikoa.

Lantegiaren jabetzaren aldaketaren ondoren, Sansinenea e Hijos, sektorean nabarmentzen jarraitu zuen eta atzerriko fabrika onenen mailan. 1908. urtean bederatzi labe, granitozko hamabi errotarri bertikal eta “Davids” sistemako findegi tutua zituen, bere espiral eta amaierarik gabeko katedun jasogailuekin. Indar eragilea sortzeko, berriz, “Taylor” markako 65,70 zaldiko sorgailu edo generadorea zuen gas motor bat, turbina bat eta “De Naeyer” sorgailua zeukan 55,60 zaldiko lurrunezko makina bat zituen. Gainera, eraikin guztiek, Brunswickeko “Amne Giesecke y Konegen” markako turbina zuen generadore hidrauliko baten bitartez sortutako argi elektrikoz argiztatuak ziren.

Sansinenea e Hijos-eri lantegia saldu ondorengo produzioko datu batzuk:

Urtea

1904

1907

1910

1913

1916

1929

1930

Tonak

4.600

5.900

7.800

6.450

9.300

1.438

1.625

Ez dakigu zer urtetan, baina bere inprimakietako idazpuruetan ageri denez, Donostian kokatu zuen bulego nagusia.

Azkenik, fabrikaren inguruan eraiki ziren elementuen artean eta gaur egun, nahiz eta egoera txarrean, zutik dagoen bakarra, “Villa Petra y Eulalia” izeneko etxea azpimarratu behar da; 1860an Eusebio Gurrutxagak eraikiarazia.

Harrobiak eta Meategia: Lehen esan bezala, 1846ko dokumentu baten bidez, Lino Uriartek, Nicolas Gurrutxagak, José Domingo Etxaidek (Zestoakoa) eta Esteban Linacisorok (Iraetakoa) Ibañarrietako kareharri harrobiak alokatzeko adostasuna sinatu zuten. Lino Uriarte, terrenoen jabe ziren Beduako Uriartetarren familikoa zen, eta beste guztiak zementugintza ihardueraren bultzatzaileak.sansinenea-restos-de-un-horno

Zementua egiteko harria, 1859 ezkeroztik, Uriartetar familiari errentan harturik zituzten “Benta Zahar”, “Benta Berri” eta “Urtarain” harrobietatik ateratzen zuten. Alabaina, kontratu berri bat sinatu geroztik, Juan Bautista Uriartek hori eteteko hautua egin zuen, bere osaba Eusebio Gurruchagaren aurka auzitegietako bideari helduaz ere. Uriartek irabazi zuen auzia, oker haundia sortuaz Gurruchagari, kinka larrian geratuz fabrikaren jarduera. Egoeraren larritasuna arintzeko, seguruenik, Uraingaineko harrobira jo zuen zementua egiteko behar zuen tuparria ateratzeko.

Hala ere, Eusebio Gurrutxagak eta bere aitak Agoteko kareharriko beste harrobi bat ere erabiltzen zuten, “Nuestra Señora de los Dolores” fabrika eraiki baino lehen. 1854ko dokumentu batean, Eusebio Gurrutxagak zementua egiteko kareharria bertatik ateratzen duela eta “Agote” baserriko jabea den Alzolaraseko alargunari alokairuan hartua daukala aipatzen da.

Lehen berraipaturiko E. M. Repullés y Vargasen artikuluan, Ibañarrietako kareharriari eta lantegirainoko garraioari buruz hau dio: “Kolore gris urdinxka du, eta metro batetik hiru metrora arteko potentziako banku ia bertikaletan geruzatuta dago. Lehergailu bidez erauzten da, eta tranbia batek errepidera garraiatzen du, fabrikara eramateko. Gaur egun, tranbia fabrikaraino bertaraino luzatzeko lanak ari dira egiten. Horrela, zerbitzu azkarragoa eta merkeagoa lortzeaz gain, aurrea hartzen zaie karreteroen eskariei eta grebei, sarritan izaten dira eta horrelakoak herrian. Harriz betetako bagonetak beren pisuaren eraginez jaisten dira maldan behera, abiadura bagonetatik bertatik kontrolatuz; ondoren, idiak erabiltzen dira atzera harrobira igotzeko. Harria labearen ondoan jartzen da, eta birrindu egiten da, dezimetro kubiko inguruko zatiak bihurtzeraino.

p1150357_0Ikatza edo lignitoa, berriz, Aizarnako, Ertxiña mendiko meategietatik erematen zuten: “La Cuarta” (1856tik aurrera), “Eustaquia” eta “San Fermin” (1871tik aurrera) izeneko ikatz meategietatik. Azkenengo bi horiek, Cementos Uriarte, Corta y Zubimendi-k ustiatu zituen geroago. Erabili zituzten, baita ere, Aizarnako inguru bereko “Irabide” eta “Gloria” eta Itziarko “Faustina” (Andutzmendi). 1890ko otsailean, probintzi batzordera bidalia izan zen “San Fermin” eta “Cuarta” meategiak eta Donostiatik Azpeitirako errepidea, Txiribogan, lotuko zituen aireko kablea jartzeari buruzko espedientea. Aipatu, burdin mineralaren bi meategi ere erabili zituztela, “Petra” eta “Demasia a Petra” izenekoak.

1859. urtean sinatu zuten kontratu baten bitartez, Aizarnako Jose Ramon Echaide behartzen zen 13.000 kintal egur-ikatz atera eta Txiribogako gunera eramatera Eusebio Gurruchagarentzat, kintaleko belloizko bi errealen prezioan.

Eusebio Gurruchaga Zementu fabrika honen bultzatzaile nagusia, eta lehenego jabea, Eusebio Gurruchaga Chapartegui, 1827. urtean jaio zen Zumaian. Udaleko alkate hautatua izan zen hainbat aldiz, eta bere agintaldietan herriarentzako hobekuntza garrantzitsuak egin ziren, hala nola, ura ekartzea eta portuko obren onartzea 1887an. Foru diputatu, eta Gipuzkoako diputatu nagusi ere izan zen. 1902ko ekainaren 28 hil zen.

Gizon ekintzailea zen, eta zementugintzatik aparte beste jarduera batzuk garatzen ere saiatu zen. Horrela, 1862an bere aita Nicolasekin batera zementua enbasatzeko tonelak egiteko tailerra zuen. 1867an, Arbustain inguruan ostrak hazteko proiektu bat ere aurkeztu zuen udalean, baina herritarren aurkako iritziak zapuztu zuen. 1871an metalezko kartutxoak egiteko fabrika bat eraikitzeko baimena eskatu zuen Zumaiako udalean, baina ez zuen lortu, kokagune desegokia zelako jarduerak zituen arriskuengatik. Arrantzarako baporeak ere bazituen, bestek beste, Eusebito eta Trinidad izenekoak. Hau Ingalaterran egina izan behar zuen, 1885ean.

Azkenengo gerra karlistaren aurretik ba zituen “(…) ehunak egiteko lantegi bat Zarautzen eta metalezko kartutxoak egiteko fabrika bat Azpeitian, baina biak geldirik zeuden gerraren amaieran, gainera bigarren hori suntsitua izan zen gerraren ondorioz eta galera haundia eragin zizkion nagusiari. Bitartean, honek Donostian jarri zuen beste kartutxo fabrika bat, eta produktu suntsigarri horren kopuru haundiak kontratatu zituen Gobernuarekin. Aipatutako, Zarauzko fabrika “Fabril Linera” zen, Pascual Madozek sortua, eta Cayo Vea Murguiak erosi ondoren Eusebio Gurruchaga bazkide sartu zena. Eta Azpeitiakoa, berriz, “La Azpeitiana” izenekoa zen, “Ibarra, Gurruchaga, Vea-Murguía y Cª” elkartearena.

Oharrak
1. “El Urumea” egunkariaren 1882ko azaroak 28, 1. orria.
2. Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
3. Esan behar da artean Arroa Arroa Behea izeneko toponimorik ez zegoela, eta fabrika inguruaren lehendabiziko izena Lantoki izan zela.
4.  GPAH 3-3743
5. Olaizola Elordi, J.: “Los inicios de la Compañía del Tranvía de San Sebastian, 1887-1902″
6. “La Constancia egunkaria”, 1905eko otsailaren 16a
7. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
8. “Zumaya, 9 de mayo de 1861”.
9. “Zumaya, 23 de agosto de 1862”.
10. Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
11. Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
12. Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
13. “El Urumea” egunkariaren 1882ko azaroak 28, 1. Orria.
14. Pardo, M. (1885): Materiales de Construcción,  79. orria.
15. Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
16. Pardo, M. (1885): Materiales de Construcción, 79. orria
17. Kontratuaren baldintza ekonomikoetan urteko 8.000 pezetako gutxieneko kuota bat  ezartzen zen, azarotik ekainera arteko 4.800 pezeten eta uztailetik urrira arteko 3.200 pezeten batuketaren emaitza bezala. Zaldi potenziaren prezioa, 24 ordurako, 1,50 pezetetan finkatzen da, azarotik ekainera artean eta 2 pezetetan uztailetik urrira artean, sei orduko frakzioak zenbatuz. Echevarria y Sansineneak, urteko 1.000 pezeta ordainduko zituen, gainera, fabrikaziorako tresnak mugitzeko behar ziren transformadore, dinamo-motorra bere osagaiekin eta gainerako aparailuak osatutako estazio-hartzailea Arbillagak fabrikan instalatu eta mantentzeagatik.  GPAH 3-3743
18. La Industria del cemento en Zumaya (1908) Revista “Ingenieria”, Año IV numero 126, Madrid 1908ko irailak 30, 318 orria.
19. Iturriak: Estadísticas Mineras eta Memoria Comercial Cámara de Comercio y Navegación de  Gipuzkoa
20. “Certificación del maestro de obras José Antonio Segura para reconocer la cantera de Agote, en vistas a la calidad del cemento. Zumaya, 11 de abril de 1854”.
21. Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
22. “La Voz de Guipuzcoa” egunkaria, 1890ko abuztuak 2.
23. Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
24. GPAH 24227
25. Z.A.H. Sig. 136.04
26. Z.A.H. Sig. 160.03
27. Z.A.H. Sig. 62.06
28. Bustinduy y Vergara, N. (1894): “La industria guipuzcoana en fin de siglo”.
29. Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
“El Urumea” egunkariaren 1882ko azaroak 28, 1. orria.
Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
Esan behar da artean Arroa Arroa Behea izeneko toponimorik ez zegoela, eta fabrika inguruaren lehendabiziko izena Lantoki izan zela.
 GPAH 3-3743
Olaizola Elordi, J.: “Los inicios de la Compañía del Tranvía de San Sebastian, 1887-1902″
“La Constancia egunkaria”, 1905eko otsailaren 16a
Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
“Zumaya, 9 de mayo de 1861”.
“Zumaya, 23 de agosto de 1862”.
Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
“El Urumea” egunkariaren 1882ko azaroak 28, 1. Orria.
Pardo, M. (1885): Materiales de Construcción,  79. orria.
Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
Pardo, M. (1885): Materiales de Construcción, 79. orria
Kontratuaren baldintza ekonomikoetan urteko 8.000 pezetako gutxieneko kuota bat  ezartzen zen, azarotik ekainera arteko 4.800 pezeten eta uztailetik urrira arteko 3.200 pezeten batuketaren emaitza bezala. Zaldi potenziaren prezioa, 24 ordurako, 1,50 pezetetan finkatzen da, azarotik ekainera artean eta 2 pezetetan uztailetik urrira artean, sei orduko frakzioak zenbatuz. Echevarria y Sansineneak, urteko 1.000 pezeta ordainduko zituen, gainera, fabrikaziorako tresnak mugitzeko behar ziren transformadore, dinamo-motorra bere osagaiekin eta gainerako aparailuak osatutako estazio-hartzailea Arbillagak fabrikan instalatu eta mantentzeagatik.  GPAH 3-3743
La Industria del cemento en Zumaya (1908) Revista “Ingenieria”, Año IV numero 126, Madrid 1908ko irailak 30, 318 orria.
Iturriak: Estadísticas Mineras eta Memoria Comercial Cámara de Comercio y Navegación de  Gipuzkoa
“Certificación del maestro de obras José Antonio Segura para reconocer la cantera de Agote, en vistas a la calidad del cemento. Zumaya, 11 de abril de 1854”.
Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.
“La Voz de Guipuzcoa” egunkaria, 1890ko abuztuak 2.
Euskal Erkidegoko Herri Administrazioaren Artxibo Nagusia
GPAH 24227
Z.A.H. Sig. 136.04
Z.A.H. Sig. 160.03
Z.A.H. Sig. 62.06
Bustinduy y Vergara, N. (1894): “La industria guipuzcoana en fin de siglo”.
Repullés y Vargas, E.M.: Anales de la Construcción y de la Industria. Madrid, 1876ko irailak 10. 172-174 orrialdeak.