Laburpena: Pedro Gurruchaga Uriarte, beste bazkide batzuekin batera, 1893an jarri zuen martxan “La Zumayana” izeneko zementu fabrika; Narrondo auzoko “Baiona” baserriaren lursailetan eraikia1903an, Pedro hil ondoren, Gurruchaga, Lopez y Compañía, sozietate kolektiboa, sortu zuten bazkide berriak sartuaz. 1907. urtean itxi zen fabrika.

Historia:

Pedro Gurruchagak, Eusebio Gurruchagaren semeak, Narrondo auzoko Baiona baserriaren 7.780 m2-ko lursaila erosi zion Francisco Elosua Unanueri,gurruchaga-lopez-y-cia28 1893ko abuztuaren 31ean, “La Zumayana” izeneko zementu naturalaren fabrika eraikitzeko. Lursailaren erosketa, data horretan formalizatu bazen ere, eraikuntza lanak lehenago hasi ziren, urte bereko urriaren 14rako eraikita bai zegoen lantegia. Azpimarratzekoa, Baiona baserria, bere eranskin guztiekin, Zumaiako karmeldar oinutsen, “Mojaxarrak” bezala ezagunak zirenen jabegokoa izan zela eta 1855eko desamortizazio legearen medioz Estatuak desjabetu zuela; baina gero, baserriko maizter zen Francisco Elosuak, eskuratu ahal izan zuen Pedro Gurruchagak egin zituen gestioiei esker.

Fabrika eraikitzeko, Bilboko Darío Aranarekin negoziatu zuten (…) 150.000 pezetako mailegu bat, zortzi urtean ordaindu beharrekoa, urteko interesa %5ekoa izanik”. Horretarako, harrobien eta lignito meatzen hipoteka eskatzen zuen mailegu-emaileak, 1890ko maitzaren 28ko idazki batek dioenez.

1902ko apirilaren 3tik 4rako gauean, gertakari larri bat izan zen fabrikan, egunkari bateko kronika batek zioenez: “Bart egundoko sutea sortu zen Zumaiako zementu fabrika batean, eta eraikina erraustu zuen. Zorionez, ez zen ezbehar pertsonalik izan. 30.000 pezetako galerak kalkulatzen dira. Lantegiaren jabea Pedro Gurruchaga da. Sutea ezustekoa izan da.”

Ezezagunak dira suteak lantegiaren jardueran izan zituen ondorioak, baina berriz ekin zioten lanari.gurruchaga-lopez-y-cia-1903 1903an, Pedro hil ondoren, Hermanos de Pedro Gurruchaga izenarekin jarraitu zuen hilabete batzutan, urte horretako abenduaren 6an Gurruchaga, López y Cía. sozietate kolektiboa sortu zuten arte, 50.000 pezetako kapitalarekin, Gurruchaga anaien amari errentamenduan hartu ondoren zementu fabrika eta “Garestiya” izeneko lignito meatzea.  Elkarte berriko bazkideak hauek ziren: Juan Gurruchaga Uriarte, 10.000 pezetako partehartzearekin, eta Bilboko Francisco López Castiella eta Antonio Bernad Gallego, Teruel probintziako Hijarkoa, 20.000na pezetekin. Gurruchaga jauna izendatu zuten fabrikazioaren eta kontabilitate-liburu nagusien arduradun, urteko 3.500 pezetako soldatarekin, eta Bernad jauna korrespondentzia eta liburu lagungarrien arduradun, urteko 2.500 pezetako soldatarekin.

Azkenean, 1907. urtean,  itxi zen, Arangurenen, “San José”  fabrika bezala.

Ezaugarriak eta ekoizpena:

Produkzioa zementugintzako oinarrizko bi prozesuen arabera zegoen antolatuta, kaltzinazio eta ehotze lanak egiteko, bi eraikin paralelotan banatuta, 1893ko urriaren 14ko jabetza deklarazio eskrituran deskribatzen den bezala.gurruchaga-lopez-y-cia-vjsta-fabrica

Bata, harria egostekoa “Labeentzako eraikin bat, 127,50 m2ko behe oineko azalerakoa eta lurzorutik labeen ahoraino 6 m.-ko altuerarekin, eta 14 m. lurzorutik gailurreraino (…) hiru labe handi zituena, ondorengo neurriekin (…) beheko zolatik ahora edo goiko zolara 5,20 m.-ko altuera, beheko oinarrian 1 m.-eko diametroa, goiko ahoan 3,20 m-ko diametroa eta sabelean 3,50 m.-ko diametro maximoa”. Geroago zazpi labe izatera iritsi ziren.la-zumayana-1990_-j-erkizia-6

Bestea, ehoketa saila eta makinen aretoa barne hartzen zituena, “Beheko solairuko eraikina, bi hormarteko ganbararekin, 258,64 m2-ko azalerakoa eta zolatik ganbaraino  6 m.-ko altuerarekin, eta 10 m. zolatik gailurreraino (…) gainera “(…) hiru hormarteko dituen espazio bat, non dauden instalaturik ehoketarako tresneria osatzen duten birrintzeko orgatxodun makina, Morel sistemako errota zentrifugoa, sistema bereko galbahe konikoa, eta jasogailu, garraigailu, tolbak edo kalapatxak eta beste osagarri guztiak, ehotze eta enbasatze lanetan materialaren mugimendu eta garraio automatikorako.” Baita ere “(…) makinen gela bat, non dauden instalaturik barneko sua eta adreiluzko ke-eroalea dituen lurrun-galdara bat, eta espantsio-zilindro bateko makina eragile bat, gehienezko 45 zaldi indarrekoa.” Eraikin horrek bazituen gainera “(…) solairuartea osatzen duen pisu txiki bat, non instalaturik dagoen galbahe bat eta beste bat jartzeko lekua, zaintzaile batentzako logela bat eta ganbara edo txapitula bat”. Azkenik, oraindik zutik dagoen tximinia “(…) biribila, oinarri karratuzkoa, adreiluzkoa guztia, 25 m. altuera eta 60 zm. barne diametrokoa, dagozkion ke-eroaleekin”.

Morel sistemako bolazko errota zentrifugoaz gain, “Loizeau” markako mailudun xehatzeko edo birrintzeko makina bat ere bazuten. Makina horiek aldatzeko edo ekoizteko gaitasuna handitzeko helburuarekin, 1905eko otsailaren 15ean, birrintzeko eta ehotzeko makinei buruzko informazioa eskatu zioten Bostoneko “Sturtevant Mill Co.” enpresari.

Fabrikak, bide, plaza txikiak eta beste dependentziak barne, 2.200 m2ko azalera okupatzen zuen, 5.580 m2ko saila soberan geratzen zelarik.la-zumayana-1990_t-gaztanaga-2

Fabrika eraiki baino lehenago, 1872tik aurrera alegia, “Nicolas” izeneko ikatz meategia aipatzen da Zestoako Oyarbiribil izeneko tokian. Badirudi Gurrutxagatarrek “Nuestra Señora de los Dolores” fabrikarako erabili zutela eta gero “La Zumayana”-rentzat. Hau martxan jarri ondoren, Pedro Gurrutxagak, Ertxin mendiko “Garestiya” izeneko meategitik “San Juan” izeneko deskarga tokira aireko kablea jarri zuen lignitoa garraiatzeko. Kable hori, Ascensio Illarramendi Otamendi eta Pablo Bereciartua Altuna zestoarrak jarri zuten 1900. urtean.

Garestiya meatzean, fabrikan bertan behar zutena baino lignito gehiago izango zuten. Horixe ondoriozta daiteke Oiquina zementu-fabrikako José María Olaizolari 1905eko uztailaren 19an igorritako idatzian. Hain zuzen ere, idatzi hartan behar adina lignitoz hornitzeko aukera eskaintzen zen, 73 kiloko kintalaren prezioa 0,38 pezetakoa izanik, Zestoako errepideko kargatzeko tokian utziz gero, edo 0,56 pezetakoa, fabrikan bertan utziz gero.

Zementua egiteko behar zuten tuparria Sakonberriko harrobikoa zen hasieran. 1901ean Urberuagako harrobitik hornitzen ziren ordea, naiz eta enpresako apunteak diotenez, badirudien Sansinenearen harria izan zela ondorengo urteetan gehien erabili zutena.

Enpresak egindako azkar gogortzeko zementuaren merkatua Espainiar estatu osoan zehar hedatu zen. Esate baterako, Dolores goletan 200 tonako karga bat bidali zuten Ceutara, tonako 16 pezetako pleita eta kapitainentzako %5ekoa  ordainduta, Francisco Larrañagak, Zumaiako itsas artekariak, 1905eko urtarrilaren 10ean igorritako idatzi batean ageri denez. Eta urte bereko otsailaren 6an, Tafallako Astrain y Gil, “La Asunción” irin-fabrikaren 10.000 kilo zementu eskaera, 69 kiloko zaku bakoitza 1,58 pezetako prezioan, zakua barne, Zumarragako geltokian treneko bagoian jarrita.img_5930

Sektoreko enpresen artean gazteena zenez, eta beraz, merkatuan sartutako azkena, lehiakide beteranoenei aurre egin behar izan zien. Hori islatzen du Oviedoko probintziako “Cuerpo Auxiliar Facultativo de Obras Públicas” izenekoak 1905eko uztailaren 21ean igorritako idatziak, “(..) zaila izan behar du dagoeneko ospea duten Corta eta Uriarte jaunen fabrikekin lehian aritzeak, aspaldi samarretik eskualde honetako kontratistak eta merkatariak hornitzen baitituzte, zuek gaur egun proposatutako baldintza bertsuetan ari baitira saltzen”

Amerikar kontinentearekin ere harremanak izan zituzten arren, ez dakigu eskaeraren bat burutzera iritsi ziren. Dena dela, eskaintza bat bideratu zuten, Mexikoko Felipe Neuman & Cía. enpresaren bidez, 100.000 barrika baino gehiago egiteko operazio garrantzitsu baterako; barrika bakoitzak 200 kilo gordineko pisua izan behar zuen, eta Jauregi Legislatiboa eraikitzeko eta Xochimilcotik hurbil zegoen herri batetik hiriburura ura garraiatzeko akueduktu bat egiteko erabiliko ziren. Proposamenen pleguak zabaldu ondoren, La Zumayana enpresarena eta Alemaniako Allen enpresarena hautatu zituzten, eta azkenean, enpresa alemaniarraren alde egin zuten, pleitearen prezioan aldea kontuan hartuta, batik bat.

Enpresaren ekoizpen-datuen arabera, 1897. urtean, hilean 6.767 zaku zementu ekoitzi zituzten batez beste. Gainera, ekainetik abuztura bitartean, hilean 9.000 zakutik gora ekoiztera iritsi ziren; eta guztira, urtean 5.500 tona baino gehiago ekoitzi zituzten. Fabrika goizeko 6etan edo 7etan hasten zen martxan, neguko hiletan, eta udaberrian eta udan, berriz, goizeko 5etan.img_5635 Lanaldia arratsaldeko 6etan amaitzen zen, neguan, eta 7ak eta laurdenean, udaberrian eta udan. Hala ere, batzuetan arratsaldeko 8ak arte edo gaueko 12ak arte luzatzen zen, udako hiletan. Eguerdian, ordubeteko geldialdia egiten zuten, bazkaltzeko.

Urte hartan, erabili zuten energia ia guztia elektrikoa zen, eta hornitzailea Zestoako Echaide hermanos enpresa zen. 3.463 ordu eman zituzten lanean, 288 egunez eta 7 orduz, eta lurrun-galdara oso gutxi erabili zuten.

Gaur egun, ikus daitezke “La Zumayana” zementu fabrikaren aztarnak: lehen aipaturiko bi ereikinen hormak eta tximinia.

Oharrak
1. GPAH24033
2. Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsa.
3. BNE, “La Correspondencia de España” egunkaria,1902ko apirilak 5
4. GPAH24368
5. GPAH24033
6. Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsa.
7. Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsa.
8. Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsa.
GPAH24033
Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsa.
BNE, “La Correspondencia de España” egunkaria,1902ko apirilak 5
GPAH24368
GPAH24033
Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsa.
Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsa.
Z.A.H. Eusebio Gurruchagaren funtsa.