Laburpena: José Angel Irureta Urbieta, 16 edo 17 urte zituenerako ageri zen arotz bezala, 1895-1896ko Udaleko industria zerrendan. 1906an, berriz, José Ángel Irureta y Compañía bezala, eta 1907 Irureta hermanos y Compañía, sozietate komanditarioa eratzen du bere anai Vicente eta Pedro Olaizola Echaverekin. Lekuz ere aldatzen joan zen, San Telmo kaletik Etxezarreta kalera pasatuz, 1919 inguruan Arrangoletara joateko, eta aurrerantzean Irureta y Esnal, izena erabiliz, Venancio Esnal Alberdi bazkide berriarekin batera. 1924an itxi zuten ontziola, Udalak eskatuta.
Historia: José Angel Irureta Urbieta (1869), 16 edo 17 urte zituenerako ageri zen, arotz bezala, 1895-1896ko Udaleko industria zerrendan. 1906an, berriz, José Angel Irureta y Compañia bezala, ziurrenik bere anai Vicenterekin (1871), arotza baita ere. 1907ko otsailaren 26an, Irureta hermanos y Compañía, izeneko sozietate komanditarioa eratu zuten, Irureta anaiez gain, Pedro Olaizola Echave (1866) ere bazkide zela, mota guztietako altzariak egin eta saltzeko helburu sozialarekin eta 7.500 pezetako kapitalarekin. Baina, handik sei hilabetera Pedro Olaizolak utzi zuen elkartea, bere partaidetza salduaz beste bi bazkideei, 4.983,66 pezetan.
1912ko abuztuan, Irureta anaiak 2.000 pezetako mailegua hartu zuten, Román Astorqui Erquizak eta Vicente Larrinaga Arriagak emanda, bi urteko epean itzultzekotan, Basadi berrietako soro batean, Irureta anaiak eraiketzen ari ziren etxea hipotekan bermetzat eskainiaz. Baina, mailegu osoa itzulia izan zen urte bereko azaroan.
Seguru asko, 1919 urtearen inguruan, Arrangoletara joatean, sartzen da bazkide berri bat, Venancio Esnal Alberdi (1889) administraría, aurrerantzean Irueta y Esnal izena erabiliz, 1920 eta 1921eko Gipuzkoako Matrikula industrialean ageri denez
Ontziolaren jarduera 1924an eten zen, Udalak eskatu ondoren ekainaren 15a baino lehenago, ontziolako pabiloietako materialak eta egiten ari ziren itsasontzien armazoiak kentzeko edo errausteko, segurtasun pertsonalerako oso arriskutsuak zirela argudiatuta. Eskaera horren ondorioz, Iruretak eta Esnalek entregatu gabeko gabarra baten eskaera burutu ahal izateko epea luzatzea eskatu zuten, eta urte bereko irailera arteko luzapena lortu zuten.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Hainbat kokagune izan zituen Jose Angelen jarduerak. Lehenengoetakoa, 1906ko kontribuzio industrialaren erroldak dioenez, San Telmo kalean, Ondartxo aldera, ziurrenik Jose Agustin Arbillagari hiru urte terdirako errentan hartutako aroztegian, lau zaldi potentziako argindarrarekin, urteko 2.000 pezeta ordainduz. eta altzarigintzan aritu ziren bertan. Gune horretan eduki zuten, hain zuzen, lur lehortegi bat, udalbatzaren akta batean aipatzen denez, non Agustin Arbillagari eskatzen zaion “kendu dezala bere teilapea Angel Iruretak, Ondartxon egur lehortegia daukan lekutik.”
1911an Etxezarreta kalera joana zen, orduko 6. zenbakira, bere jabetzako lursailetara. Leku horretan 1915ean arrabotatzeko makina bat eta zerra bat zeuzkan. Segur aski, Arrangoletara aldatu baino lehen, hemen ekin zioten tamaina txikiko egurrezko ontzigintzari, urte batzuk beranduago Galarraga eta Lasquibarrek, euren ontzigile ibilbideari hasiera eman zioten leku berean, Beduara joan aurretik.
1918ko martxoaren 21eko data zeukan eskabide baten bidez, José Ángel Irureta Urbietak Zumaiako Udalari adierazi zion beste jaun batzuekin sozietate bat osatuz 110 tonako itsasontziak egiteko konpromisoa hartu zutela, eta tona gehiagokoak egiteko asmoa ere bazutela, baina horretarako lursail egokirik ez zeukatenez, Arrangoletako zabalgunean ezarri nahi luketela; eta horretarako, Bilboko Señores Castrillo y Compañiari eskainitako lursailetik herriaren aldera zegoen mila eta hirurehun bat metro koadroko lursaila errentan hartu nahi zutela bi urterako. Eta hilabete geroago, apirilaren 25ean, Udalari bidalitako beste idatzi batean lursail gehiago eskatu zituzten, 220 tonako itsasontzi baten eskariari aurre egin ahal izateko. Aurreko ontzi horietaz gain, 1921ean, Raizona izeneko beste bat egin zuten, 22 tonakoa eta 16,90 m-ko luzerakoa.
Ontziola eraitsi eta materialak kentzeko Udalaren agindua hartu eta gero, Urola gabarra eraikitzea bukatu zuten eta uretaratzea Segundo Querejetak zuzendu zuen, jardun horietan eskarmentu handikoa zenak, Francisco Querejeta e Hijos ontziolan jardun zuelako. Adieraztekoa da, Marinako Laguntzaileak Udalari bidalitako komunikatuak zioenez, uretaratzea egiteko baimena Segundo Querejetari eman zitzaiola, eta horri eskatzen dio Udalak “uretaratze horretan eskoileran egindako matxurak konpontzea luzaezineko zortzi eguneko epean”. Hori izango zen ontziola honetako azkenengo uretaratzea.