Laburpena: Pedro Alberdi itsasontzi berriak egiten aritu zen, bai eta kalafetatze-lanetan ere. Zumaiako ontzigintza garaikideko aitzindarietako bat izan zen. Bere ontziolak Arrangoleta eta Iturtxo eremuetan izan zituen kokaguneak, eta gutxienez 1883tik 1908an zendu zen bitartean aritu zen ontzigintza lanetan. Bere oinordekoek eman zioten amaiera burutu gabe utzi zituen eskariei, 1910ean.
Historia: Pedro José Alberdi Aguirrezabalaga, Getarian jaio zen 1851. urtean. Aita getariarra zuen eta ama zumaiarra. Zumaiako itsasontzigintza garaikideko aitzindarietako bat izan zen, 1883. eta 1884. urteetako industria-zergaren zerrendetan ageri da txalupagile bezala.
eta itsasontzi berriak egiteaz gain, kalafetatze-lanetan ere aritu zen. 1908. urtean hil zen, eta haren oinordekoak arduratu ziren bete gabe utzi zituen eskariez. Haren seme bakarrak, Luxianok, 13 urte zituela umezurtz geratu zenean, beste familia batzuekin bizitzera joan behar izan zuen Pasai Donibanera, Pasai San Pedrora eta Oriora. Zenbait aroztegitan eta ontzioletan lan egin ondoren, ontziola bat zabaldu zuen Errenterian, hiru semeekin batera. Luxiano Astilleroa deitzen zioten.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Pedro Alberdik egindako ontzi baten daukagun lehenengo aipamena 1891ren amaierako da, Zumaiako armadore-etxe batentzako amaitzear zegoena). Pailebot aparailua zuen eta 90 tonako zen.
1894ko haseran, “San Juan Bautista” izeneko pailebota eraiki zuen. Tiburcio Beobide Echaniz, irakaslea ogibidez, zen armadore bakarra. Ontziak 23 tonako edukiera zuen, eta 9.000 pezetako kostua zuen, tresneria barne.
1894ko urte berean, “Purísima Concepción” balandra eraiki zuen. Haritzezko kroskoa zuen, 19,63 metroko luzera, 4,47 metroko erruna edo zabalera eta 1,65 metroko puntala zituen, eta 23,80 tona. Jabeak José Luis Corta, Estanislao Echave, biak Corta y Compañíako bazkideak, eta Santiago Beristain, denak Zumaiako auzotarrak ziren.
Litekeena da, 1897ko abuztuan, Donostiako egunkari batean argitaratu zen kronika baten egilea Pedro Alberdiri buruz aritzea, (…) moilan egiten ari ziren jute-lantegitik nahiko hurbil zegoen ontziolak oso hasiera xumea izan zuela, eta une hartan garatzen ari zela, eta enpresa garrantzitsu bihurtzeko moduan ikusten zela zioenean. Txalupak eta txalupiloak egiten hasi omen zen, pleitero esaten zieten haietakoak, kasik historiara pasatu zirenak, eta ondoren, tonaje handiagoko itsasontziak eraikitzeari ekin omen zion; eta artikulua idatzi zen garaian, inguruan handienetako bat izango den itsasontziari azken ukituak ematen ari omen ziren.
Seguru asko, ontzi hura “San Telmo” zen, Pedro Alberdik Corta y Compañia, zementu fabrikarentzako egina, eta 1897ko abenduaren 24an uretaratua izan zena. Lehen aipatutako egunkari berak beste kronika batean ematen zuen botadura horren berri, eta kontatzen zuenez “(..) ontziola honetan egindako ontzirik haundiena da, eta teknikoek ziotenez itsasorako oso ezaugarri onak ditu.” Baita ere esaten zuen, uretaratzea arratsaldeko hiru terdiak aldera burutu zela eta Manuel G. de Beovide erretoreak bedeinkatu zuela ontzia. Berriemaileak zioenez, Pedro Alberdi, “(..) helburu apalekin hasi bazen ere, Zumaiako portuan industria txiki bat jartzea lortu du eta, beharbada, etorkizunean garrantzi handia izatera iritsiko da.”
Delako egunkari horretan, geroagoko kronika batean ematen dira “San Telmo” ontziaren ezaugarriak: 73 oineko gila, 22 oin; 3 hazbeteko erruna edo zabalera, eta 10,50 oineko puntala. Goletaren aparailuak izango zituen.
1899ko abenduaren 20an, Pedro Alberdik baimena eskatu zion Comisión provincial de Guipuzcoa izenekoari, Arrangoletako ontziola Urola ibaiaren eskuineko zubi-brankaren ondoan egokitutako lursailera eramateko. Baina itxuraz ez zuen halakorik egin. Izan ere, 1901eko urtarrilean, Udalari baimena eskatu zion, Arrangoletako ontziola zaharreko teilapea eskoileraren eta Parolbidearen artean egokitutako lursailera eramateko, ontziola berri bat egiteko. Udalbatzaren 1901eko urtarrilaren 31ko bileraren aktan ageri denez, Obra Batzordeak Pedro Alberdi ontzigilearen teilapea non ezarri behar zen erabaki zuen: Iturtxoko lursail egokituetan; eta lekua hesolen bidez markatuta utzi behar zuten. Eta Udalari lursail hura libre uztea komeni zitzaionean, Alberdi jaunak lursaila bere kasara prestatu beharko zuen.
1903ko uztailaren 31 aurretik, eraiki zuen Pedro Alberdik “Zumaya número uno” izeneko arrantzarako baporetxoa, Tomás Eizaguirre Echave, Lino Ostolaza, José Antonio Echave eta Cipriano Olidenen enkarguz. Baina horietako lehenak Gracián Alberdi Arangureneri eman zion bere partaidetzaren erdia, Francisco Otermin, Zumaiako notarioaren aurrean, lehen aipatutako data horretan, emandako eskrituran ageri denez.
Halaber, 1903ko urtarrilaren 15ean, izan zen uretaratua Pedro Alberdiren ontziolan “Piedad” izeneko goleta bat, eta urte bereko abuztuaren 21ean, Zumaiako notariotza bertan, eskrituratu zen salmenta, Pedro Alberdi eta José María Olaizola Echaveren artean, hau Bilboko Remigio de Alzaga y Arruzaren ahalordedun bezala aritu zelarik, ain zuzen.
1908. urtean, 2,52 tonako bi itsasontzi eraiki eta guztira 754 tonako pisua zuten beste hamar itsasontziren karenatze-lanak egin zituen. Pedro José Alberdi hil ondoren, haren oinordekoak arduratu ziren bete gabe utzi zituen eskariez. Hala, 1910ean Urda izeneko eta 9,04 tonako baporea uretaratu zuten, Zumaian egindakoetatik propultsio mekanikoa zerabilen lehena; seguruenik Eraso y Compañia enpresak egindako lurrun-makina izango zuen, hura izan baitzen armadorea.