Laburpena: 1902. urtean, Salamanca y Eraso y Compañía elkartea eratu zen, eta Arbillagaren galdategia errentan hartu zuten. Hurrengo urtean Eraso y Compañia, Sociedad Mercantil Colectiva sortu zen. Hasieran, enpresak galdategiko lanak eta ekipo mekanikoak garatzeari ekin zion. 1907an Eraso y Compañía, Sociedad Comanditarian bihurtu zen eta itsasontzigintzara bideratu zuen bere jarduera, lurrun-galdarak eta -makinak egin zituzten, bai eta makina haiek propultsatutako baporeak ere, “Astilleros del Urola” izen komertziala erabiliz. 1918an, Eraso y Compañía enpresa Astilleros Eraso, S.A. sozietate berriak erosi zuen. Sozietate horren egoitza Pasaian zegoen, eta Valentín Orbea Berraondo industrial eibartarra zen presidentea. Astilleros Eraso, S.A. Zumaiako ontziola garrantzitsuena izatera iristeaz gain, Gipuzkoako garrantzitsuena izatera ere iritsi zen; hasieran, tonaje txikiko itsasontziak egiten, eta geroago, itsasontzi handiagoak.
Historia: 1902. urteko uztailaren 14a zen Juan Gurruchaga Uriartek, José Salamanca Aldazek eta Santos Eraso Tirapuk, hau bere aita Luis Eraso Muñagorrik lagunduta, Salamanca, Eraso y Compañía, elkarte kolektiboa eratu zutenean, Francisco Otermin Aldaya, Zumaiako notarioaren aurrean, burdina eta beste metal batzuen galdaketa lanak egiteko, José Agustín Arbillagaren galdategia alokairuan hartuta.
Erasotarrak, jatorriz Areso herri nafarrekoak ziren, eta Gurruchaga eta Salamanca berriz, Zumaiako auzotarrak. Geroxeago, bazkide berriak sartu ziren, bata Simon Eizaguirre Imaz, Donostiakoa eta bestea lehen aipaturiko Luis Eraso Muñagorri, 1903ko uztailaren 5ko eskritura batean ageri denez, Gurruchagak eta Salamancak beste bazkideei, bere partaidetzaren salmentarena, ain zuzen, bertan azaltzen direlarik Eizaguirre eta Luis Eraso.
Hilabete batzuk beranduago, 1903ko abenduaren 19an, Eraso y Compañía izeneko elkarte kolektibo berri bat sortu zuten, Santos Eraso Tirapu, tornulari eta ajustatzailea 22 urtekoa eta Zumaiako auzotarra, Luis Eraso Muñagorri, Santosen aita, langileburua, eta Aresoko auzotarra, eta Francisco Ostolaza Echave, jabea eta Zarauzko auzotarra bazkide zirela. Elkartearen helburua “galdaketa industrian eta makinen eraikuntza eta bere gehigarrietan espekulatzea” da.
Negozioa hedatzeko asmoarekin, kapitala handitzea planteatzen dute, elkarte kolektiboa desegin eta elkarte komanditario bat sortuaz. Horrela, 1907ko uztailaren 1ean lehengo elkartea kitatu eta desegin ondoren, Eraso y Compañía elkarte komanditarioa sortzen dute, 1907ko irailaren 2an, Franciso Otemin notarioaren aurrean, bi bazkide berri gehituz, Jacinto Ezcurdia Lizarraga, medikua eta Bibiano Olaizola Aldalur, eskribaua, biak Zumaiako auzotarrak. Luis Eraso Muñagorri hil ondoren, 1913ko uztailaren 10ean, haren partaidetza Santos Erasoren esku geratu zen.
1912ko abenduaren 16ko errege-agindua betez, Arbustaingo padura ixteko eta saneatzeko proiektua eman zitzaion Udalari. Zumaiako San Telmo kofradia eta Eraso y Compañía enpresa aurka agertu ziren, beren jardueren aurkakoa zela argudiatuz. Udalak proiektuari ekitea erabaki zuenean, Eraso y Compañía enpresak, hazteko perspektiba onak izanik, hedapen-planak Pasaian burutzea erabaki zuen. Hala, 1915eko azaroaren 25ean, Pasaiako Portuko Elkarte Orokorra (PPEO) Administrazio Kontseiluak Zumaiako Eraso y Cía jaunen eskutitz bat jaso zuen. Eskutitzean, León Carrasco jaunaren Karrpard lantegiak eta ontziolak erosi zituztela adierazten zuten, Pasai San Pedron zeudenak, (PPEO)ren lurretan. Gainera, errenta-kontratua beste 20 urterako luzatzea, eta 10 urte gehiagoz luzatzeko aukera izatea ere eskatu zuten, eta errentan hartutako lursaila 3.490 m2-koa izatetik 4.000 m2-koa izatera pasatzea. Hurrengo urtean, PPEO ren aldameneko ontzitegia hartu zuten errentan. Pasaian hainbeste instalazio eskuratu izanak ez zuen esan nahi, hala ere, Zumaiako lantegiak bertan behera utzi zituztenik; haietan ere lanean jarraitu zuten eta Arrangoletan lursail gehiago ere hartu zituzten errentan, Arbustaingo arranplatik gertu.
1918ko maiatzaren 8an Astilleros Eraso, S.A. sozietate berriak erosi zuen Eraso y Compañía, 942.240,02 pezetatan; hori zen, hain zuzen ere, konpainiaren aktiboaren eta pasiboaren arteko aldea. Sozietate hark Pasaian kokatu zuen egoitza, 2.500.000 pezetako kapital soziala zuen, 5.000 akziotan banatuta, eta Valentín Orbea Berraondo industrial eibartarra zuen presidente. Lehenengo administrazio-kontseiluak kide hauek izan zituen: Valentín Orbea, presidentea; Enrique Martínez, presidenteordea; Jacinto Ezcurdia, idazkaria; eta Santos Eraso, Bibiano Olaizola, Eusebio Aranguren, Juan de Churruca eta José Mª Garteiz, batzordekideak. Gerentea Bibiano Olaizola zen. Egoitza nagusia Pasaian finkatu zen eta hasierako instalazioak Zumaiako sukurtsal bihurtu ziren. Astilleros Eraso, S.A. enpresaren asmoa burdinazko eta egurrezko mota guztietako itsasontziak egitea, konpontzea eta haien karenatze-lanak egitea zen.
1925. urtean, Zumaiako instalazioak uztea erabaki zuten. Alde batetik, lantegi mekanikoak, galdara-lantegia eta aroztegia Carmelo Unanue Truebari traspasatu zitzaizkion, Santos Erasoren koinatuari; hamasei urte zeramatzan lanean Zumaiako lantegian. Bestalde, Arrangoletan zeuzkan instalazioak, Pasaiako egoitza nagusian lan egiten zuten Zacarías Arrizabalagak eta José Mª Olasagastik erosi zituzten.
Dena dela, Zumaiako instalazioak uzteak auzi luzea sortu zuen Udalarekin, Arrangoletako lursailen errenta ez ordaintzeagatik; gainera, lursail haiek azpierrentan eman zitzaizkion Arrizabalaga y Olasagasti enpresari. Gatazka asko luzatu zen, Astilleros Eraso likidatzen hasi zirenean korapilatu egin zen, eta azkenik, 1933an konpondu zen Udalaren eta Arrizabalaga y Olasagasti ontziolaren arteko akordio bati esker.
1929. urtean Astilleros Eraso, S.A. likidazio-prozesu batean sartu zen eta Santos Eraso Vigora joan zen. Han, arrantza-enpresa bat sortu zuelarik.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Hasiera batean, José Agustín Arbillagaren galdategian kokatzen dira, galdategiko lanak, makineria eraikuntza eta arrantzarako baporeen konponketak eginaz. Elkarte komanditario biurtu aurretik, hain justu, bere bezeroen artean zituzten: Gracián Alberdi, Uriarte y Zubimendi, Olaizola y Compañía eta Corta y Compañía zementu fabrikak, hasi berria zen Yeregui y Compañía motorgilea, José Agustín Arbillaga zaku fabrika edo Pedro Alberdiren ontziola eta gainera, Ederrena baporearen jabe zen elkartea.
Eraso y Compañíak Arbillagaren lantegian finkatuta jarraitu zuen. Burdina eta brontzea urtzeko eta makinak egiteko erabiltzen zuten lantegiaren eraikina errentan hartu zuten. Eraikinak 44 metroko luzera eta 13 metroko zabalera zuen, eta bere lursailak eta udalerrikoak zituen mugakide. Gainera, makinak, transmisioak, kubiloteak, motor elektrikoak, tramankuluak, tresnak eta abar ere bazeuden lantegian. Errentan hartzeagatik 2.000 pezeta ordaindu behar zituzten urtean. Arbillagak energia elektrikoa ekoizteko zentralak ere bazeuzkan, eta errentariari lantegiak behar zuen indar eragilea eta argiztapenerako behar zuen elektrizitatea emateko betebeharra zeukan. Zaldi-potentziako eta eguneko pezeta bat ordaindu behar zioten 12 orduko indar eragilea; hilean 1,40 pezeta, 5 bujiako lanpara bakoitza; eta hilean 1,95 pezeta, 10 bujiak. Garai hartan Eibarren indarrean zeuden baldintza berak ziren. Kontratuak 15 urteko iraupena zuen, 1907ko uztailaren 1etik hasita.
Galdategia eta tailer mekanikoak Arbillagaren jabetzako eraikinean eta ontziolako harmailak Ondartxoko dartsenan zeuzkala, Eraso y Compañía enpresak itsasontzigintzara bideratu zuen bere jarduna, “Astilleros del Urola” izen komertzialarekin, galdarak eta lurrun-makinak fabrikatuz eta horiek propultsatutako itsasontziak edo baporeak eraikiz.
1910. urtean, Fomento Ministerioak abenduaren 22ko Errege-agindua betez, Eraso y Compañía enpresaren Astilleros del Urola ontziola gaitu egin zituzten, tonaje txikiko baporeak eraikitzeko; batik bat, 10 tonatik 30 tonara arteko arrantza-ontziak. Urte hartan bertan, Pedro Alberdiren oinordekoek “Urda” izeneko arrantza-baporea uretaratu zuten. Hura izan zen, hain zuzen ere, Zumaian guztiz egindako propultsio mekanikoko lehen itsasontzia; Eraso y Compañía enpresarentzako eraiki zuen eta, seguruenik, enpresa hartan bertan egindako galdaraz eta makinaz hornituta zegoen.
Sozietateak 1911n idatzitako eskutitz baten idazpuruan ikus daiteke zein ziren enpresak garatzen zituen ekoizpen-jarduerak. Besteak beste hauek ageri ziren: ‘Especialidad en vapores de pesca’, ‘Fundición de hierro y bronce’, ‘Talleres Mecánicos de construcción, montaje y reparación de maquinaria’ eta ‘Constructores de máquinas, calderas y accesorios para vapores de pesca’. Urte hartan bertan, zazpi bapore egin zituzten, guztira 75 tonako pisua zutenak.
1911ko abenduaren 21ean, asmakuntza-patente bat eman zioten Eraso y Compañía enpresari, “Dome” sistemako galdara bategatik, arrantza-ontzientzako egokia, errematxatuta edo soldatuta, flus tutuekin edo flus tuturik gabe.
Ontzien produkzioa haunditzen joan zen, 1913an arrantzako hamasei bapore txiki uretaratu zituzten, guztira 250 EGT zirenak. Erregistro gordineko tona kopuru hori bikoiztu egin zen 1914an. Izan ere, 550 EGTra iritsi ziren. Une hartan bihurtu zen Gipuzkoako eraikitzaile nagusia, bai mota horretako itsasontziak egiten, bai guztizko tonajeari dagokionez, eta % 48,6ko merkatu-kuota lortu zuen.
Erasoren ontziolak ontzigintza sektorean izan zuen garrantziaren erakusgarri bat da Eraso y Compañía aukeratu izana Gipuzkoako ontziolen ordezkari izateko, 1916ko maiatzean Ontzigileen Asanbladak (Asamblea de Constructores Navales) hartutako akordioak betetzeko eratu zen zuzendaritza batzorde batean. Asanbladan, ontziola txikiei Fomento Ministeritzak ematen zituen sarien aldeko jarrera hartu zen, tamalez bertan bera geratu zirenak apirilaren 14ko errege-dekretuaren eraginez.
Urte bereko uztailaren 28an sute txiki bat gertatu zen Eraso y Compañíaren lantegian. ‘La Constancia’ egunkariaren kronika batean adierazten zenez, lantegiko transformadorera sartu zen txinparta baten ondorioz sortu zen sua., baina eskerrak azkartasunez ekin zioten itzalketa lanari ez zen haundiagorik gertatu. Kronika berean dio eraikin osoa aseguratuta zegoela Sund etxearekin eta galerak 2.000 pezetakoak izan zirela.Beste informazio baten arabera, txinparta benetan, ekaitzak eragindako tximista bat izan zen.
1918an, Eraso y Compañía enpresa Astilleros Eraso, S.A.-k erosi zuenean, ordurako 158 bapore egin zituen guztira. Elkarte berriak Pasaian zituen instalazioak 500 tona arteko itsasontziak egiteko eta konpontzeko prestatuta zeuden. Gainera, burdinazko kroskoak egiteko asmoa ere bazeukaten. Une hartako plantilla 150 langilekoa zen. Ordutik aurrera, egoitza Pasaian egon arren, Zumaian itsasontziak egiten jarraitu zuten, baina produkzio-erritmo apalduaz; 1918an hamaika egin zituzten (guztira 209 EGT), eta 1921ean, berriz, hamar itsasontzi (guztira 153 EGT).
XX. mendearen hirugarren hamarkadan, enpresa zailtasun-aldi batean sartu zen itsasontzigintzako krisia zela eta. Horren ondorioz, baliabide teknikoak eta giza baliabideak, usten dugu gehien bat Pasaiakoak, ohikoak ez ziren lanetan erabili behar izan zituzten. Hala, Tajo ibairako zubi bat eraiki zuten, 170 tonakoa, eta ur-jauzi baterako hoditeria bat, 100 tonakoa, bai eta 10 eta 12 tona bitarteko zapalgailuak ere, Dirección General de Obras Públicasek iragarritako lehiaketa bat irabazi ondoren.
Enpresaren aldetik bederatzi orduko lanaldia ezarri eta soldata %13 jeistearen nahiak eraginda, langileak grebara jo zuten 1923ko otsailaren 21an. Ez dakigu Zumaian eraginik izan zuen.
Octubre itsasontzia
Naiz eta ez dugun datu zehatzik, “Octubre” ontzia, Erasok Zumaian zuen ontziolan egin zela pentsatzearen alde egiten dugu. 1918an uretaratu zuten Zumaian, Arrangoleta inguruan, uretaratze-eguneko argazkiek erakusten duten moduan. Kargaontzi bat zen, Astilleros Erasorena izandakoa 1928ra arte; urte hartan, Antia eta Echaniz Zumaiako armadoreen eskuetara iritsi zen. Bidaia batean, Zumaiatik Avilésera zihoala, zementuz kargatuta, José Miguel Antiaren agindupean eta lau gizoneko tripulazioarekin, Santanderrera sartu zen; eta 1930eko urriaren 12an, igandea, arratsaldeko zazpi eta erdiak aldera ateratzea erabaki zuten, Lea belaontziarekin batera. Ibarra konpainiako Cabo de Creus itsasontziak ababorrean jo eta hondoratu egin zen; tripulazioa onik atera zen, Lea baporearen txalupetan jaso zituzten, baina Jose Miguel Antia patroia, 58 urtekoa, hil egin zen. Itsasontzia berehala hondoratu zen. Antiaren hilotza Latas hondartzan azaldu zen urriaren 13an. Itsasontzia berreskuratu eta Alberto nº 1 gabarra bihurtu zuten. Beranduago, 1933an, Lekeitioko Cruz Chacartegui armadoreak erosi zuen, eta kabotajeko itsasontzi bihurtu zuen, Oleta izenekoa. Baina zori txarrak jarraitu zion “Oleta”ri ere, eta 1972ko irailaren 6an galdu zen, Punta del Hidalgo parean, Santa Cruz Tenerifekoatik Las Palmasera nabigatzen zihoala.Esan baita ere, Juan Cruz Unanue Uranga izan zela ‘Octubre’ ontzian nabigatu zuen beste zumaiar bat.
2 Iruzkin honi buruz: Astilleros Eraso, S.A.
MALVEIRA | Vida Marítima dio:
[…] SALVORA, VALENTIN y WENCESLAO. Hoy veremos uno de los pequeños; el MALVEIRA. Construido por los Astilleros Eraso, de Pasaia, en el año 1919, su registro bruto era de 442 toneladas (pienso que debía ser su peso […]
BIBIANO OLAIZOLA Y COMPAÑIA. LA TRAGEDIA DEL ERNIO | Vida Marítima dio:
[…] Olaizola Aldalur (1884-1956) fue socio en Eraso y Compañía, Sociedad Comanditaria y, posteriormente, llego a vicepresidente y gerente en Astilleros Eraso S.A., empresa de la que […]