Laburpena: Yeregui Hermanos, S.A. Zumaiako enpresa garrantzitsuenetako bat eta Kantauriko kostaldeko itsas motorren fabrikante nagusietako bat izan zen. 1922. urtean ekin zioten jardunari, Severiano, Anastasio, Jesús, Ladislao eta Eusebio Yeregui Manterola (Yeregui y Compañía enpresakoak izandakoak) eta José Martín, apaiza, anaiek Yeregui Hermanos sozietate komanditarioa sortu zutenean. Denborarekin, lehendabizi itsasontzietarako eta industriarako eztanda-motorretan eta semi-diesel motorretan espezializatu ziren, eta beranduago, diesel motorretan. Enpresa 1989. urtean itxi zuten.
Historia: “Iniciadores y Primitivos Constructores de Motores térmicos a explosión en el Norte de España” dio enpresak ateratako lehenengo publizitate-liburuxketako batan. Zumaiako enpresa garrantzitsuenetako bat
eta Kantauriko kostaldeko itsas motorren fabrikatzaile nagusietako bat izan zen, Carmelo Unanue enpresarekin batera; hura ere herrikoa. Dena den, Yeregui Hermanos motorrek beste industria-aplikazio batzuk ere izan zituzten: garia aletzeko makinak, ureztaketarako motoponpak eta ekipo elektrogenoak.
Severiano, Anastasio, Jesús, Ladislao, Eusebio, Yeregui y Compañía lantegitik zetozenak, eta José Yeregui Manterola, presbiteroa, anaiek, Yeregui Hermanos sozietate komanditarioa sortu zuten 1922ko azaroaren 7an. Enpresaren xede soziala oro har makinak egitea eta konpontzea zen, eta zehazki, itsas motorrak eta antzeko objektuak nahiz osagarriak. Hasierako kapitala 60.000 pezetakoaizan zen. Sozietatearen administraritza eta gerentzia Severiano eta Eusebioren esku utzi zuten Jose Martín hil zenean, sozietatean zeukan partea arreba Faustinarengana pasatu zen.
Victoriano Zelayaren jabetzako eraikin eta lursail batean kokatu ziren, Yeregui y Compañía-ren alboan. Bi urte lehenago, Ajuria, Yeregui y Compañía, “Astilleros de Zumaya”, dike lehor bat zuen ontziola egon zen lekuan. Hain zuzen ere, Yeregui Hermanosek “Diques secos” izena hartu zuen bere kokapena identifikatzeko.
1929. urtera arte, Yeregui y Compañía lehiakide izan zuten arren, urte hartan bertan eten zen beste enpresaren jarduna. Hain zuzen ere, hogeita hamarreko hamarkadaren hasieran hasi zen Yeregui Hermanos enpresaren historiako bigarren etapa. Orduan egin zuten diesel motako lehen motorra. Aquilino Elosuaren testigantzaren arabera –enpresa hartan lanean aritu izana–, behar bezala ospatu zuten gertaera hura. Gogoan dauka “langile guztiak afaltzera gonbidatu zituztela, Uranga Hotelean, Espainian lehen diesel motorra egin zuen enpresa izan zelako.” Baina ez zuen izan behar lehenengoa, zeren eta Tarragonako Talleres Francisco Vilá enpresak 1923. urtean egiten zituen mota horretako motorrak, Femac markarekin.
1955eko martxoaren 15ean sozietate-izena aldatu, eta Yeregui Hermanos, S.A. bihurtu zen, egoitza Zumaian izanik, Diques Secos eraikinean. Herriko notario Gerardo de Larrea y Urquijok emandako eskrituraren arabera. Hurrengo urteetan, Yeregui familiako zenbait kidek enpresa utzi zuten. Lehendabizi, 1956. urtean, Ladislaoren semeek utzi zuten enpresa, eta beren kontura hasi ziren lanean mekanika-tailer batean. 1962. urteko azaroan, berriz, Jesúsen semeek Laye enpresa sortu zuten Ondarroan, beste bazkide batekin batera.
Gorakada handiko urteen ondoren, hirurogeiko hamarkadaren erdialdera, enpresaren gainbehera etorri zen; besteak beste, produktu aurreratuagoak zituzten lehiakideak agertu zirelako. Enpresa 1989. urtean itxi zuten.
Ezaugarriak eta ekoizpena: 1923an Gipuzkoako Foru Aldundiak egindako industria-ekoizpenari buruzko estatistikaren inkestan sozietate kolektiboa sei kidek osatzen zutela ageri da. Nagusiez gain, 17 ofizialek egiten zuten lan,
eta soldaten urteko kopuru gordina 46.000 pezetakoa zen. 7 motor egin zituzten, itsasokoak nahiz lehorrekoak, Gipuzkoako merkaturako, eta 32 itsas motor Estatuko gainerako lekuetarako. Eraikinak berriz, 300 m2—ko azalera zuen, lehenagotik Ajuria, Yeregui y Compañía ontziolaren teilapea egon zen lekuan hain juxtu, dike lehorraren inguruan.
Urtebete geroago, 31 motor egin zituzten Gipuzkoarako, eta 23 motor, Estatuko gainerako lekuetarako. Gainera, garia aletzeko 7 makina egin zituzten Gipuzkoarako, eta 3, Estatuko gainerako lekuetarako. 5 nagusi eta 26 langile zituen, eta urteko soldaten guztizkoa 50.000 pezetakoa zen.
Enpresako urte haietako zigilu batean hau irakur daiteke: “Mecánica, Motores, Automovilismo – Yeregui Hermanos – Diques Secos”.
1926ko urtarrilaren 20an enpresarentzat sekulako garrantzia zeukan gertaera bat izan zen: “Guipúzcoa” Salbamenduko Itsasontzi Motorduna uretaratzea, Donostian. Bi eztanda-motor termiko zeuzkan, Yeregui Hermanos enpresan eginak. Mugarri garrantzitsua izan zen, lehendik Estatuaren hainbat sailetarako, praktikoen korporazioetarako, portuko osasungintzarako, salbamendurako, bidaiarientzako, atoi-ontzietarako, kontsignatarioetarako eta arrantza-trafikoko itsasontzi ugarirentzako egindakoekin batera.
20ko hamarkadako bigarren erdian, euren dokumentuetan arlo generiko hauek ageri ziren: Mekanika, Motorrak, Automobilgintza eta Metalen galdategia. Hala ere, pixkanaka itsasontzietarako eta industriarako eztanda-motorretan eta semi-diesel motorretan espezializatu ziren, lehendabizi, eta diesel motorretan, geroago.
Diesel motorrak egiten hasi aurreko etapan, 28 ZPtik 34 ZPra arteko ‘Tuxham’ itsas semi-diesel motorra, jatorriz norvegiarra, merkaturatu zuten, marka haren ordezkari bakarra Yeregui Hermanos izanik.
Yeregui Hermanos enpresak arreta berezia jartzen zion merkataritzari eta marketinari. Horren erakusgarri da Donostian 1928ko irailaren 5etik 20ra bitartean egin zen Itsas Industriaren Azokan (Feria de Industrias del Mar) parte hartu zuela. Bere produktuak 27. standean jarri zituen ikusgai, eta azoka hartan ateratako argazkietan ageri da horren testigantza. Baita ere parte hartu zuen Donostian 1957ko abuztuan egindako Itsas Azokan.
1929. urtean enpresak atera zuen katalogo orokor bikainean, xehetasun osoz deskribatuta ageri da eskaintzen zituzten eztanda-motorren sorta osoa. 0,75 ZPtik 45 ZPra arteko potentzia zeukaten, itsas motorrak nahiz ur-kiroletarako eta itsas trafikorako eginak ziren, eta industrialak edo finkoak ere egin zituzten, industrian eta nekazaritzan erabiltzeko, bai eta estazio elektrogenoen eta motoponpen motorrak ere.
1929ko depresio handiak eragindako krisiak ere utzi zuen arrastoa Estatu espainolean. Hala ere Yereguitarrak ez ziren ikaratu, eta ekoizpen-instalazioak hobetu nahian, 1931. urtean, teilapea ‘dike lehorra’ egon zen lekuraino zabaldu zuten, eta izen horixe eman zioten. Hurrengo urtean, plantilla 37 langilekoa zen.
Diesel motorrei esker, Yeregui Hermanos enpresak ospe handia lortu zuen; batik bat Kantauri kostaldeko arrantza-ontzien merkatuan. Hasierako motorrekin 12 ZPtik 40 ZPra arteko tartea betetzen zuten arren, bezeroak potentzia handiagoa eskatzen hasi ziren. Hala, produktuetan eta produkzio-baliabideetan etengabe hobetu zenez, motorren katalogo zabalagoa izatea lortu zuten: 550 ZPko potentziara iritsi ziren.
Hau izan liteke Yeregui Hermanos enpresak bere historian zehar egindako produktu sortaren laburpen bat:
• 0,75 ZPtik 45 ZPra arteko eztanda-motorrak, itsasontzietarako nahiz industriarako.
Diesel motorrak:
– Diesel motorrak – Industrial Semilentos seriea
– Diesel motorrak – Marinos Semilentos seriea
– Motores Marinos Legítimos “Diesel”, 4 denborakoak, 12 ZPtik 70 ZPra artekoak
– Garraiobide mekanikoetarako diesel motorrak: fabrikazio eta egitura berezikoak, AEBetako kamioientzako.
– Lau denborako diesel motor gainelikatuak, 550 ZPkoak
Beste elementu mota batzuk ere egin zituzten: garia aletzeko makinak, jiragorak edo makinillak eta karga-jasogailuak kabotajeko itsasontzietarako, arrasteko itsasontzietarako, etab.
Beste enpresa batzuei emandako fabrikazio-lizentziak aipatzeko modukoak dira. 1950. urtean, Otto Holke enpresari baimena eman zion lau denborako diesel motorrak fabrikatzeko, 10/12 ZPkoak. ‘HOYE’ markarekin merkaturatu ziren; HOlke-YEregui inizialez osatutako markarekin, hain zuzen ere. Beranduago, Azkoitiko Construcciones Mecánicas Juaristi, S.A. enpresak jaso zuen itsasontzietarako nahiz industriarako 50 ZPtik 150 ZPra arteko diesel motorrak fabrikatzeko baimena. ‘YE-JU’ markarekin merkaturatu zituzten; YEregui-JUaristi izenen inizialekin, alegia.
110 langileko plantilla izatera iritsi ziren.