Laburpena: 1935ean Otto Holke alemanak sortutako enpresa, makina-erremintaren alorrean aitzindaria izan zena. Lantegia Etxezarreta kalean zeukan, Talleres Askar enpresari erositako instalazioetan, eta fresatzeko makinak egiten zituzten. Enpresa hura langile kalifikatuak prestatzeko zentro garrantzitsu bat izan zen. 1994. urtean eten zuen bere jarduna.
Historia: Otto Holke (1897-1971) Altenhagen hirian jaio zen, Alemaniako Westfalia eskualdean, 1897ko abuztuaren 7an. Solingeneko erdi mailako eskola teknikoan (Fachschule) ikasketak egin eta Lehen Mundu Gerraren
etenaldiaren ondoren, 1919 eta 1925 artean “Pränafawerke Karl Engels”, eta “Friederich Klopp Shapinmaschinenfabrik” lantegietan, Solingen-Gräfrath-en eta Solingen-Wald-en kokatutakoak, hurrenez hurren, arduradun teknikoaren laguntzaile bezala aritu zen, gero hiri horretan bertan bere kontura hasi zen arte, 1925ean. Hurrengo urtean Soraluzeko Sabino Achotegui y Cía., aurrerago Construcciones Sacia, S.A. izena hartuko zuen enpresan hasi zen, Klopp-en karrakatzeko makinetan inspiratutako karrakatzeko makina bat diseinatu, garatu eta fabrikazioa abian jartzeko. Esan behar da, baita ere, Otto Holkek aholkatu zuela Oñatiko “Hijos de Juan de Garay, S.A.” lantegia, aterki-armazoien fabrikazioa garatzeko.
Izaera gogorreko gizona zen, alderdi teknikoak erabat gainditzen zituena, eta kalitatea beste enpresa-aldagai batzuen gainetik jartzen zuen. Berrikuntza tekniko garrantzitsuak ekarri zituen, Alemanian indarrean zeudenak, baina Euskal Herrian eta Estatu espainolean artean ezezagunak zirenak. Horietako bat errasketatze-teknika zen, oso garrantzitsua makinen gida prismatikoen lerradura-gainazalen akaberak egiteko, eta bankadetarako, orgetarako eta zutabeetarako. Gainera, gustuko zuen probak egitea, haren seme Rudolfek, Rudy bezala ezaguna, gogoratzen zuen esaldi batean ageri den moduan: “teoria guztiak grisak dira, praktika da balio duena”. Otto Holke aitzindarien artean ageri da Elgoibarko Makina-erremintaren museoan.
Bederatzi urte egin ondoren Sabino Achotegui y Cía. enpresan, beste etapa bat ekitea pentsatu zuen eta Zumaiara etorri zen. Mekanika-industrian hogeita hamar urteko esperientzia metatua izanik, eta ondo prestatutako langileak zeudelako, egokia iruditu zitzaion Otto Holkeri Zumaian kokatzea bere lantegia. Horregatik, 1935eko uztailaren 15ean Talleres Askarren lantegia, aurrez Yeregui y Compañiarena, erosi zuen, eta makina-erremintak egiteari ekin zion; zehazki, fresatzeko makina unibertsalak egiten hasi zen.
Zumaian lanean hasi eta urtebetera, altxamendu frankista hasi zen. Enpresa militarizatu egin zuten, egoera horretan zeuden enpresetako eskutitzen inprimakietan itsasten zen etiketak erakusten duen moduan. Aldi hartan enpresan ojibak fabrikatu behar izan zituzten, Pasaiako Victorio Luzuriaga enpresan egiten zituzten granaden gorputzetan muntatzeko.
1938. urtean, Otto Holkek eta Zarautzen bizi zen Hans Kellerrek Cartonajes Finos, S.L. enpresa sortu zuen, bakoitzak hasierako kapitalaren %50 jarrita, Keller enpresan fabrikatzen zituzten jostailuentzat estutxeak egiteko. Instalazioak lantegiaren ondoan eta Otto Holkeren etxearen azpikaldean zeuden, eta 5 edo 6 emakumek egiten zuten lan bertan. Dirudienez, jarduera berri horretarako lehen kontratazioak Otto Holke enpresak egin zituen. Hori erakusten du urte hartako ekainaren 22an alkateari bidalitako eskaerak. Eskaera haren bidez baimena eskatzen zen gero Cartonajes Finos enpresan lan egin zuten hiru emakumeen sarrera onartzeko. Baimena derrigorrezkoa zen, enpresa militarizatua zelako.
60ko hamarkadaren amaieran, belaunaldi-aldaketa izan zen zuzendaritzan. Helmut Holke, Ottoren seme zaharrena, arduratu zen gerentziaz, eta Donostian jarri zuen bulego komertziala. Seme gazteenak, Rudyk, inportazioko eta esportazioko jarduerei ekin zien.
Zumaiako industriaren historian, Otto Holke enpresak toki berezia merezi du, mekanika-alorreko langileak prestatzeko zentro garrantzitsu bat izan zelako, bai langile kalifikatuak, bai teknikoak. Izan ere, enpresaburuak ongi egindako lana asko estimatzen zuen, eta garrantzi handia ematen zion langileen trebakuntzari. Horren haritik, aipatu beharrekoa da Zumaiako Escuela Profesional Virgen de Arritoquieta abian jartzen parte hartu zuela, 50eko hamarkadaren hasieran.
Otto Holke 1971ko irailaren 7an hil zen, Donostian.
1986ko urtarrilaren 1etik aurrera, enpresak Ida Holke Wasiak “Otto Holke” izena hartu zuen, Otto Holkeren emaztearen, Idaren, omenez.
1994ko azaroaren 17an, enpresari baja eman zioten Industria Ordezkaritzako Erregistroan, jarduera eten zutelako. Eraikinak bota egin zituzten, Kantauri Plazako urbanizazioa egiteko.
Ezaugarriak eta ekoizpena: Otto Holkek, Zumaian lanean hasi zenean, fresatzeko makina unibertsalak egiten zituen. Enpresaren jarduerak etenaldi bat izan zuen ekoizpen horretan, Gerra Zibila hasi zenean, 1936. urtean. Orduan, granadentzako ojibak egiten hasi ziren.
Gerra amaitu ondoren, hainbesteko ospea eman zioten fresatzeko makina unibertsalak fabrikatzeari ekin zion atzera; izan ere, makina haiek sendotasun, kalitate eta zehaztasun handikoak ziren. F0 modeloa abiapuntu hartuta, modelo berriak garatu zituen: F1, F2, F3, F4 eta F5C.
1953. urtean 729.843,07 pezetatako kapitala zuen eta lantegiaren deskribapen hau egiten zuen: “Fabrika, makinen tailer batek eta muntaketarako beste batek osatua dago, gainera sutegi eta makinak pintatzeko sailak ditu, eta biltegi eta bulegoetako beste batzuk ere. Halaber, gaur egun Fundiciones Apestegui izenarekin erabiltzen duen burdina galdategi bat ere badu, eta baita laborategi bat ere.
Lantegiaren ondoan dagoen Urola trenbideren linea erabiltzen du hornikuntzarako eta bere merkantziak banatzeko, eta garraiorako kamioak lantegiaren barruraino sartzea daukate. Doitasun-makinen mekanizazio eta muntaiak osatzen dute fabrikazio-prozesua.”
60ko hamarkadako azken urteetan, aldaketa garrantzitsu bat egin zuen enpresako produktuen estrategian, eta merkeagoa zen fresatzeko makina mota bat fabrikatzeari ekin zion. Hala, dorretxodun fresatzeko makinak egiten hasi zen, ‘Bridgeport’ motakoak, eta modelo sorta zabal bat garatu zuten: F10V, F11V, Super F12V, F13V edo F14P. Garatu zuen, baita ere, zulatzeko-fresatzeko makinen sorta bat F1V, F7V eta F8V modeloekin. 1973 inguruan, zenbakizko kontrola sartu zuen fabrikazioan, eta modelo hauek egin zituen, besteak beste: CNC-1, F15-CNC-A, MNC 363 ADX, F16-CNC erreminta-biltegi eta guzti, eta F20-CNC-R.
Aipagarria da dorretxodun fresatzeko makinetan erabilitako teknologia Hegoafrikako MITCO enpresara transferitu zutela.
Urtean egiten zituzten fresatzeko makina unibertsalen kopurua 20tik 25era artekoa zen, makina motaren eta tamainaren arabera. Aldiz, dorretxodun fresatzeko makinak ehun baino gehiago egiten zituzten hilabetean. Hain zuzen ere, Alemaniako banatzaile garrantzitsu batentzat hilabetean 100 egin zituzten, bi urtez.
Makina-erremintaren krisi-garaietan, besteentzako lanak edo bere sektorekoa ez zen beste produktu bat ere egin zituen. Esate baterako, 1946an edo 1947an, direkzio-mangetak eta gurpil-abatzak fabrikatu zituzten traktoreetarako; eta 1950ko maiatzean, Yeregui Hermanosen lizentzia edukita, baimena eskatu zioten Industria Ordezkaritzari 10/12 ZPko diesel motorrak ekoizteko, ‘HOYE’ markakoak (HOlke-YEregui). Eskaera horren ondorioz, Bilboko Babcock & Wilcox enpresak aurka egiteko helegite bat jarri zuen. Hala eta guztiz ere, helegitearen eragozpena gainditu ondoren, proiektua burutzeko aukera izan zuten, eta motorrak fabrikatzen hasi ziren, serie txikitan. Besteak beste, Balear Uharteetako merkaturako ur-putzuetarako ponpa ekoitzi zituzten, eta itsasontzien argiztatze-sistemetarako motor laguntzaileak. Adibidez, Isturiz kabotaje itsasontziari, Zumaiako portuan askotan egoten zen bati, jarri zioten halako motor bat, Otto Holke enpresako langile ohia den Antonio Granadosek gogoan duenez.
Aipagarria da sendotasun eta zehaztasun berezia zuten zenbait tornu, ekoizpen-lanetan erabiltzen zirenak, enpresan bertan egin zituztela, gerraosteko urteetan.
Fabrikazioaren kalitatea hobetzeko, aurrerapen teknikoak aplikatzeko kezka izaten zuen Otto Holkek, aitzindaria baitzen. Horren erakusgarri gisa, aipatzeko modukoa da Estatu espainolean ‘Polygon’ artezteko makina sartu zuen lehenengoetako bat izan zela, 1953ean. Ebakitzeko erremintetan zeramikazko plakatxoak erabiltzen ere lehenengoetako izan zen.
1953. urtean makina hauek zeuzkan: 2 mandrinatzeko makina, 7 fresatzeko makina, 5 karrakatzeko makina, 20 tornu, 3 artezteko makina, 8 zulagailu, arrabotatzeko makina bat, 2 zerra, esmerilagailu bat, konpresore bat, karrakatzeko makina bertikal bat eta zorrozteko makina bat. Indar eragilea, energia elektrikoa, Iberduero enpresatik zetorren eta instalatutako potentzia 83 ZPkoa zen; urteko kontsumoa 90.000 Kw-ekoa zen.
Enpresan, jarduerari ekin zionean 30 langile zituen, 1950ean 80ra iritsi ziren, 92 hiru urte geroago eta 50eko hamarkadaren azken aldera, berriz, 115 langile. 1950. urtean, enpresako langileen soldatak egunean 5,20 pezetatik 40 pezetara artekoak ziren.